Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 3.000 euro baino gehiago gastatu ditu herriko pintadak kentzen urtea hasi denetik

-50 grafiti baino gehiago ezabatu dira herriko puntu ezberdinetan urtarrila, otsaila eta martxoa bitartean

-Udaltzaingoak azkenengo 6 hilabeteetan 8 pertsona identifikatu ditu pintadak egiteagatik

Bermeon, 2022ko martxoaren 18an.-  Bermeoko Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Bermeo garbi bat izatea. Helburu hau betetzeko, besteak beste, 2021eko urrian herriko alde zaharreko pintadak kentzeko kanpaina hasi zuen. Oraingoan, ordea, urtarrilaren 1etik aurrera bigarren kanpaina bat martxan jarri da herri osoan zehar grafitiak kentzeko. Urteko lehen egunetik gaur arte 3.000 euro baino gehiago bideratu dira herriko puntu ezberdinetan pintadak kentzera.

Guztira, bigarren kanpaina honetan, 2022an zehar 50 pintada baino gehiago ezabatu dira Bermeo garbi mantentzeko. Gainera, Udaltzaingoak, azkenengo 6 hilabeteetan, 8 pertsona identifikatu ditu herrian grafitiak egiteagatik. “Bermeo garbi eta itxuroso bat izan nahi badugu behar beharrezkoa da herria zaintzea. Honelako jarrerek ez dute tokirik gure herrian. Gainera, bermeotar guztiok zergen bidez ordaintzen ditugu garbiketa lan hauek. Diru hori beste proiektu askora bideratu genezake. Udaltzaingoak bere lana egiten jarraituko du”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Zenbait kasutan, produktu egokiak erabiliz, pintada hauek garbitu ahal izan dira. Beste kasu batzuetan, ordea, pareta bera berriz ere margoztu behar izan da. Langileak jatorrizko kolorea mantentzen saiatu dira, originala ahalik eta gehien errespetatuz. Aipatu beharra dago hainbat grafiti eraikin pribatuetan daudela eta horiek garbitzeko beharrezkoa dela jabearen baimena izatea.

18 / 03 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0