Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak dirulaguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza honetan prestatu eta azterketa egiteko

Laguntza hauek urriaren 31ra arte eskatu ahal izango dira Berhaz bulegoan

Bermeon, 2019ko urriaren 4an.- Bermeoko Udalak, beste urte batez, dirulaguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza honetan prestatu eta azterketa egiteko. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da.

Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, eskaera orria eta dagokion dokumentazioa Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) aurkeztu beharko dira. 2018-2019 ikasturtean eta 2019ko udan egindako ikastaroak lagunduko dira. Dirulaguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.

Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintzak bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea. Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 € jaso ahal izango dituzte.

Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei, gehienez, matrikularen % 70a ordainduko zaie eta ikasturte barruan langabezian daudenei, asko jota, matrikularen % 60a. Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen % 50a eskuratu ahal izango dute. Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen dirulaguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.

Gidabaimena euskaraz

Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin nahi duten pertsonek eskariak Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea, 6-8) aurkeztu beharko dituzte urriaren 31 baino lehen. Horretarako, eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia  eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria eraman beharko dituzte. Erakunderen baten dirulaguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria ere aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko dirulaguntza jasoko dute.

Laguntzak eskuratzeko baldintzak hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gaindituta izatea eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.

Dirulaguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:

- Telefonoa:94 617 9122

-  Helbide elektronikoa: euskera@bermeo.eus 

04 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0