Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ‘Suteei Aurrea Hartzeko Eguna’ antolatu du herriko ikastetxeetako ikasleei bideratuta

-Ekimena, Udalak suteen prebentziorako aurrera daraman estrategia orokorraren barruan sartzen da

Bermeon, 2023ko urriaren 30ean.- Bermeoko Udalak “Suteei Aurrea Hartzeko Eguna” antolatu du herriko ikastetxeetako DLH 5. eta 6. ikasturteetako ikasleei bideratuta. Udalaren helburu nagusietakoa da herritarrak gai garrantzitsu honen gainean sentsibilizatzea eta kontzientziatzea eta, hau dela eta, Mapfre Fundazioak eta Asociación Profesional de Técnicos de Bomberos (APTB) elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Suteen prebentzio zerbitzuarekin (suhiltzaleak) eta Bermeoko Gurutze Gorriarekin elkarlanean antolatu duten ekimena kostaldeko herrira ekartzea erabaki du.

Bermeok hainbat sute jasan ditu azken hamarkadan, eta hori oso barruan geratu da sartuta bermeotarren oroimenean. Gai horren gainean oso sentsibilizatuta dagoen Udalak, herritarrak kontzientziatzeko, informatzeko eta laguntzeko estrategia du definituta, eta hainbat egitasmoren bitartez eramaten du aurrera urtean zehar. Eta hor sartzen da, hain zuzen ere, Mapfre Fundazioak eta Asociación Profesional de Técnicos de Bomberos (APTB) elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Suteen prebentzio zerbitzuarekin (suhiltzaleak) eta Bermeoko Gurutze Gorriarekin elkarlanean antolatutako ‘Suteei Aurrea Hartzeko Eguna’.

Ikastetxeak dira ekimenaren hartzaileak, izan ere, suteen prebentziorako tailerren bitartez, txikienek prebentzioarekin erlazionatutako ohiturak hartzea bilatzen da, euren familia ingurunearen hezitzaile bilaka daitezen.

Jarduera Bermeoko Goiko Plazan burutuko da, urriaren 30ean. Bertan, Mapfre Fundazioak karpa bat instalatuko du eta suhiltzaileek eta Gurutze Gorriako kideek auto-babeserako hainbat ezagutza zabalduko dituzte. Karparen barruan, sute simulakroa jasoko duen zirkuitua egongo da, partaideek larrialdi egoera baten aurrean zelan erreakzionatu ikas dezaten. Horrez gain, lehen laguntzetako tailer bat ere egongo da, beste gauza batzuen artean Bihotz-Birikietako Bizkortzea (BBB-RCP) praktikatzeko, suhiltzaileen materialarekin herritarrek zuzenean jakin dezaten zelan egiten duten lan (kamioiak, mahukak, kaskoak…).

Nadia Nemeh Shomaly alkateak adierazi duenez, “ezinbestekoa da gure txikiek suteen aurrean nola jokatu behar duten jakitea. Heziketa egokiarekin, gure haurrei prest eta seguru egoten lagun diezaiekegu. Suteak saihesteko eta larrialdietan nola jokatu jakiteko, gure gazteenei funtsezko trebetasunak eta ezagutzak ematea da tailer honen helburua”.

30 / 10 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0