Albisteak

Albistea

Landa auzoetan altzariak, etxetresna elektrikoak eta sastarrak gero eta gehiago botatzen ari direla salatu du Udalak

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko zinegotziak, salatu duenez, azken aldi honetan, Arane eta Mañu auzoetan batez ere, hainbat aldiz agertu dira altzariak, etxetresna elektrikoak, hondakin arriskutsuak eta sastarrak botata.  “Esate baterako, joan den azaroaren 23an Araneko miradorean hainbat gauza aurkitu ditugu botata: telebistak, su-itzaltzaileak, ordenagailuak, sofa batzuk …”, azaldu du. 

Ildo berean, adierazi duenez, aurreko  astean, Enagas plantaren inguruan, hainbat gurpil zahar eta txatarra botata agertu ziren baso pista baten ertzean. Aste berean, Sollubeko antenarako bidean, uralita teilatu bat ere agertu zen beste pista baten. Alkateordeak salatu duenez, herria eta gure auzoak zikinkeriaz betetzen dituzten jarrera horiek “ez dira bidezkoak”. 

Horrez gain, badaudela altzariak eta etxetresna elektrikoak biltzeko zerbitzuak adierazi du Ibarrolazak, “dohainekoak gainera”. Ildo horretan, adierazi duenez, Bermeon bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daude; alde batetik, Garbigunea, eta, beste alde batetik, etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua. Bi zerbitzu horiek dohainak dira herritarrentzako. 

Ibarrolazak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzarekin bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua eskaintzen du. Altzari zaharrak batzeko eguna eguaztena da eta altzariok martitzen gauean utzi behar dira kolar aurrean edota sastar batze puntu gertuenean, betiere, edukiontzien batze zerbitzua oztopatu barik. Aurretiaz abisatzea derrigorrezkoa da telefono honetan: 94 612 11 77. Abisuak zuzenean emateko ordutegia honakoa da: neguan 7:30etik 16:30era eta udan 7:30etik 15:30era. 

Bestalde, adierazi duenez, Garbigunea ere badaukagu Bermeon, Landabasoko industrialdean, eta bertara altzariak, etxetresna elektrikoak eta beste zenbait gauza eraman daitezke; izan ere, Garbiguneak etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak dira. Garbigunearen telefonoa 946187186 da eta ordutegia astelehenetik barikura 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara eta zapatuetan 9:00etatik 13:30era. 

Sastarrei dagokienez, “mesedez, dagozkien edukiontzi barrura botatzeko eta inguruan ez uzteko” eskatu die herritarrei: Papera eta kartoia edukiontzi urdinera, beira berdera, plastikozko ontziak eta latak horira eta beste era bateko sastarrak berde ilunera, besteak beste. 

“Herria guztion artean zaindu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da gure herria eta gure auzoak garbi mantentzea”, azpimarratu du. 

28 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0