Albisteak

Albistea

Drogen kontsumoak dakartzan arriskuak gutxitzeko hiru eskuhartze egingo dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, gazteei zuzenduta

-Irailaren 7an alkoholaren prebentziorako karpa bat jarriko da, irailaren 9an drogei buruzko informazioa eta ‘testing’ zerbitzua eta, irailaren 15ean Gazte Topalaket! Gunea martxan jarriko da

Bermeon, 2022ko irailaren 2an.- Bermeoko Udalak drogen kontsumoak dakartzan arriskuak gutxitzeko hiru eskuhartze egingo ditu irailaren 7an hasiko diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Eskuhartze guztiak herriko jai-guneetan egingo dira eta Udalak onartu berri duen Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatuta daude. Ekimen hauek gazteei zuzenduta daude, batez ere.

Alde batetik, irailaren 7an, txupinazo egunean, alkoholaren prebentziorako karpa bat jarriko da Lameran, Liburutegiaren ondoan. Alkatearen pregoiaren eta Dunbadearen ostean zabalduko da karpa hori (23:00etan), goizaldeko 02:30ak arte. Karpan, alkohol gehiegi kontsumitzeak dakartzan arriskuei buruzko informazioa emango da eta alkohol neurketa homologatuak ere egingo dira.

Helburua da alkoholaren ardurazko kontsumoa sustatzea eta gazteenen artean jokabide hori eragitea, kontsumitzen hasteko adina atzeratzeko eta alkoholak kontsumitzeak dakartzan arriskuak aintzat hartzeko.

Bestetik, drogei buruzko informazioa eta ‘testing’ zerbitzua egongo da Bermeon irailaren 9an, Arrantzale egunean. Azkenik, Gazte Topalaket! Gunea martxan jarriko da irailaren 15ean, aurrenekoz. AiLaket! Alkarteak eskainiko ditu aipatu zerbitzu biak.

Irailak 7 – 23:00etatik 02:30era. Alkoholaren prebentziorako eskuhartze-karpa. Liburutegiaren ondoan.

-     Irailak 9 – 23:00etatik 02:00etara. TESTING zerbitzua (substantzien analisiak). Liburutegi ondoan.

-     Irailak 15 – 16:00etatik 20:00etara. GAZTE TOPALAKET! Gunea. Andra Mari eta Irakaskintza kaleetan. 10 urtetik gorako gaztetxoentzat.

 Testing zerbitzua

Droga ilegalen kontsumoa errealitate bat dela ezin da ukatu. Hau kontuan hartuta, sustantzien analisiak egingo dira irailaren 9an, liburutegiaren ondoan, 23:00etatik goizeko 2:00ak arte. AiLaket!-eko hiru teknikari egongo dira informazioa ematen eta sustantzien analisiak egiten. Droga-dosien testak guztiz anonimoak eta doakoak izango dira. Herrietako jaietan, orohar, kalamua, kokaina eta anfetaminak dira gehien kontsumitzen diren sustantzia ilegalak.

Testing zerbitzuaren bidez nerabe eta gazteen arteko sustantzien gehiegizko erabileraren prebentzioa landuko da, arrisku kudeaketa hobea ahalbidetuko duen egiazko informazio objektiboa eskainiz.

Gazte Topalaket!

Bermeoko Udaleko Gazteria sailak Gazte Topalaket! prebentzio programa antolatu du lehen aldiz, irailaren 15ean. Andra Mari eta Irakaskintza kaleetan izango da 16:00etatik 20:00etara eta parte hartu nahi duten gazteek ez dute aurrez izena eman beharko, bertara hurbiltzearekin nahikoa izango da. 10 eta 14 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago programa eta ekintza honen bitartez, alkohola, tabakoa eta kafeina bezalako droga legalen eraginaren inguruan sentsibilizatu nahi da.

Gazte Topalaket! programak hiruzpalau dinamika eskaintzen dizkie parte hartzen duten gazteei. Lehen saioan, adibidez, gazteen artean droga kontzeptua argitzea da helburua, jokoaren eta marrazkiaren bitartez. Besteak beste, parte hartzaileei galdetuko zaie zer diren drogak, zein droga mota ikusten dituzten inguruan, zelan irudikatzen dituzten edota zein gauza on eta txar dituzten. Esku hartze horretan gazteek horma-irudi bat izango dute eskura eta euren adierazpenak egin ahal izango dituzte bertan.

Bigarren espazio batean, alkohola eta gaitasun motorrak aztertuko dituzte eta gazteek hirunaka parte hartu ahal izango dute. Helburua alkoholaren erabilerak eguneroko ekintzetan sortu ahal dituen zailtasun eta arriskuak bistaratzea da. Prestatutako zirkuituak 10 minutuko iraupena izango du.

Tabakoaren kontsumoak dakartzan ondorioen inguruan ere sentsibilizatu gura da gazteria. Hori dela eta, esperimentu ezberdinak egingo dituzte. «Urez beteta dagoen botilaren ahoan kotoia jarriko dugu eta tapoian zigarroa. Botilari zuloa egin eta urez husten doan heinean zigarroa kontsumitzen joango da. Amaieran botila kez beteta geratuko da eta kotoia, barriz, breaz blai. Hori ikusita galderak luzatuko dizkiegu gazteei», adierazi dute Ai Laket elkarteko arduradunek.

Amaitzeko termometroaren jokoa proposatuko zaie parte hartzaileei. Drogen inguruko sinesmen faltsuak argitzea eta drogen inguruko bakarkako eta taldeko hausnarketa bultzatzea dira dinamika honen helburuak.

02 / 09 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0