Albistea
-Hizketaldia 18:00etan izango da hirugarren solairuko hitzaldien aretoan eta erabat irekia izango da
Bermeon, 2022ko urriaren 18an.- Bermeoko kaleetan erabiltzen diren hizkuntzen neurketaren emaitzak aurkezteko hitzaldia antolatu du Udalak urriaren 21ean, 18:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak aurkeztuko ditu emaitzak.
Kalean zer hizkuntzatan berba egiten den ezagutzeko bost urtetik behin neurketa egiten da Euskal Herriko 100 herritan baino gehiagotan, tartean, Bermeon. Azkena, 2021ean egin zen eta orain aurkeztuko dira horren emaitzak. Bost urtetan behin egiteak euskarak duen bilakaera ezagutzeko aukera ematen digu epe luze batean, izan ere, 1989. urtean egin zen lehen kale-neurketa eta harrezkero, 8 alditan neurtu da.
Kalean zer hizkuntza erabiltzen dugun entzutea eta neurtzea euskararen erabileraren neurria ezagutzeko tresna garrantzitsua da, erabilera hobetzeko neurrien gainean hausnartzeko aukera ematen duelako.
Metodologiari dagokionez, kalean egiten den neurketa entzunez egiten da, inori ezer galdetu barik, neurtzaileak hainbat ibilbidetan eta ordu ezberdinetan entzuten duena jasotzen du eta datuak adinaren arabera jasotzen ditu, baita generoaren arabera ere. Kontuan hartzen den beste faktore bat da umeak aurrean daudenean zer hizkuntza erabiltzen dugun. Datu eta hausnarketa horien guztien berri jaso gura duenak aukera izango du urriaren 21ean arratsaldeko 6etan Kultur Etxeko hitzaldi aretoan.
010 (94 617 91 00)