Albistea
Bermeoko Udalak herriko hainbat eragileekin elkarlanean ‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina jarri zuen martxan joan den maiatzean, Bermeoko Arrain Azokan, hain zuzen ere. Horrela, Arrain Azokan, San Juanetan, Madalenatan, San Roke jaietan, eta Andra Mari jaietako Sukalki egunean eta txosnetako tortilla txapelketan presente egon ondoren, lehenengo faseari bukaera eman dio balorazio “oso positiboarekin”, izan ere, “finkatutako helburuak bete ditu”, Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, azpimarratu duenez.
Ildo honetan, azaldu duenez, “gure helburua 1.000 herritarrek euskaraz egiteko dituzten arrazoiak azaltzea zen, eta helburu hori lortzeko martxa onean goaz, erdia lortu dugu eta”. Zehazki, bere esanetan, aipatutako jai egunetan, ‘Geuk eus’ bideo-photocall karpan “270 bideo graba dira, eta horietan 485 pertsonek euskara egiteko dituzten arrazoiak azaltzen dituzte; eta 1.000 pertsonatik gora azaltzen diren 720 argazki atera dira”.
“Karpak ondo funtzionatu du, euria gogor egin zuen egunean izan ezik. Jende asko ibili den egunetan grabazio asko egin dira; eta jendea gustura prestatu da, batez ere familia eta lagun giroan”, azaldu du.
Bideo eta argazki horien berri emateko erabilitako bideak web gunea (www.bermeo-euskaraz.eus) eta sare sozialak (youtube, Flickr eta facebook) izan dira eta bisita “asko eta asko” izan dituzte. Esate baterako, facebooken bideo-ikustaldiak 36.650 izan dira. Hortaz, Agirrek nabarmendu duenez, “pozik” gaude, “aurreikusitako helburuak lortu ditugulako, eta sare sozialen bidez zabalkunde handia lortu delako; baina, batez ere, jendearen emozioetara heldu garelako”.
Horrela, ‘Geuk eus’ bideo-photocall karpa osatzen duten langileei (bideolaria, argazkilaria, euskara teknikaria, Kalinpan eta laguntzailea eta euskara aholku batzordeko kideak) zorionak eman dizkie, egindako lana “bikaina” izan delako.
Kanpaina aurrera, erronka berriekin
Euskara zinegotziaren esanetan, kanpainarekin aurrera jarraitzea “ezinbestekoa” da, eta “horrela egingo dugu erronka berriekin”. “Orain arte egindako lanarekin ondorio batzuk atera ditugu, eta horiek lantzen jarriko ditugu indarrak orain”, gaineratu du. Era honetan, azaldu duenez, “diskurtsoa berritu beharra nabaritu dugu, izan ere, ‘euskaraz egin behar dugu, hil egingo da’ bezalakoak ez direla diskurtso erakargarriak ikusi dugu”.
“Sarri euskarari buruz darabilgun diskurtsoa serioegia da, zama arintzeko ahalegina egin beharko genuke, egungo gaiak, gai arinagoak, umorea… erabilita. Diskurtso berriaren ildo batzuk izan daitezke honelakoak erabiltzea: bizitzarako aukera, nahi dudalako, euskalduna naizelako, ez dut arrazoirik behar…”, adierazi du. Hortaz, bere esanetan, “erronka berria da diskurtso berria osatzen joatea eta sozializatzeko moduak, eragileak eta uneak zehaztea”.
Ildo horretan, aurreratu duenez, azaroaren 26an Miñe Lamiñe ekitaldian horretaz berba egiteko aukera egongo da, aurtengo gaia horixe izango baita, hain zuzen, euskararen inguruan esaten, sentitzen eta pentsatzen dugunak gehiago edo gutxiago erabiltzera eramaten gaituela jakinik, erabilera indartzeko diskurtso aproposak aztertu gura dira herritarrekin batera egiten den ekitaldi horretan. Aurtengo ikasturtean, gainera, herriko ikastetxeetan ari dira gai hori ere lantzen.
Euskara zinegotziak gehitu du halaber, orain arte kanpainan izandako emaitzak kontuan hartuta, Geuk eus’ bideo-photocall karparekin jarraituko dela, “pertsona askorengan heltzeko era erakargarria delako”. Horrela, azaroaren 13an izango den San Martin azokan presente egongo da. Eta datorren urtean, herriko elkarteekin elkarlanean jarraituko dutela aurreratu du.
Euskara zinegotziak gogoratu duenez, hauek dira ‘Geuk eus’ kanpainarekin erantzun nahi diren erronkak: “herritarren artean euskararen prestigioa hobetzea, euskaldun izatearen abantailak gizarteratzea, Bermeon euskararen erabilerak izan duen atzerakadaren kontzientzia hartzea herritarrek, jokaera kontzienteak piztea, eta herritar guztiak sentsibilizatzea (gurasoak, gazteak, etorkinak, kirolariak…)”. “Lan hau eragile askoren artean egiten jarraitu behar dugu”, nabarmendu du.
010 (94 617 91 00)