Albisteak

Albistea

Gizarte Ongizaterako Sailak Mugi Dantza Tailerra eskainiko du bosgarrenez

  • Gorputza eta mugimendua dira parte-hartzaileek lan egiteko erabiltzen dituzten tresna nagusienak, esperientziak gorputzetara eroanez.

Aurreko urteetako emaitza onak eta parte-hartzea kontuan izanik, aurten ere, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Sailak, Mugi Dantza Tailerra eskainiko du. Gizarte Ongizaterako Saileko erabiltzaile diren emakumeei zuzendutako programa da, eta aurten bosgarrenez eskainiko da. Bost saio izango dira, arratsaldez, eta udal zaharren egoitzako gimnasioan batuko dira; eguaztenean izango dute lehenengo saioa, 18:00etatik 20:00etara. Hain zuzen ere, Mugi, Dantza Mugimendu Terapiak elkarteak eskainiko du tailerra.

Programa hau doakoa da, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna, Lankidetza eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusiko diru- laguntza bati esker.

Saio horietan, taldeko esperientziaren bitartez, gorputza eta burmuinaren arteko konexioa lantzen dira, mugimendu eta emozioen artekoa, emakumeen ahalduntzea eta jabekuntza sustatzeko helburuarekin, gure gizartean emakume eta gizonen berdintasuna indartzeko tresna desberdinak eskainiz, eta haien arteko sareak indartuz.

Gorputza eta mugimendua dira parte-hartzaileek lan egiteko erabiltzen dituzten tresna nagusienak, esperientziak gorputzetara eroanez. Horretarako, dantza eta mugimendu sortzaileen bitartez, ikerketa pertsonalerako espazio bat proposatzen dute, ahaztuta edota erdi lo izaten diren gorputzekin konektatuz. Pertsona bakoitzak bere gorputzarekin duen harremanean sakonduko du, eta esplorazio eta mugimendu sortzaileen bitartez, bakoitzaren identitatearen ezagupenean sakontzen dute.

Gorputzaren kontzientzia indartzeak, gorputzaren eta identitatearen onarpena eta zaintzea ondorioztatzen ditu, eskubideak, beharrizanak, indarrak, emozioak eta limiteen ezagupenean sakonduz. Horrez gain, gorputzaren maitasuna eta onarpena landuko dituzte; gorputzak pertsona bakoitzaren izatearen informazioa ematen duelako. “Emakumeok gure gorputzean sufritzen ditugu gizarte patriarkal honen ondorioak, eta horiek gure izatearen askatasunaren kontra doaz”, adierazi dute Mugi, Dantza Mugimendu Terapiak elkartetik.

Gizarte Ongizaterako Sailetik azaldu dute esperientzia modu “oso positiboan” baloratu izan dela parte-hartzaileen artean, eta bertan parte hartzen duten emakumeak eskertuta egoten direla.

Adin tarte eta herrialde desberdinetako 10-15 emakume inguru batzen dira taldean, eta euren artean sare “polita” sortzen dutela diote, “hori da gehien baloratzen dutena”. Izan ere, aipatzen dutenez, auto-zaintzarako espazio seguru bat aurkitzen dute bertan, eta talde baten parte sentitzeaz gain, gorputzaren kontzientzia hartzeko balio izaten die, eta berarekin harremanetan sakontzeko.

28 / 01 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0