Albistea
-“Zeurie be bada" garbiketa-kanpainaren barruan kokatutako proiektua da, eta txikienen artean birziklatze-ohitura onak transmititzea du helburu
-Guztira, Bermeoko 4 ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako 120 ikasle inguruk hartu dute parte
Bermeon, 2023ko ekainaren 8an.- Gaur goizean bertan banatu dira Bermeoko Udalak iaz abian jarritako “Zeurie be bada” garbiketa kanpainaren barruan antolatutako Birziklarte birziklatze lehiaketako sariak. Lehiaketa honen bitartez birziklapena sustatzea eta txikienen artean birziklatzeko ohitura onak transmititu nahi izan da. Guztira, Bermeoko 4 ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako 120 ikasle inguruk hartu dute parte.
Ikasleek Aritz Abaroa jarduneko alkatearen eskutik jaso dute saria, zeinak Bermeoko lau ikastetxeetako haurrek materialak berrerabiliz objektu berriak sortzeko egin duten lan eta ahalegin handiari balioa eman nahi izan dion.
Asko dira etxean, eskolan, kaleetan… aurkitzen ditugun objektuak itxuraz ezertarako balio ez dutenak. Baina batzuetan, gauzak ez dira diruditen bezalakoak; izan ere, gure irudimenari esker, objektu berriak sor ditzakegu erabiltzen ez ditugun beste batzuekin. Hala da, sarritan botatzen ditugun hondakinek bizitza asko izan ditzakete oraindik, hori dela eta, Birziklarte izeneko lehiaketa hau ideia sortzaile bezain praktikoak biltzeko sortu da, lehen zaborra zegoen lekuetan tresnak egiteko, hain zuzen ere.
Epaimahaia Benito Barrueta Arte Elkarteko, Garbikerreko eta Bermeoko Udaleko ingurumen teknikari batek eta kultura teknikari batek osatu dute. Taldearen arabera, oso zaila izan da irabazleak aukeratzea; izan ere, ikasle guztiek maila handia erakutsi dute, “harrigarria izan da haien irudimena eta egindako lana eta ahalegina. Zalantzarik gabe, Bermeoko ikasle horien artean artista bat baino gehiago aterako da” ziurtatu dute. Epaimahaiak lan handia izan duen arren, azkenean proiektu irabazleak aukeratu ditu originaltasuna, erabilgarritasuna, konplexutasuna eta birziklatutako material kantitatearen irizpideak kontuan hartuta.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako kategoriako 1. saria San Frantzisko eskolak irabazi du, eta 2. saria Eleizalde Ikastolak. Bestalde, DBHko 1. eta 2. mailako 1. eta 2. sariak Eleizalde Ikastolarentzat izan dira. Horrela, irabazleek zurezko garaikur bat, birziklatutako materialez egindako motxila bat eta Mungiako Koopera Reusing Center eta Zornotzako Bizkaiko Zabor Berziklategia birziklatzeko plantetara irteera bat irabazi dituzte. Bertan, birziklatzeko plantek nola funtzionatzen duten ezagutu ahal izango dute, baita berrerabiltzeak eta birziklatzeak enplegua sortzeko, hondakinak murrizteko eta garapenerako lankidetza-proiektuak babesteko bitarteko gisa duten garrantzia ere.
010 (94 617 91 00)