Albisteak

Albistea

Bermeok pertsona nagusiekin herri lagunkoia proiektua martxan jarriko du

 

Bermeoko Udalak, Bizitzen Fundazioarekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bermeo, pertsona nagusiekin herri lagunkoia proiektua jarri du martxan. Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren presidenteak azaldu duenez, proiektu horren helburua da “herrietako auzoak eta inguruneak hobetzea, zahartzen joan ahala gure bizimoduarekin aurrera jarraitu ahal dezagun”. 

“Herriek euren egiturak eta zerbitzuak egokitu behar dituzte irisgarriagoak izateko eta beharrizan eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsona nagusiak aintzat hartzeko”, azaldu du. Horregatik, bere esanetan, proiektu honekin, “pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetu gura da eta, ere berean, herritar guztiona ere bai”. 

Ibarrolazak adierazi duenez, herri lagunkoia proiektuan “ezinbestekoa” da herritarren eta, batez ere herritar nagusien, parte-hartzea; epe luzerako proiektua da eta hainbat fasetan garatuko da. Lehenengoa diagnostikoa egitea izango da, ondoren plan bat diseinatzeko. 

Diagnostiko horretan zortzi arlo ebaluatuko direla zehaztu du, alde onak eta oztopoak aztertuz eta iradokizunak emanez. Zortzi arloak honakoak dira: aire zabaleko lekuak eta eraikinak; garraioa; etxebizitza; parte hartzea eta gizarte sarea; herritarren parte hartzea eta enplegua; errespetua eta barne hartzea; komunikazioa eta informazioa; eta gizarte eta osasun zerbitzuak. 

Diagnostikoa egiteko hiru bide erabiliko dira. Alde batetik, Bermeoko Udalak aipatutako arlo eta pertsona nagusiei zuzendutako zerbitzuei buruzko informe bat egingo du eta, beste alde batetik, udal eraikinetan (Berhaz, Liburutegia, Gizarte Ongizate Udal Patronatua…) inkestak banatuko dira herritarrei zortzi alorrei buruzko hainbat galdera eginez euren iritzia ezagutzeko. 

Hirugarren bidea herritarren batzarrak izango dira. Sei batzar izango dira eta lehenengoan adin nagusikoak zaintzen dituzten pertsonak batuko dira, beste lau batzarretan adin nagusiko pertsonek parte hartuko dute eta, azkenenean, zerbitzu hornitzaileen arteko batzarra izango da. Guzti hauetan bakoitzak bere iritziak, ekarpenak eta iradokizunak egingo ditu. 

“Programa honetan, adineko pertsonek ongizatea sortzeko prozesu baten protagonistak dira. Ongizate horrek gure eguneroko bizitzan eragina izango du, espazio publikoak zentzuz berreskuratzea eskatuko du. Azken finean, udalerriko eguneroko bizitza denentzat pixka bat onberagoa eta pozgarriagoa izatea ahalbideratzeko duten gauza txiki horietan guztietan eragingo du”, nabarmendu du. 

Azkenez, Benito Ibarrolazak herritarrei herri lagunkoia proiektuan parte hartzen animatu ditu. Horretarako,  udal eraikinetan banatuko diren inkestak bete ahal izango dituzte edo batzarretan parte hartu ahal izango dute. Gai honi buruz informazio gehiago nahi duten pertsonek 94 617 9160 telefonora deitu behar dute.

 

 

14 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0