Albisteak

Albistea

Badator ‘Musikaren Olatuak’ kontzertu zikloa

Bermeoko Udalaren musika eskolak, Musikaren Olatuak izeneko kontzertu zikloa antolatu du datorren asterako, otsailaren 24tik 26ra.

Kontzertuak musika eskolako audizio gelan egingo dira, eta astelehenean eta eguaztenean 19:00etan hasiko dira. Martitzenean, berriz, bi saio eskainiko dira, 18:00etan eta 18:45ean.

Musikaren Olatuak kontzertu zikloan instrumentua ikasten ari diren ikasle gazte zein helduek parte hartuko dute; guztira, 80 ikaslek.

 Astelehenean, bateria eta flautaren txanda izango da. Martitzenean, piano, txelo, saxo, gitarra elektrika, baxu, gitarra, biolin eta triki-pandero ikasten ari direnen eguna izango da. Azkenik, eguaztenean, flauta, txistu, eta piano soinuak entzungo dira.

Errepertorioari dagokionez, kontzertuetan euskal musikarien melodiak entzungai izango dira, hala nola, Berri Txarrak, ETS, Zea Mays, Korrontzi, Ken Zazpi, J.M. Beltran, Mikel Laboa edota Xabier Lete. Eta, baita ere, emakumeen lanak: Maixa eta Ixiar, Esti Markez, Katy Blaxwell... Horrez gain, ikasleetako batzuek sormenean landutako lanak ere aurkeztuko dituzte; lau kantu, hain zuzen ere.

Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu kontzertuetara, “herriko musikarien lanak ezagutzeko eta zuzeneko musikaz disfrutatzeko aukera egongo baita”.

Bestalde, datorren domekan, otsailaren 23an, EHMEk antolatuta, Getxoko Andres Isasi aretoan izango den Piano Topaketan parte hartuko dute Bermeoko musika eskolako bost ikaslek, eta ilusio handiz doaz aretoan bilduko diren entzuleei ikasitakoa erakusteko asmoz.

20 / 02 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0