Albistea
Bermeon, 2022ko abenduaren 15ean.- Lokalbide programari esker 10 negozio berri zabaldu dira 2022an zehar. “Oso pozik gaude programa honekin. 2021ean martxan jarri genuenetik 15 establezimendu berri ireki dira eta hori oso pozgarria da. Programa honen helburua da Alde Zaharra ekintzaileentzako gune erakargarria bihurtzea, jarduera ekonomikoa sustatzea eta Alde Zaharra bera biziberritzea. Lokalbide programa garatzen jarraituko dugu datozen urteotan ere. Gainera, ekintzaileentzako hobari fiskalak eskaintzen ere jarraituko dugu”, adierazi du Merkataritza zinegotzi Kepa Zumeta.
Ekimen honen bitartez, negozioak martxan jartzeko baldintza jakin batzuk betetzen dituzten herriko Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatzen ditu Bermeoko Udalak, jabeei programara atxikitzeko proposamena egiten zaie eta atxikitutako lokal hauek ekintzaileen eskura jartzen dira, euren negozioak bertan garatu ditzaten.
Hau da, Udalak bitartekaritza lana egin du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez. Hau guztia lortzeko eta negozioak bertara eramateko interesa pizteko, Bermeoko Udalak 34.980 euro bideratu ditu diru-laguntzetan. Laguntza hauek ekintzaileei eman zaizkie eta alokairuaren parte bat ordaintzera bideratu behar dituzte.
Zabaldu diren negozioak honakoak dira:
- -Nardiz tar Benanzio, 15. Itsasontzien alokairua (patroiarekin edo patroi gabe).
-Arresi, 5. Souvenir denda.
-Ertzilla, 2. Artea, diseinua eta lore-dekorazioa.
-Etxebarria tar Kresentzi, 18. Afrikako produktuen elikadura-denda.
-Nardiz tar Jon, 33. Azazkalen estetika-zentroa.
-Etxebarria tar Kresentzi, 12. Azazkalen estetika-zentroa.
-Nardiz tar Jon 63. Bizartegia.
-Erremedio, 24. Apartamentu turistikoen kudeaketa.
-Nardiz tar Benanzio, 15. Maskoten auto-garbiketa integrala.
-Arresi, 18. Burdin-bobinen salerosketa eta burdina erosteko aholkularitza zerbitzua.
“Gure helburu estrategikoetako bat da Alde Zaharra biziberritzea eta gune bizia izatea. Hori garatzeko, bertan datozen hilabeteotan egingo ditugun lan urbanistikoez gain, Lokalbide bezalako programak martxan jartzen jarraituko dugu. Alde zahar bizi bat izateko beharrezkoa da negozioak bertan egotea eta ekintzaileentzako gune erakargarria izatea”, adierazi du Kepa Zumetak.
010 (94 617 91 00)