Albisteak

Albistea

Bermeoko 18-35 urte bitarteko gazteei Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen lagunduko die Udalak

Bermeoko Udalak gazteei emantzipazio bidean lagundu nahi die eta, aldi berean, Alde Zaharra biziberritzeko beste pauso bat eman

 

 

Bermeoko 18-35 urte bitarteko gazteei Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak onartu ditu Bermeoko Udalak. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azpimarratu duenez, diru laguntza horiek hainbat helburu dituzte: gazteei emantzipazio bidean lagundu eta Alde Zaharrera gazteak erakarri, etxe hutsak merkaturatuz, Alde Zaharra biziberritzeko helburuarekin. 

Bermeoko alkateak gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu ditu Alde Zaharra biziberritzeko gazteei zuzendutako diru laguntza programa. Berarekin batera egon dira Jon Goikolea Bermeoko Guzan taldeko zinegotzia eta Santi Murua, Berualako zuzendaria.   

Bermeoko Udalak Ondasun higiezin gaineko zergan etxe hutsen %50eko gainkarga ezartzea onartu zuen, eta emantzipazio programa bat martxan jartzea adostu zuen gazteei etxebizitza alokatzen laguntzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko. Bermeon 2.000 etxebizitza huts daude, eta horietatik 700 Alde Zaharrean. Horrela, gaur aurkeztutako diru-laguntzak Alde Zaharra biziberritzeko Plangintzaren barne kokatzen dira. 

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, diru-laguntza horiek martxan jarri aurretik, Bermeoko Udalak inkesta bat egin du gazteen beharrak eta iritziak ezagutzeko. “Inkesta horren emaitzak kontuan hartuta, hau da, gazteek etxebizitzari dagokionez dituzten beharrizanak aintzat hartuta, garatu dugu diru-laguntza programa”, adierazi dute. 

Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntzak jaso nahi dituzten gazteek 2017 amaitu arte eskariak aurkeztu ahal izango dituzte Berhaz bulegoan. Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarte izan behar dituzte, eta pisua bakarrik, bikotekidearekin edota beste pertsona batzuekin alokatu ahal izango dute. Alokairuak gutxienez urte beteko iraupena izango du. 

Eskatzaileek edo bizikidetza unitateko kideetatik beste inork ezin izango du bere jabetzako etxebizitzarik izan. Bizikidetzako unitateko pertsona guztiak etxebizitza horretan erroldatuta agertu beharko dira, eta, gutxienez, bizikidetza unitateko pertsona bat Bermeon erroldatuta egon behar da bere bizitzako azken hiru urteetan edo azken urtean etenik gabe. 

Eskatzailearen gehienezko diru-sarrerak hauek izango dira: 28.000 eurora arte urtean (gordin) eskatzailea pertsona bakarra denean, eta 39.000 eurora arte urtean (gordin) eskatzailea bizikidetza unitatea bada edo pisu-kideen artean harreman ekonomikorik ez badago. Diru sarreren osaketari dagokionez, amaitutako azken zerga ekitaldiko kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordinen zenbatekoa ezin izango da izan urtean 600 eurotik gorakoa. 

Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke onuradun, errentamendu kontratua guztiek sinatu eta gainontzeko beste baldintza guztiak betetzen badituzte. Kasu horretan, eskaerak banan-banan aztertu beharko dira eta alokairuaren prezioa kontratua sinatu duten guztien artean hainbanatuta konputatuko da. Onuradunen eta errentatzaileen artean ezin izango da odolkidetasuna edo ahaidetasuneko bigarren mailarainoko familia loturarik izan. 

Diru-laguntzei dagokienez, diru sarreren araberakoak izango dira, hileko alokairuaren prezioaren %50a izango da, eta gehienez, 200 euro. Deialdi horren kontura jaso daitekeen diru laguntza 2017ko errentari dagokiona izango da. 

Alde Zaharra biziberritzeko gazteei zuzendutako diru laguntza programa honen informazio guztia Bermeoko Udalaren webgunean www.bermeo.eus (bit.ly/2ugMyiC) eskuratu ahal izango da. Interesatuek euren eskura eskari orriak izango dituzte,  horiek bete eta Berhazen aurkezteko. 

Jon Goikoleak adierazi duenez, "joan den urtean Bermeoko politika urbanistikoa transformatzeko 25 puntutako dokumentua sinatu genuen, eta ordutik hona egindako lanaren fruituetako bat da programa hau”. “Herriko gazteen kalitatezko bizi independentea bultzatzea da helburu nagusia, beraien bizi proiektuak Alde Zaharrean hasteko erraztasunak eta baliabideak eskainiz”, nabarmendu du.  

Bidegurenek azaldu duenez, diru-laguntza horiek oso garrantzitsuak dira; izan ere, gazteei emantzipatzen lagunduko dizkie, eta, aldi berean, Alde Zaharra biziberritzeko ere lagunduko dutela uste dugu. “Diru-laguntza horiekin gazteak Alde Zaharrean bizitzera animatzea lortu nahi da, eta horrek, duda barik, Alde Zaharrean eragin positiboa izango du eta biziberritzen lagunduko du”, nabarmendu du. 

 

 

 

 

19 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0