Albistea
Bizkaiko Foru Aldundiko Garbiker Soziedade Publikoak Garbigune mugikorra ezarriko du Bermeoko Erreten Lameran, autobusen geltokian, abenduaren 26tik 28ra. Helburu nagusia da zerbitzu hori herritarrei hurbiltzea, horrela, hondakinen kudeaketa egokia errazteko. Garbigune mugikorraren zerbitzua konpartimentuak dituen edukiontzi bat da, diseinu atseginekoa.
Ildo horretan, herritarrek honako materialak itxi ahal izango dituzte Garbigune mugikorrean: pilak, mugikorrak eta gailu elektroniko txikiak, TEEH txikiak (plantxak, irabiagailuak, mikrouhin-labeak…), sukaldeko tresneria (zartaginak, lapikoak…), lanparak eta fluoreszenteak, erradiografiak, kontsumigarri informatikoak era kableak, etxeko olioa, kutsaturiko metalezko eta plastikozko ontziak (pintura eta disolbatzaileak), kutsaturiko xurgatzaileak (pintura eta disolbatzaileak) eta kafe kapsulak. Benito Ibarrolazak, Bermeoko Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko zinegotziak, herritarrak abenduaren 26tik 28ra Garbigune mugikorra erabiltzera animatu ditu.
Ibarrolazak adierazi duenez, azken asteotan “Bermeoko hainbat kaletan eta auzoetan ere bai, altzariak, etxetresna elektrikoak eta sastarrak ikusten ari gara kalean, edukiontzien inguruan, botata, zikinkeria sortuz, eta herriaren irudi onaren kalterako”. Alkateordeak salatu duenez, herria zikinkeriaz betetzen dituzten jarrera horiek “ez dira bidezkoak” eta “isunak 500 eurokoak izan daitezke”.
Ildo horretan, adierazi duenez, Bermeon bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daude; alde batetik, Garbigunea, eta, beste alde batetik, etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua, biak dohainekoak. Horrela, zerbitzu horiek erabiltzeko eta sastarrak beti ere dagozkien edukiontzi barnera botatzeko eskatu die herritarrei.
Ibarrolazak esan duenez, Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzarekin bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua eskaintzen du. Altzari zaharrak batzeko eguna eguaztena da eta altzariok martitzen gauean utzi behar dira kolar aurrean edota sastar batze puntu gertuenean, betiere, edukiontzien batze zerbitzua oztopatu barik. Aurretiaz abisatzea derrigorrezkoa da telefono honetan: 94 612 11 77. Abisuak zuzenean emateko ordutegia honakoa da: neguan 7:30etik 16:30era eta udan 7:30etik 15:30era.
Bestalde, adierazi duenez, Garbigunea ere badaukagu Bermeon, Landabasoko industrialdean, eta bertara altzariak eta etxetresna elektrikoak eraman daitezke; izan ere, Garbiguneak etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak dira. Garbigunearen telefonoa 946187186 da eta ordutegia astelehenetik barikura 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara eta zapatuetan 9:00etatik 13:30era.
Sastarrei dagokienez, “mesedez dagozkien edukiontzi barrura botatzeko eta inguruan ez uzteko” eskatu die herritarrei: Papera eta kartoia edukiontzi urdinera, beira berdera, plastikozko ontziak eta latak horira eta beste era bateko sastarrak berde ilunera, besteak beste.
“Gure herria garbi eta politxo mantendu nahi badugu ezinbestekoa da zerbitzu horiek erabiltzea, eta hondakinak dagozkien lekuetan uztea eta ez edukiontzien inguruetan botata. Bermeoko Udala ahalegin handia egiten ari da Bermeo garbi mantentzeko eta horretarako azken urteetan neurriak indartu ditugu eta emaitzak gure kaleetan ikus daitezke, baina herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa da Bermeo garbi-garbi mantentzeko”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)