Albisteak

Albistea

Udaletxea birgaitzeko bigarren faseko obrak urrian hasiko ditu Bermeoko Udalak

 

2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko Udaletxeko eraikina birgaitzeko lanen bigarren faseko obrak urrian hasiko ditu Udalak.  Horrela adierazi dute gaur Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Irune Ormaetxeak, Urigintza zinegotziak, eta Goio Allika, udal arkitektoak, gaur egindako prentsaurrekoan. 

Bidegurenek azaldu duenez, 2013ko sutearen ondorioz kaltetutako Udaletxearen egoera azterketa teknikoa egin ondoren, argi gelditu zen eraikinak birgaitze beharra zuela. Horrela, proiektua egin eta lanak hasi ziren. Lehenengo fase horrek 261.902,36 euroko kostua izan zuen eta lanak 2015eko bukaeran amaitu ziren. 

Orain bigarren fasea jarriko da martxan, eta horretan eraikinaren egituraren birgaitzea egingo da eta estalkia itxiko da. Horrela, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da. Horrez gain, eraikinaren solairuak eraikiko dira eta teilatu berria egingo da. 

Allikak zehaztu duenez, Bermeoko Udaletxea  Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago, eta berezitasun hori garrantzitsua da eraikina birgaitzerakoan. Horrela, zehaztu duenez, bigarren fase honetan udal biltegian gordeta dauden estalkiaren beiratea,  Udaletxeko dorrea eta Nardiz tar Jon kaleko iturria berreskuratuko dira. Horrez gain, kontziopeko azterketa arkeologikoa ere egingo da. 

Bigarren fase honen helburu nagusiak honako hauek dira: egitura berriarekin eraikina sendotu, estalki berria eraiki eta dorrea berreskuratu, fatxada konpondu eta eraikina guztiz itxi. Lan horiekin guztiekin segurtasuna bermatuko da eta baldintzak ezarriko dira falta izango litzatekeen azken esku-hartzea egiteko. 

Azken fasean, distribuzioa, instalazioak, igogailua eta akaberak egingo lirateke. Horrez gain, kontziopea eta Goiko plaza malda berdinean egotea aurreikusten da, espazio biak fusionatuz. 

Bigarren faseko lan horiek urrian hastea eta 2018ko udan bukatzea aurreikusten dela azaldu dute. Esleipena prozedura irekiaren bidez egin da eta Teusa enpresari esleitu zaio 395.803,69 eurotan . 

“Kontuan hartu behar da Udaletxea berreraikitzeko lanen kostu osoa 1,2 milioi euro ingurukoa da”, adierazi du alkateak. Lehenengo faserako Bizkaiko Foru Aldundiak udalen ustekabekoen partidatik 59.000 euro onartu zituen eta bigarren fase honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailaren 150.000 euro erabiliko dira.

Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan dago Udalaren birgaitzerako finantziazio gehiago lortzeko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak kultur ondarea babesteko diru-laguntza programaren barne sartzea aurreikusten du. 

2013ko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, kalte garrantzitsuak sortu zituen Bermeoko Alde Zaharrean eta, batez ere, Nardiz Tar Jon kalean. Eraikin asko kaltetu ziren eta Bermeoko Udaletxea ezuste honen ondorioz hondatuta gelditu zen. Hori dela eta, Bermeoko Udaletxean zeuden zerbitzu guztiak Kultur etxera lekualdatu behar izan ziren, eta momentu honetan berton kokatzen dira (idazkaritza, alkatetza, euskara saila eta langileria). 

Balore patrimoniala 

Bidegurenek adierazi duenez, Udaletxea  Bermeoko “eraikin garrantzitsuenetarikoa da bere balore patrimonialagatik,  Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta baitago, eta herritarrentzat toki adierazgarria delako”. 

Bermeoko Udaletxea, 1733.urtean eraikia, babes berezia duen kultura-ondare legez katalogatuta dago. Izan ere, Bermeoko Udaletxea, Bermeko Alde Zaharrean kokatuta dago eta Bermeoko Hirigune Historikoak Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapena dauka, (132/1996 DEKRETUA, ekainaren 5ekoa – 116 zkiko EHAA), eta Udaletxearen eraikin bera ere, Kultura Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago (451/1995 DEKRETUA, urriaren 17koa  - 208 zkiko EHAA). Hori dela eta, eraikina berreginaraztea oso garrantzitsua da, Euskal Kultur Ondare Legeari jarraituz. 

Horregatik guztiagatik, bere esanetan, “ezinbestekoa” da  Udaletxeko “eraikina berreskuratzea” eta “horretan ari gara lanean”. “Horrela,  obrak esleitu ditugu eta bigarren faseari ekingo diogu eta hamar hilabeteko epea izango dute”, adierazi du. 

“Udaletxeko eraikina konponduta eta martxan izatea beharrezkoa da bermeotarrontzat, bere balore patrimonialagatik eta Alde Zaharra biziberritzeko ere funtsezkoa delako, bere bihotzean dagoelako. Horrez gain, “ herritar guztiontzat norbere herriko Udaletxea erreferentziazko tokia dela”, nabarmendu du. 

28 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0