Albisteak

Albistea

Mojinos Escozios, DJ Oihan Vega eta Emilio Zamora Stuntmana X. Magurios motorren kontzentrazioa Bermeon, ekainaren 14, 15 eta 16an

Izaro Bikers Bermeo taldeak X. Magurios Motorren Kontzentrazioa antolatu du ekainaren 14, 15 eta 16an Bermeon eta aurten ere programa berezi eta erakargarria izango du; izan ere, Mojinos Escozios, DJ Oihan Vega eta Haxotz taldeen kontzertuekin gozatzeko aukera izango dugu. Horrez gain, Emilio Zamoraren, gaur eguneko Stuntman (zinemako espezialista) hoberenaren, ikuskizuna ikusteko aukera egongo da, besteak beste. Aipatu ekitaldi horien sarrera irekia eta dohainik izango da.

Emilio Hormaetxebarriak eta Zigor Sasiainek, Izaro Bikers Bermeo taldeko presidenteak eta ordezkariak, hurrenez hurren; eta Aingeru Astuik, Bermeoko jarduneko Kultura zinegotziak, Magurios, motorren X. kontzentrazioa aurkeztu dute gaur Bermeon eta aurtengo edizioa kanposantu aurreko zelaian izango dela jakinarazi dute.

Hormaetxebarriak adierazi duenez, Izaro Bikers Bermeo taldearen helburua da “Magurios Bizkaiko moto kontzentrazio garrantzitsuenetariko bat bezala finkatzea” eta euren “ilusioa” da leku askotako motorzaleak erakartzea”. Era berean, azpimarratu duenez, Izaro Bikers taldearentzat “pozgarria” da “Mojinos Escozios bezalako talde baten kontzertua, DJ Oihan Vegaren saioa eta Emilio Zamora stuntman hoberenaren ikuskizuna eskaintzea eta, gainera, dohainik”. “Azken finean, gure helburua da ekainaren 14an, 15ean eta 16an motor eta itsas munduak bat egitea eta Magurios-en parte hartzen duten pertsona guztiek ondo pasatzea”, azpimarratu du.

Programa zabala

Hormaetxebarriak Maguriosek programa zabala, indartsua eta erakargarria izango duela nabarmendu du. Magurios Motorren kontzentrazioa ekainaren 14an, barikuan, hasiko da, 20:00etan, txosnaren irekiarekin. Ongi etorria emateko bertaratutakoek berakatz-sopa gozoa hartzeko aukera izango dute.

Ekainaren 15ean, zapatuan, goizeko 10:00etan izena ematea zabalduko da eta, 11:30ean Urdaibai eskualdetik motorrekin ibilbidea egingo dute motorzaleek, “gure paisaia izugarriak toki guztietako motorzaleei ezagutarazteko asmoarekin”. Era berean, Bermeotik bisita gidatuak egingo dituzte. Ekimen hori berria da Magurios-en programan eta, horren bidez, kanpotik datozen pertsonei Bermeoko altxorrak erakutsi nahi dizkie.

18:30ean Emilio Zamora stuntman famatuaren erakusketa ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Emilio Zamora Ducatiko stunt talde ofizialaren kidea da 2005etik, “gure ustez, gaur egunean dagoen stuntmanik hoberena eta errekor guinness bi duen bakarra”.

Indarrak berritzeko gaueko 21:00etan afaria izango da eta, 22:30ean musikaren txanda izango da. Lehenik eta behin, Haxotz taldearen kontzertua izango da eta, ondoren, Mojinos Escozios talde kataluniar famatuaren hard rock eta heavy metal musika kontzertuarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Mojinos Escozios taldearen berezitasuna, batez ere, abestien letrak dira, oso sinpleak baina humoretsuak baitira. Taldeko abeslari eta burua Miguel Ángel Rodríguez «El Sevilla» da. Musika talde honen abestietan ospe handiko taldeen eragina nabaritzen da, hala nola, AC/DC, Deep Purple, Jethro Tull, Judas Priest, Iron Maiden edo Metallica bezalako hard rock eta heavy metal taldeena.

Jaiak aurrera jarraituko du, DJ Oihan Vega irrati eta telebistako esatari famatuaren soinuekin eta egun Euskal Herriko DJ garrantzitsuenetarikoaren saioarekin. “Beraz, giro ederra eta musikarekin gozatzeko aukera paregabea izango dugu kontzertu horietan zapatuan Bermeon”, adierazi dute Astuik eta Izaro Biker Bermeo taldeko ordezkariek.

Ekainaren 16an, domekan, 10:00etan izena emateko aukera zabalduko da. 11:00etatik 12:30era motorrekin ibilbidea egingo da eta 13:00etan, berriro ere, Matxitxako bidean Emilio Zamora stuntman famatuaren erakusketarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutako guztiek, 14:30ean bazkaria eta oparien zozketak egingo dira jaiari amaiera emateko.

Izena emateko aukera asteburu osoan egongo da: asteburu osoa 20 euro izango da, egun bakarra 12 euro eta 200 kilometro baino urrunagotik datozen gidariek prezio berezia izango dute, 10 euro, hain zuzen ere. Prezioaren barne honakoak sartzen dira: ekainaren 14ko ongi etorriko berakatz-sopa, ekainaren 15eko bazkari eta afaria, ekainaren 16ko bazkaria, kanpaldi gunea, dutxa zerbitzua, zozketak eta motoentzako zaindutako aparkalekua.

Beraz, Astuik eta Izaro Bikers taldeko kideek adierazi dutenez, “ekainaren 14an, 15ean, eta 16an Bermeon motorren munduarekin, kontzertuekin, eta giro izugarriaren gozatzeko aukera paregabea izango dugu eta mundu guztia egun horietan Maguriosera etortzera gonbidatzen dugu”. “Itsas munduak, motor munduak eta bisitatzera etorri nahi duten guztiek asteburu honetan Bermeon bat egitea eta gozatzea nahi dugu”, gaineratu dute.

Izaro Bikers taldea

Bermeoko Izaro Bikers taldea 2008an sortu zen urte eta gaur egun 168 bazkidek osatzen dute elkartea. Bere helburua da motorrean ibiltzeko zaletasuna bultzatzea eta, ahal duten heinean, Bermeoko Udalari zein elkarteei laguntzea. Horrela, hamar urte hauetan honako ekintzetan lagundu dute: Herri lasterketa, Demikuko martxa, Triathloia, Arrain Azoka, Txirrindu lasterketa, jostailuen eta elikagaien bilketa… Hormaetxebarriak azaldu duenez, Izaro Bikersen helburu bat da motorraren mundua Bermeon integratzea eta errealak ez diren estereotipoak ezabatzea.

11 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0