Albistea
Bermeoko Udala Alde Zaharreko plan berezia berrikusten ari da eta hainbat dira lan honen helburuak: egungo legediari eta hainbat araudiri egokitzea, gune horretako ondare arkitektoniko eta kulturala babestea, eta, bereziki, Alde Zaharra biziberritzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz eta Alde Zaharra herritar guztientzat gune erakargarri bihurtuz.
Lan horren berri emateko eta Alde Zaharraren plan bereziaren berrikuspenaren aurrerakina herritarrei azaltzeko, euren zalantzak argitzeko eta ekarpenak jasotzeko, hitzaldia eskainiko da otsailaren 15ean, eguenean, Bermeoko Kultur etxean 19:30ean.
Horrela adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, gaur egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera egon dira Santi Murua, Berualako zuzendaria; eta Markel Bollar eta Paula Amuchastegi plan bereziaren berrikuspena egiten ari den Hiritek enpresaren teknikariak.
Muruak azaldu duenez, aipatutako helburu guztiak lortzeko, plan berezia berrikusteaz gain, ezinbestekoa da Alde Zaharrean daude eraikin eta biztanleriari buruzko informazioa izatea eta horretarako azterlan soziourbanistikoa burutuko dutela jakinarazi du.
Bollar eta Amuchastegik azaldu dutenez, azterketa hori otsailean egiten hastea aurreikusten da eta horretarako talde bat sortuko da eta hori Alde Zaharretik murgilduko da; batetik, dauden eraikinak ikuskatzeko eta, bestetik, Alde Zaharreko biztanleriaren ezaugarriak ezagutzeko (adina, jatorria, hezkuntza maila…).
Bi helburu horietarako, herritarrei inkestak egingo dizkiete eta inkesta egiten dutenek, betiere, udalaren akreditazioa eramango dute eta herritarrei aldez aurretik abisua emango zaie. Inkestak anonimoak izango dira.
Muruak azaldu duenez, Alde Zaharreko plan berezia 1991. urtekoa da eta hori 2001. urtean berrikusi zen. Ordutik hona legedian hainbat aldaketa egon dira eta Bermeok Plan Orokorra onartu zuen. “Garrantzitsua da plan berezia legedi eta araudi berrietara egokitzea; eta, horregatik, besteak beste, ezinbestekoa da egiten ari garen berrikuspena”, azaldu du.
Ildo honetan, adierazi duenez, Plan bereziaren berrikuspenaren lehenengo fasea bukatuta dago; izan ere, aurrerakina eginda dago eta orain bi hilabeteko epea irekiko da jendeari jakinarazteko. Horretarako, aurrerakin hori Bermeoko Udaleko webgunean jarriko da eta bihartik aurrera hemen: www.bermeo.eus/plan_berezia.html kontsulta daiteke. Horrez gain, herritarrei aurkeztuko zaie otsailaren 15ean, eguenean, Kultur etxean eskainiko den hitzaldian.
Aurrerakin horretan Udalak orain arte Alde Zaharrean eragina duen informazio eta plan guztiak batu dira, hurrengo fasean araudia gaurkotzeko erabiliko diren irizpideak finkatzeko.
Plan bereziaren berrikuspena 69.575 euroko kostua du eta azterketa soziourbanistikoak 21.000 euro ingurukoa. Lan horiek egiteko Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza zuzendaritzaren diru-laguntza jasoko du.
Idurre Bidegurenek azpimarratu duenez, Plan bereziaren berrikuspena Alde Zaharra biziberritzeko 2014. Urtean hasitako plangintzaren barne kokatzen da.
Plangintzaren horren barne hainbat dira Bermeoko Udalak gure Alde Zaharra biziberritzeko martxan jarritako ekimenak: Bekoportale prozesua, Tala eta Talakoetxeako arte lanak, lokal hutsen azterketa, EHUrekin orubeak berreskuratzeko ideia lehiaketa, gazteei Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntzak, panelen bidezko ibilbide turistikoa, ibilbide osasuntsuak, Udaletxearen berreraikitzea, eta beste hainbat ekimen Alde Zaharrera jendea erakartzeko: lora azoka eta loreen lehiaketa fatxata eta balkoietan, argazki lehiaketa, paella erraldoia, food truck…
“Alde Zaharra biziberritzea gure lehentasuna da eta horretan buru belarri gabiltza lanean herritarrekin batera; izan ere, 2015ean herritar lan talde bat eratu zen, Alde Zaharra biziberritzeko konpromisoa lantzen ari dena”, azpimarratu du Bidegurenek.
010 (94 617 91 00)