Albistea
- Bermeoko Udalak antolatutako ekimenak dira, bermeotarren artean irakurzaletasuna eta antzerkizaletasuna handitzeko
Bermeon, 2023ko irailaren 4an.- Herritarron artean irakurzaletasuna eta antzerkizaletasuna sustatzeko, aurten ere, Bermeoko Udalak, liburutegiaren eta Euskara Sailaren bitartez, Irakurleen txokoa, eta heldu, zein ume eta gazteentzako antzerki tailerrak antolatu ditu.
Urteak daramatza udalak Irakurleen txokoa eta helduentzako antzerki tailerra antolatzen, baina lehenengo aldiz antolatzen du 12-16 urte bitarteko ume eta gazteentzako antzerki tailerra.
Irakurleen txokoa
2011. urtean sortu zen eta aurten Amaia Zapiainek dinamizatuko du Irakurleen txokoa. Bertan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak elkartuko dira. Taldea hileko hirugarren eguenetan elkartuko da udal liburutegian, 18:30etik 20:00etara, eta ekimena doakoa da.
Parte hartu nahi dutenek urriaren 13a baino lehen udal liburutegian eman beharko dute izena edota 688 84 73 47 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita. Hortik aurrera, hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar. Hileroko dinamikaz gain, urtean zehar idazle batekin solasaldia ere egingo da idazleen lana lehen eskutik jakiteko zein den.
Aurten, guztira, 8 liburu irakurriko dira eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko da. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Ekimen honen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana zein den jakitea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
Antzerki tailerra (helduak)
Tailer honen helburua kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea zabaltzea da. Iaz egindako lanari jarraipena eman nahi zaio eta Bermeoko Kultura Etxean izango da eguenetan, 19:00etatik 21:00etara. Irakasle lanetan Eneritz Artetxe ibiliko da.
Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasuna landu nahi duten 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Ekimenak 115 euroko prezioa izango du eta interesdunek irailaren 29a baino lehen eman beharko dute izena Berhaz bulegoan edota 688 84 73 47 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita.
Besteak beste, honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.
Berritasuna: Antzerki tailerra (12-16 urte bitarteko ume eta gazteak).
Tailerra ume eta gazteek euren garapen pertsonala askatasunean jorratzeko espazio bat aurkitzeko lekua izatea nahi da; ume eta gazteei espazioak eskaini nahi zaizkie herri mailan adierazpena lantzeko, elkar ezagutzeko eta sozializatzeko.
Tailerra 12 urtetik 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta helburua gazteak antzerkiaren mundura hurbiltzea da. Horretarako, antzerkiaren tresna ezberdinak landuko dira: gorputz eta hots adierazpena, inprobisazioa, pertsonaien eraikuntza, eszena ezberdinen egituraketa…
Talde lana zein bakarkako lanen bidez eramango dira aurrera saioak. Iker Bilbao Euskara zinegotziak esandakoaren arabera “Uste dugu antzerkia oso tresna eraginkorra izan daitekeela gazteek beraien bizipen, sentimendu eta mundua ikusteko modua azaleratu eta horren gainean hausnartzeko. Azken finean, euren buruekin eta besteekin harremanetan jartzeko espazio artistiko bat eskaini nahi dugu”.
Ikastaroa irailaren amaieratik ekainera bitartean izango da, Bermeoko Kultura Etxean, eguenetan, 17:30etatik 19:00etara, Eneritz Artetxeren gidaritzapean. 50 euroko prezioa izango du eta interesdunek irailaren 29a baino lehen eman beharko dute izena Berhaz bulegoan edota 688 84 73 47 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita.
010 (94 617 91 00)