Albisteak

Albistea

Adin guztietako herritarrek gozatu ahalko dute Aratusteetan, barikuan hasi eta otsailaren 17ra bitartean

-XXI. Tabernen mozorro txapelketan parte hartuko duten tabernekin mapa bat egin da.

-Otsailaren 9tik 17ra, kuadrillen mozorro argazkiak Bermeoko Udalaren sare sozialetan partekatzea bultzatu gura da #bermeoaratuste24 traolaren bitartez

Aratusteak iristear daude, eta Bermeo prest dago kolorez eta mozorroz janzteko. Aurten, Aratusteetako ekimenak barikuan (otsailak 9) hasi eta otsailaren 17ra bitartean luzatuko dira, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimenak antolatu dira. Berritasunak ere badaude, esaterako, herriko ikastetxeek kalejira bateratua egingo dute edo kuadrillek udalaren sare sozialetan elkarbanatutako mozorroen argazkien arteko zozketa egingo da.

Aratusteen baitan, adin eta gustu guztietarako ekimenak antolatzen saiatu direla adierazi du gaur Aratusteetako egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak. Etxebarriarekin batera egon dira gaurko aurkezpenean Iker Bilbao San Nicolas Euskara eta Hezkuntza saileko zinegotzia, eta Aratusteetan ekimenak antolatzen dituzten taldeetako ordezkariak.

Txaloka taldeak eskainiko duen Diskopuntx umeentzako antzezlan parte hartzaileagaz hasiko da barikuan Aratusteetako egitaraua. Bermeoko Kafe Antzokian izango da, 18:00etan, eta sarrera lau euro ordaindu beharko da. Salgai daude Gizarte eta Kultura etxean edo giglon.com webgunean. Umeei zein gurasoei mozorrotuta bertaratzeko deia egin die kultura zinegotziak.

Zapatuan, Alkartasuna Dantza Taldeak, Txosna batzordeak eta KIETB erraldoi txiki konpartsakoek antolatuta, Lantzeko Inauterien txanda izango da, herriko kaleak kolorez, dantzaz eta musikaz betez. 12:30ean hasiko dute kalejira Gizarte eta Kultura Etxean, eta Lameran amaituko dute Miel Otxin erretzeko. Herritar guztiak gonbidatu dituzte Lantzeko inauterietan parte hartzera. Jai giroak zapatuan, Artza frontoian jarraituko du, bertan bilduko baitira herri bazkaria egiteko.

Coro Rociero Maikak ere zapatu eguerdian egingo du Aratusteetako kalejira, herriko kaleak euren kantuekin girotzeko.

Aratusteetan ohikoak diren tostada txapelketak ere ez dira faltako. Batetik, astelehenean, Demiku Jubilatuen Elkarteak antolatutakoa egongo da 16:00etatik aurrera, Gizarte eta Kultura Etxeko sotoan. Tostada txapelketaz gain, musikarekin girotuta, mozorro txapelketa, merienda eta dantzaldia ere izango dituzte. Lagun artean giro onean Aratusteetaz gozatzeko aukera izango dute. Martitzenean, berriz, Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatutako tostada txapelketa 18:00etan hasiko da elkartearen lokalean. Arratsalde pasa ederra izango dute Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean bertan.

Aratuste martitzena

Aratusteen baitan, egun garrantzitsua izaten da martitzena Bermeon. Goizean goiz eta eguerdira bitartean, herriko ikasleek kaleak betetzen dituzte. Aurten, gainera, herriko ikastetxe guztiek bat egin dute, eta batera egingo dute kalejira, adin tarteka banatuta. Mozorroen gaia ere bateratu egin dute, Itsasoa daukate gaitzat. Modu horretara, itsasoaren mundu zabalaz beteko da Bermeo Aratuste martitzenean.

12:00etan, Erretenetik hasita, Erroxapeko Martxako emakumeek Bermeoko kaleak alaituko dituzte euren musika eta mozorroekin. Beranduago, 13:30ean, Ross Dantza Eskolakoen dantza erakustaldia egongo da Lameran. Eta, arratsaldean, berriz, kantsa arte dantza egiteko aukera izango dute txikiek zein nagusiek, 17:00etatik 19:00etara, Lameran egongo den Disko Txiki Dantzan taldeagaz.

Eta aurten, indartuta datorren XXI. Tabernen Mozorro Txapelketa ere Aratuste martitzenean izango da. Kultura zinegotziak azaldu du, aurten “esfortzu berezia” egin dutela Tabernen Mozorro Txapelketan. “Tabernen parte hartzea bultzatu asmoz, banan-banan bisitatu ditugu herriko tabernak, eta txapelketan parte hartzera animatu ditugu, herria eta herritarrak animatzen laguntzeko modua ere badelako”, aipatu du. Esfortzu horri esker, aurrekoetan baino taberna gehiagok eman dute izena, gaur arte, 18 tabernak. Parte hartzaileekin mapa bat egin da, eta etxebizitzetako atarietan jartzeaz gain, udalaren sare sozialetatik ere zabalduko da.

Hala eta guztiz ere, Etxebarriak gogorarazi du oraindik ere badagoela Tabernen Mozorro Txapelketan parte hartzeko aukera, astelehenera arte (otsailak 12) izena eman daitekeelako. Irabazleak, Aratuste martitzenean bertan jakinaraziko dira, epaimahaiak taberna guztiak bisitatu ondoren. “Tabernaz taberna joango gara fanfarrearekin”, esan du.

Aratusteetako egitarauak otsailaren 16an jarraituko du. Otsailaren 16an bertan, 17 eta 18an, Aratusteetako jaia hartuko du Goiko Plazak, Bermeo Magikoak antolatuta. Food truckak, musika, umeentzako ekintzak… egongo dira herritar guztien gozamenerako.

Otsailaren 16an, barikuan, Kanta Kanta Loruen kalejirak girotuko du iluntzea. 20:00etan hasiko dute kalejira Goiko Plazatik eta mozorrotuta joateko deia egin dute.

Azkenik, aurtengo Aratusteetako egitarau osatuari amaiera emateko, Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Vade Retro jaialdia egongo da zapatuan (otsailak 17). 21:30ean hasiko da Bermeoko Kafe Antzokian; Unholy Covers taldea eta DC Data izango dira jaialdia girotzeaz arduratuko direnak. Sarrerak aurretiaz erosi daitezke 12 eurotan (Luma liburu dendan eta bermeokokafeantzokia.com)  edo egunean bertan 14 eurotan leihatilan. Sarrera bakoitzetik 2 euro Eutsi Gogor Danok Batera elkartearentzako izango dira.

#bermeoaratuste24

Kultura zinegotziak Aratusteetan erabiliko den traolaren berri eman du: #bermeoaratuste24.  “2024ko aratusteetan, otsailaren 9tik 17ra, kuadrillen mozorro argazkiak Bermeoko Udalaren sare sozialetan partekatzea bultzatu gura dugu, herritarrak girotzeko. Binaka edo taldekako argazkiak izan beharko dira, eta otsailaren 9, 10, 13, 16 eta 17an Bermeon egindako argazkiak baino ez dira kontuan hartuko. Instagramen (@bermeoudala) eta Facebooken (@bermeokoudala) Bermeoko Udala izendatu beharko da eta #bermeoaratuste24 traola erabili”, azaldu du Etxebarriak.

Argazkiak ezin izango dira iraingarriak edo diskriminatzaileak izan, ezta arrazakeria, sexismoa edo LGTBI fobia adierazi ere ez. Era berean, argazkia sare sozialetan jartzen duena izango da argazki horietan agertzen diren pertsonen baimena jasotzeko arduraduna, batez ere, adingabeen kasuan.  Bermeoko Udalak igotako argazkiak bere sare sozialetan partekatuko ditu, herritarren artean kuadrillen mozorroak zabaltzeko.

Otsailaren 19an, astelehenean, parte hartzen duten guztien artean delikatesen produktuekin osatutako otzara bat zozkatuko da.

“Jai giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jai hauetan ondo pasatzea”, adierazi du Etxebarriak.

Azkenik, Aratusteetako egitaraua osatzen laguntzen duten elkarte, talde, ikastetxe etabarren laguntza eta parte hartzea eskertu du, “horiek denak barik ezinezkoa izango litzatekeela horrelako egitarau bat antolatzea”.

07 / 02 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0