Albistea
Aurten ere, Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako egoiliarrek eta Sagrado Corazon Ikastetxeko DBH 4. mailako ikasleek denbora librea partekatu dute ikasturtean zehar. Belaunaldien arteko uneak izena duen programa urrian hasi zen eta joan den astera arte luzatu zen.
Ikasturtean zehar, ikasleak astean behin joan dira egoiliarrekin egotera, 7-9 pertsonako taldeetan. Sancti Spiritus zaharren egoitzako eta Sagrado Corazon ikastetxeko arduradunek diote, esperientzia “oso aberasgarria” dela nagusi zein gazteentzat, “elkarrengandik gauza asko ikasten dituztelako eta momentu politak eta dibertigarriak bizitzen dituztelako”.
Gazte eta adinekoen topaketa horien bitartez, “belaunaldi ezberdinen arteko loturak sortzen eta lantzen” saiatzen dira, “aurreiritzi eta estereotipoen gutxitzea sustatuta”.
Adinekoek eta gazteek batera, askotariko ekintzak egiten dituzte. Horiek urtez-urte mantendu edo aldatu egiten dira, parte hartzaileen arabera eta horien gogo eta interesak kontuan hartuta. “Belaunaldien arteko programak, bitartekari oso onak dira adin desberdinen artean elkar ikasteko. Belaunaldi bakoitzak daukana jartzen du, dakien dena, dituen baloreak eta ezagutzen dituen esperientziak elkarbanatuz”, adierazi dute.
Balorazio oso positiboa
Belaunaldien arteko uneak programak helburu zehatzak ditu: egoileen oroipena landu, gure ohiturak, hizkuntza eta historia transmititu, partaideen komunikazioa landu, giza trebetasunak eta harremanak hobetu, egoileen gogoa hobetu, ikasleen enpatia eta tolerantzia areagotu, eta egoiliarren parte hartzea lortu.
Sancti Spiritus zaharren udal egoitzatik jakinarazi dutenez, 2016/17 ikasturtean hasi ziren Belaunaldien arteko uneak proiektua lantzen Sagrado Corazon ikastetxearekin. Egoiliarrentzat “oso aberasgarria” izan da urte hauetan guztietan izandako esperientzia, gogobetetze maila “oso altua” izan dela nabarmenduta: “Saio bakoitzaren ondoren, eta azken ebaluaketa egiterakoan, proiektuan parte hartu duten guztiek, ikasleak egoitzara etortzea positiboa dela diote, eta pozik egoten dira ikasleak etortzeko egunaren zain”.
Orain arte proiektu honetan parte hartu duten ikasle guztiekin “esperientzia ezin hobea” izan bada ere, proiektuko arduradunek ikasturte honetako ikasleen “sinpatia eta inplikazioa” nabarmendu gura izan dituzte: “Ikasleek oso jarrera parte hartzailea izan dute, eta egoiliarrak oso pozik sentitu dira eurekin”.
010 (94 617 91 00)