Albistea
Bermeotarrentzako hain “garrantzitsua” den Madalen Egunerako atzera kontua hasi da. Jai giroz beteta dagoen eguna bada ere, protokoloz jositakoa ere bada, eta hortaz, aurten ere, tradizioak eta festa giroak bat egingo dute Izaro uhartea protagonista duen Madalen Egunean.
Bermeoko Udalak, antzinatik egin ohi duenez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teila botako du honakoa esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak”
Une horretarako alkateak erabiliko duen teilak sinbologia berezia izango du aurten. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak gogorarazi duenez, Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari gara aurton: “Ospakizun horren baitan, Bermeoko Udaletik, beste keinu bat egin gura izan diogu herriko seme kuttunari. Modu horretara, Basterretxeak egindako Eusko Legebiltzarraren sinbolo den Izaro eskultura izango du teilak inprimatuta. Berezia da Basterretxeak egindako lan bat delako, eta Basterretxetxeak Izaro maite zuelako, bere neskalaguna zela esaten zuen. Eta berezia da ere, Izarok bermeotarrontzat duen garrantziagatik. Madalen Egunean, Bermeo Izaroraino heltzen dela berresten dugu urtero”.
Baztarreko Jaiak, Madalen Bezperan
Madalen Eguna girotzen hasteko, bezperan (uztailak 21, domeka), Baztarreko jaiak ospatzen dira. Beste behin ere, Baztarre Auzo Elkarteak Bermeoko Udalaren laguntzarekin, egun osoko egitaraua prestatu du, eta horren berri eman du Baztarre Auzo Elkarteko kide Sergio Txarakak. 10:00etan emango diote hasiera jai egunari, txokolatada eta umeen jolasekin. 11:00etan, berriz, umeentzako ikuskizuna egongo da: Bapatean zirko taldearen Adabaki.
19:30ean hasita Kankinkabara Txistu Taldearen eta Kanta Kanta Lorue kantuzaleen kalejirak egongo dira auzoa eta auzotarrak girotzeko. Jai eguna kontzertuekin amaituko dute, 22:00etan hasita; Rosin de Palo eta Belako taldeak izango dira agertoki gainera igoko direnak.
Baztarreko Jaiak Bermeoko Txosna Batzordeak aurten lehenengo aldiz antolatu dituen Alde Zaharreko jaien azken eguna izango da. Txosna Batzordeko kide Xabi Ojinagak azaldu du, Alde Zaharreko jaiak berreskuratzeko asmoz antolatu dituztela jaiok, eta bihar hasiko direla. Hala, bihar hasi eta domekara bitartean, askotarikoak egongo dira Alde Zaharrean: Hitzaldiak, bertsoak, kontzertuak, bazkariak… Egitarau guztia, gainera, doan izango dela aipatu du. Bermeoko Txosna Batzordearen sare sozialetan dago ikusgai egitarau osoa (bermeokotxosnabatzordea).
Madalen Eguneko egitaraua
Endika Etxebarria Telleriak eman ditu Madalen Eguneko zehaztapenak. Madalen Eguna Kankinkabara txistu taldearen kalejirarekin hasiko da aurten ere. 11:45ean, Udalbatza Goiko Plazan batuko da eta, Alkate soinua entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek ohikoa duten Madalen zortzikoa joko dute.
12:00etan hasiko da itsas jaia. Ontziratzea eta lehorreratzea izotz fabrikaren parean izango da. Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du Izaro uhartean eta alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du Bermeorenak diren mugak berretsiz.
Beste behin ere, Bermeoko Udalak Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko eta udalbatzaren protokoloa ezagutzeko plazak zozkatu ditu herritarren artean; 18 herritar egongo dira itsasontzian. Kultura zinegotziak aipatu du ekimen horrek harrera oso ona izaten duela urtero, eta aurten ere izan duela: “Aurten, gainera, herritarrentzako leku gehiago egoteko, Madalen Egunean itsasontzian etorri ezin diren zinegotzien lekua horientzat gorde da, leku horiek zozketatuz”.
Eguerdiko 13:30ak inguru, Elantxobera helduko da eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik. Bitartean, Bermeon, 12:30etik 15:00ak arte, Taberna Ibiltaria ibiliko da kalejiran.
17:30ean, udalbatza Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta 19:30ak inguruan helduko dira Bermeora. Portutik udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarreagaz. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Betijai fanfarreagaz beherakada egingo da San Migeleko eskailerataraino. 20:00etatik 00:00etara, Puntu Morea jarriko da Portuzarrean; bertan, informazioa, aholkularitza eta eraso sexisten kasuan, laguntza eskainiko dira.
Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du kultura zinegotziak: “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta pertsona guztiak errespetuarekin jaian parte hartzera gonbidatu gura ditut”.
Segurtasun neurriak eta garbitasuna
Herriko garbiketari dagokionez, iaz abiarazitako neurriarekin jarraituko du udalak, garbitasuna indartuta. Zerbitzuetako zinegotzi Xabier Ortuzar Butronek azaldu duenez, aurten ere, udalak edukiontziak bikoiztuko ditu jai eremuetan, “hondakinak eta zaborrak lurrean edo itsasoan ez amaitzeko”. Portura zaborrik ez joateko, gainera, Bermeoko Udalak Portuzarreko barandetan jartzeko sarea eskatu dio Portu Zuzendaritzari, Elantxoben jartzen duten modukoa. “Eskaera eginda daukagu, eta espero dugu eskaera kontuan hartzea. Jaia bai, baina jai giroan ere, arduratsuak izan beharra daukagu ingurugirorekin”, esan du Ortuzarrek.
Guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak eta Herri Babesak, Madalen Egunean, itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei eskatu die indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak betetzeko.
Araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek.
Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar da, eta Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziek euren arteko distantziak errespetatu beharko dituzte.
itsasontziek aseguruak, dokumentazioa eta salbamendu eta segurtasun baliabideak indarrean edukiko beharko dituzte, eta Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia bete beharko dute.
Era berean, araudiak ezartzen duenez, “kaian atrakatzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz”. Eta, bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ezingo da egin. Itsasontziek segurtasunezko VHF 14 kanalera konektatu egon beharko dute.
“Garrantzitsua da neurriak betetzea jaietan segurtasuna bermatzeko eta guretzat hain garrantzitsua den jai hau jai giroan amaitu ahal izateko”, adierazi dute udal ordezkariek.
010 (94 617 91 00)