Albisteak

Albistea

Bermeoko jaiak bete-betean gozatzeko garbitasun zerbitzuak indartuko dira eta aldaketak egongo dira hainbat zerbitzuetan

Sareginek, Erroxapek eta Bermeoko Udalak jaietan eraso sexisten kontrako kanpaina abiaraziko dute

 

 

Irailaren 7tik 16ra ospatuko diren Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritarrek bete-betean gozatzeko, hainbat aldaketa izango dira herriko trafikoan eta sastar batze zerbitzuan. Horrez gain, garbiketa zerbitzuak indartuko dira herria ahalik eta garbien izateko jaietan. Bestalde, aurten Sareginek, Erroxapek eta Bermeoko Udalak elkarlanean jaietan eraso sexisten kontrako kanpaina bat martxan jarriko dute. 

Guzti horren berri eman dute gaurko prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak; Iñigo Gonzalezek, Zerbitzuetako teknikariak;  Bakarne Fernándezek Sareginek taldeko ordezkariak, eta Mari José Lópezek Erroxapeko ordezkariak. 

Ibarrolazak adierazi duenez, hartutako neurriak egun berezi hauetan “trafikoa bideratzea eta herria ahalik eta garbien izatea ahalbideratuko dute. Horrela, jaietako ekimenak ospatu ahal izango dira, eta, guztiok, bermeotarrak eta kanpotik datozenak, jaiekin disfrutatu ahal izango dugu”. Eraso sexisten kontrako mezu garbia eman dute Bermeoko alkateak eta Sareginek eta Erroxape taldeetako ordezkariek. 

Barrakak, saltzaile ibiltariak eta txosnak 

Zerbitzuei dagokienez, Ibarrolazak azaldu duenez, aurten ere barrakak Olatua eskulturaren inguruan daude, eta aurten prezioak iaz baino merkeagoak izango dira. Honakoak izango dira: umeen atrakzioak 2 euro bidaia (bonoa 10 euro zazpi bidaia- 1,43 euro bidaia), eta nagusienak 2,50 euro bidaia (bonoa 10 euro 6 bidaia- 1,67 euro bidaia). 

Egun herrikoiak joan den irailaren 1 eta irailaren 12an eta 17an (martitzena eta domeka) dira, eta egun horietan barrakek prezio merkeagoa dute, 1,20 euro baita ume eta nagusientzako barraken bidaiaren prezioa. 

Ibarrolazak adierazi duenez, Bermeoko Udalak Portu Zuzendaritzak adierazitakoarekin bat egiten du eta Ronpeolas eta blokeen ingurua ez dela jolastoki bat gogoratu nahi du. Hortaz, blokeen aldean ez ibiltzea eskatu du, istripuak saihesteko helburuarekin. 

Saltzaile ibiltarien kasuan, 6 postu izango dira eta Erreten Lameran kokatuko dira irailaren 7tik 16ra. Txosnen kasuan aurten bakarra izango da, txosna handia, hain zuzen ere, eta horrek 30 metroko luzera eta 10 metroko zabalera duen karpa bat izango du, eguraldiak laguntzen ez badu ere bertan egoteko aukera paregabea eskainiko duena. Txosna irailaren 7tik 16ra arte egongo da, Artzako kaiaren parean, Lamerako eszenatokitik hurbil. 

Horrela, jai eremua Lamera, Artzako kaia, Erribera, Erreten, Alde Zaharra eta Olatua izango dira eta, Zerbitzu Saileko zinegotziak adierazi duenez, “asmoa da jai egunetan toki horietan oinezkoei lehentasuna ematea”. 

Trafikoa, aparkalekuak eta garraio publikoa 

Artzako kaia jai-gune nagusienetarikoa izango denez, Artzako biribilgunetik (kasinoaren ondoan) portura joateko sarrera itxita egongo da irailaren 4tik 19ra arte. Zamalanak egiteko ordutegia 8:00etatik 12:00etara izango da, eta ordu horietan bizilagunak dauzkaten beharrizanetarako sartu ahal izango dira. Lamera- Portuzarra gune guztia hutsik egon beharko da, eta ezin izango da kotxerik atera handik, ezta gune horietan aparkatuta izan. 

Alde Zaharraren kasuan, Arostegitik liburutegira doan kalea itxita geldituko da jai egunetan, baina herritarrek Alde Zaharrerako sarrera Intxausti kaletik izango dute eta irteera Nardiz tar Jon kaletik. 

Hainbat jai ekintza burutu ahal izateko (danborradak…) trafikoa saihesbidetik desbideratu beharko da. Era berean, irailaren 16an, goizean, Artzako biribilgunetik, Fielato enparantzarainoko zeharbidean trafikoa itxiko da baserri eta abere azokak direla eta.  

Zerbitzuetako zinegotziak jaietan kotxea ahalik eta gutxien erabiltzea eskatu du. Bermibusek irailaren 7, 11, 12, 13, 14 eta 15ean zerbitzua eskainiko du eta Lamerako geltokia Santamañe kalera aldatuko da. Era berean, Bizkaibus zerbitzuko geralekua, irailaren 4tik 18ra, Santamañe kalera aldatuko da Gernikatik doan autobusentzako eta Zubiaur tar Kepa, azokaren parean izango da, Mungiatik Bilbora eta Bakiora doazen autobusentzat. Taxi zerbitzuaren geralekua Kasinoaren ondoan egongo da irailaren 4tik 18ra. Euskotrenek gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu irailaren 9, 15 eta 16an (www.euskotren.eus).

 

Ildo berean, kanpotik datozenak hainbat aparkaleku izango dituzte, hain zuzen ere,  Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko gune industrialean, San Andres-en eta Matxikorta kaian. Horrez gain, Bermeoko azokako parking-aren ordutegia zabalduko da eta honakoa izango da jai egunetan:  irailak 8, 10 eta 17an 22.00ak arte egongo da irekita, irailaren 15ean 23.00ak arte, eta irailaren 9 eta 16an gaueko 00:00ak arte. Herriko sarrera guztietan seinaleak jarriko dira horien kokapenaren berri emateko. 

Garbitasuna eta komun publikoak 

Bestalde, martxan dagoen ‘Denon artean Bermeo garbi garbi’ kanpainarekin lotuta, Ibarrolazak gogoratu du jaietan ere “guztion artean -Udala, tabernari, dendari, txosnak eta herritar guztion artean- herria zaindu eta garbi mantendu behar dugula”. “Herria txukun mantentzea gure erronka izan behar da, eta, horretarako, Udalak ahalegin bereziak egingo ditu; izan ere, garbiketa zerbitzuak indartuko dira jaietan irailaren  18ra arte”, azpimarratu du.

Horrela, errefortzu bezala, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago egongo da jai egunetan, gidari bat eta laguntzaile batekin. Horrez gain, Udaleko zerbitzuetako langileen errefortzua egingo da aipatutako egun horietan garbitasuna bermatzeko.

Zerbitzuetako zinegotziak sastarrak edukiontzietara botatzeko eta kanpoan ez uzteko eskatu du. Bereziki, botilak beiraren edukiontzietara eta kartoiak eta paperak edukiontzi urdinetara botatzeko eskatu du, besteak  beste.

Bestalde, gogoratu duenez, 9 komun publiko (kabina) eta beste 9 txizatoki ere ezarriko dira, eta, horiez gain,  komun publiko finkoak egongo dira Kasino aurrean eta txosna eremuan.

Sastar batze zerbitzuari dagokionez, irailaren 7tik 16ra 14:00etatik aurrera egingo dela eta irailaren 9an ez dela egongo jakinarazi du. Irailaren 17tik aurrera zerbitzua betiko moduan izango da.

Zerbitzu Saileko zinegotziak talko hautsak eta antzekoak ez erabiltzeko eskatu du. Bere esanetan, horien ondorioz,  “kaleek laban egiten dute eta hainbat herritar jausi egiten dira. Horrez gain, osasun-arriskuak sortarazten dituzte arnasa egitean birikietan gelditzen direlako”. “Gainera oso zaila da talko hautsa ondo garbitzea, kaleak ureztatuta ere, hainbat egun igaro beharko dira erabat garbitzeko”, gaineratu du.

Su artifizialak, estropadak eta segurtasuna

Irailaren 8ko eta 15eko su artifizialak direla eta, bai auzokideei eta bai arrantza eta kiroletako motorrei hainbat segurtasun neurri gomendatu die Zerbitzu zinegotziak istripurik ez egoteko. Horrela, azaldu duenez, motorrak farol berdetik ahalik eta urrunen utzi beharko dira, inguru horretatik botatzen dira suak eta. 

Horrez gain, “motorretako eskotilak eta ateak itxi beharko dira eta ezin izango dira utzi kubiertan ez sarerik, ez belarik ez surik hartu ahal duen beste gauzarik”. “Motorren batera fuetarik erortzen bada eta sua hartzeko arriskurik ikusita 112 telefonora deitzea eskatzen da”, esan du. 

Herritarren kasuan ere, balkoietako leiho eta ateak ixtea eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta egotea gomendatu du eta ez irtetea balkoi eta terrazetara. “Teilatu edo terrazaren batera fuetarik erortzen bada eta sutea hartzeko arriskurik ikusita Udaltzaingoari deitu hainbat arinen 092 telefonora”, adierazi du. 

Benito Ibarrolazak gogoratu duenez, betiko moduan, Udaltzaingoa 24 ordu egongo da lanean herriko segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Ildo horretan, herritarrei eskatu die kalteren bat ikusten badute edo abisuren bat eman nahi badute 94 617 9111 telefonora eta emergentzia egoeraren bat balego 092 telefonora deitzeko. 

‘Jaidxetan eraso sexistarik ez’

 

Bestalde, Bermeoko alkateak eta Sareginek eta Erroxape emakume taldeetako ordezkariek elkarlanean ‘Jaidxetan eraso sexistarik ez’ martxan jarriko duten kanpaina aurkeztu dute “erantzun aktiboa bultzatzeko eta tolerantziaren parte pasiboa ez izateko”.  Horrela, jai egunetan erasoei buruzko informazioa zabalduko da euskarri moduan kartelak, esku-orriak, serbilletak, pinak eta pegatinak erabiliz. Informazio hori tabernetan, txosna gunean eta hainbat leku publikoetan zabalduko dira. 

Idurre Bidegurenek adierazi duenez, “beste herri batzuetan gertatutakoak kontuan izanda, jaietan eraso sexisten kontrako kanpaina martxan jartzea beharrezkoa dela ikusi dugu”. 

Kanpaina horrekin hainbat helburu lortu nahi dira: eraso eta jarrera sexisten aurrean herritarrak informatzea eta aktibatzea; tabernarien aktibatze zuzena bultzatzea, baliabideak jartzea, erasotuari babesa laguntza eta babesa ematea, erasoa salatzea eta erasotzailea baztertzea edo kanporatzea

Horretarako, eraso larria gertatzen bada honako protokoloa jarriko da martxan: erasotuari babesa eman, erasoa salatu, komunikabideak informatu eta deitu, kontzentrazioa deitu eta erasotzailea baztertu/kanporatu. 

Ildo berean, kanpainaren barne honako baliabideak edota ekintzak burutuko dira: jaietako programa liburuan eraso sexistak laguntza telefonoak eta kanpainaren leloak islatu; jaien hasierako pregoian eta bertsoetan eraso eta jarrera sexisten aurka agertuko da alkatea eta herritarrak aktibatzeko deialdia egingo du. 

Horrez gain, Udaletxearen balkoian eraso sexisten aurkako pankarta jarriko da eta Bermibusen eta herriko paneletan kartelak. Taberna eta txosnan diptikoa, paperezko serbiletak, pegatinak eta kartela banatuko dira. Euskarri horien guztien helburua da eraso sexistak Bermeon ez direla onartuko argi uztea. 

Bermeoko alkateak jaiak “denok disfrutatu ahal izateko errespetua eta elkar ulertzea” eskatu du. Zehazki, emakumearen askatasuna aldarrikatu du. Bere esanetan, “jaiak disfrutatzeko pertsona askeak izan behar gara, beldur barik ibiliko garan pertsonak, eta hau denon artean lortu behar dugu, alde batetik, eraso sexistarik onartzen ez duen herria garela erakutsiz eta, bestetik, eraso sexistei erantzuna emanez”. “Ez, ez da. Parranda sanua nahi dugu”, nabarmendu du .

 

Azkenez, Bidegurenek eta Ibarrolazak adierazi dutenez, Bermeoko Udalak aipatutako neurri guzti horiek hartu ditu  jai programaren barne dauden ekimen ezberdinak martxan jarri ahal izateko eta guztiok jaiekin disfrutatu ahal izateko”.

 

04 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0