Albisteak

Albistea

Udalak auzo-taxi zerbitzua martxan jarriko du auzoetako herritarrei herrira etortzeko erraztasunak emateko

Bermeoko Udalak auzo-taxi zerbitzua martxan jarriko du apirilean herriko auzoetan bizi diren herritarrei herrira etortzeko erraztasunak emateko, izan ere, kasu batzuetan auzoetako bizilagunek ez dute herrira etortzeko erarik eta egoera horri konponbidea eman nahi dio Udalak auzo-taxiarekin.

Horrela, azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Amaia Elorzak, Lugintza zinegotziak, eta Irune Ormaetxeak, Urigintza, Merkataritza eta Turismo zinegotziak. Joan den eguaztenean, martxoaren 4an, egindako Osoko Bilkuran Auzo-taxi zerbitzua erabiltzeagatik diru-laguntzak emateko oinarri bereziak onartu ziren.

Elorzak azaldu duenez, auzo-taxi zerbitzuarekin, hau erabili behar duten auzoetako herritarrentzat taxiaren kostea gutxitzen da, hau da, Bermeoko Udalak auzo-taxiarekin eskainiko den zerbitzuaren tarifaren %65a ordainduko du eta bezeroak %35a.

Hortaz, lau kilometro edo gutxiagora dauden auzoen kasuan, auzo-taxiaren tarifa 7 eurokoa da eta horietatik 4,55 ordainduko du Udalak eta 2,45 bezeroak. Lau kilometro baino urrunago dauden auzoen kasuan, tarifa 11 eurotakoa da eta horretatik 7,15 ordainduko du Udalak eta 3,85 bezeroak. Gaueko zerbitzuen kasuan 20 euroko tarifa dute eta 13 euro ordainduko du Udalak eta 7 bezeroek. Erabiltzaileek zerbitzua erabiltzen dutenean eurei dagokien partea (%35a) soilik ordaindu beharko dute.

Erabiltzaileak

Auzo-taxi zerbitzuaren erabiltzaileak Agirre, Almika, Arane, Arronategi, Artika, Demiku, Gibelortzaga (San Pelaio), Kurtzio (Sarren), Mañu, San Andres eta San Migelen bizi diren herritarrak izan daitezke. Auzo-taxien zerbitzua erabili ahal izango dute ez dutenean aukerarik beste garraiobide bat erabiltzeko eta gauean zerbitzu hau erabili ahal izango da larrialdiko kasuetan, hau da, Bermeoko anbulatoriora joan ahal izateko.

Zerbitzu hau eskaintzen duten taxistek erabiltzaileei Bermeoko Udalak emandako txartel pertsonala eskatuko die, bertan auzo horietako bizilagunak direla egiaztatuko da eta. Txartel hau martxoaren 23tik aurrera eskuratu ahal izango dute aipatutako auzoetako bizilagunek Berhaz bulegoan.

Ahal denean, erabiltzaileei zerbitzu hau behar izango dutela aurreko eguneko 19:00ak baino lehenago abisatzea eskatzen zaie, larrialdiko kasuetan izan ezik. Gune berdinetik zerbitzua erabiltzaile batek baino gehiago eskatzen badu, ibilgailuaren erabilera partekatua bultzatuko da.

“Pentsatzen dugu zerbitzu honek garraiobiderik ez duten auzoetako biztanleen mugikortasuna asko hobetuko duela eta euren bizitza erraztuko duela, hori izan da gure helburua auzo-taxi zerbitzu honekin eta pozik gaude martxan jarriko delako”, adierazi dute Elorzak eta Ormaetxeak.  

06 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0