Albisteak

Albistea

Martxan 'Eskola bidea' Bermeon, umeak etxetik eskolara modu seguru, iraunkor eta osasuntsuan joan etorteko ibilbidea

Herriko ikastetxeek, Bermeoko Kirol Patronatuak eta Bermeoko Udalak elkarlanean landutako ekimena da ‘Eskola Bidea’

Bermeon martxan daukagu ‘Eskola Bidea’, herriko umeek etxetik eskolara modu iraunkor, seguru eta osasuntsuan joan eta etortzeko sortu den ibilbidea. Horren bidez, inguru berean bizi diren umeak elkartu eta elkarrekin joango dira eskolara eta baita kiroldegira ibilgailu pribatuak erabili barik.

‘Eskola Bidea’ herriko ikastetxeek (Eleizalde ikastola, San Frantzisko Herri eskola, Sagrado Corazón ikastetxea, Haurreskola eta Bermeoko Institutua), Bermeoko udal kirol patronatuak eta Bermeoko Udalak elkarlanean landutako ekimena da eta horrela aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Bertan, honako hauek parte hartu dute: Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak; Gaizka Aurrekoetxeak, Bermeoko Ingurumen teknikariak; Iñaki Beitiak eta Itziar Ugartek Eleizalde Ikastolako zuzendariak eta irakasleak, hurrenez hurren; Endika Zabala eta Alazne Zumeta, Sagrado Corazon ikastetxeko zuzendariak eta irakasleak, hurrenez hurren; Amaia Abaroak, San Frantzisko Herri eskolako zuzendariak, eta Marcos Zapiain Bermeoko institutuko irakasleak.

‘Eskola Bidea’ren ibilbidea hamar topagunek osatzen dute. Topaguneen helburua da inguru berdineko umeak batzea, elkarrekin eskolara oinez joateko. Topagune horiek honako tokietan daude: Erreten, Bizkaiko Jaurerria, Arresi-Nekazari, San Juan Portale, Anasagasti Tar Teodoro 5, Futbol zelai aurrean, Bizkai Buru 14, Bizkaiko Jaurerria 20, Bizkaiko Jaurerria 41 eta Zubiaur Tar Kepa 46. Topagune guztietan, umeek informazioa izango dute ikastetxe ezberdinetara eta kiroldegira oinez joateko iraupenari buruzkoa.

Azaldu dutenez, Eleizalde ikastolak ‘Eskola bidea’ egiteko diru laguntza bat lortu ondoren, proposamena aurkeztu zuen Udalean ekimen hori udalerriko beste ikastetxe guztietara zabaltzeko. Horrela, ikastetxe guztiak, Bermeoko kirol patronatuarekin eta Udalarekin batera lanean hasi ziren ‘Eskola bidea’ proiektua errealitate egiteko.

Lehenik eta behin, Bermeoko udaleko teknikariek ibilbide baten proposamena landu zuten honako irizpideak kontuan hartuta: segurtasuna (espaloi zabalak, ikuspen egokia…); bide laburrena eta aldapa gutxienekoa, Bermibuseko geltokietatik hurbil egotea, ahal dela aterpea ere izatea euri egunetarako eta, ikastetxe bi hurbil egonda, bientzat batera erabilgarria izatea. Proposamen hori landuta, ikastetxeei aurkeztu zien eta ikastetxeek kontrastatu eta euren ekarpenak egin ondoren, behin betiko ibilbidea osatu zen aipatutako hamar topaguneekin.

Ibilbide hori seinaleztatzeko, hiru motatako seinalizazioa jarri da hirigunean zehar: Topaguneetan bertan, topagunearen berri emateko eta ikastetxeetarainoko eta kiroldegiraino distantziak eta denborak adierazteko; gurutzatzen diren zebrabideetan eskola bidearen ikur diren pausoak, eta baita ere hainbat faroletan.

Horrez gain, ‘Eskola Bidea, Lagun Bidea’ ekimenaren berri emateko komunikazio kanpaina bat abiarazi dute Bermeoko Udalak eta ikastetxeek elkarlanean. Horretarako, besteak bete, esku-orriak banatuko dira ikastetxeetan ibilbideen plano batekin eta ekimenaren helburuak eta abantailak azaltzeko, liburu-markagailuak ibilbide eta distantziekin, kartelak jarriko dira, eta bermeotarrekin ‘Eskola Bidea’ zer den azaltzeko egindako bideo polita zabalduko da.

Eskola Bidea zelan egin eta abantailak

Eskola Bidearen sustatzaileek azaldu dutenez, garrantzitsua da jakitea zelan egin behar den eskola bidea. Ildo horretan, zehaztu dutenez, ezinbestekoa da taldean, losatik eta seinaleei adi egitea. Era berean, zebrabideetan arreta handia ipini behar da eskolara heldu arte. “Gainera, alai eta pozik joango dira umeak lagunekin gozatzen”, azpimarratu dute; izan ere, “asko dira ‘Eskola Bidea’ ekimena eskaintzen dituen abantailak”.

Abantailei dagokienez, honako hauek aipatu dituzte sustatzaileek: Bermeo herri iraunkor, seguru eta biziagoa lortuko dugu; bizitza aktiboagoa eta osasuntsuagoa bultzatuko dugu, eskolarako bidean kirola egitea lortuko dugulako. Gainera, herria seguruagoa izatea lortuko dugu; izan ere, zenbat eta auto gutxiago, orduan eta arrisku, zarata eta kutsadura txikiagoa kalean. Horrez gain, umeen autonomia handituko da eta umeen arteko harremanak landuko dira, bidean lagun berriak egin eta ondo pasatuko dutelako.

Hortaz, ikasle eta guraso guztiei ‘Eskola Bidea’ ekimenean parte hartzera animatu dituzte eta etxetik eskolara edota kiroldegira modu dibertigarri, seguru eta osasuntsuan joan eta etortzeko sortu den ibilbidea erabiltzera.

 

03 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0