Albistea
Musikazaleek hitzordu berezia daukate datorren astean. Badator Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Oizmendi telebistaren laguntzarekin, antolatzen duen Bermeoko XXXIX. Nazioarteko Musika Astea. Abuztuaren 6tik 9ra bitartean, lau kontzertu hartuko ditu Santa Maria elizak; 20:00etan hasiko dira kontzertu guztiak eta dohainik izango dira.
Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailak antolatzen duen programarik zaharrena da Bermeoko Nazioarteko Musika Astea eta “arrakastatsuena”. Hartara, datorren astean estilo desberdinetako kalitatezko musika onenaz disfrutatzeko aukera izango dute bermeotarrek, ingurukoek zein bisitariek.
Abuztuaren 6n, martitzenean, Zaruk bikoteak emango dio hasiera Bermeoko Nazioarteko Musika Asteari. Iris Azquinezarrek (biolontxeloa) eta Rainer Sieferthek (gitarra) Agua diskoa aurkeztuko dute Santa Maria elizako kontzertuan. Gizakiak urari abesten dio disko horretan. Zarukek uretako kaleidoskopio bat sortu du, oso kultura desberdinetako melodietan oinarrituta. Iris Azquinezerren txeloan eta Rainer Seiferthen gitarran, naturaltasun eta etorri handiz batzen dira Iberiar Penintsulako musika tradizionala, dantza balkanikoak, Franz Schubert-en erromantizismoa, Jean Sibelius-en soinu nordikoak, Tom Jobim-en soinu-oihana eta berezko konposizioak.
Abuztuaren 7an, eguaztenean, Duo Dolmenen txanda izango da. Eider García de la Torre Aurrekoetxeak (klarinetea) eta Ibon Ariznabarreta Barrigak (flauta) osatzen dute Duo Dolmen. Elkarrekin musika egiteko ilusioa oinarri izanik, proiektu bat sortzea erabaki dute, eta proiektu horretan, ganbera-musikaren bidez, arte ibilbide bat hastea dute helburu, entzuleek musikariek eurek gozatzen duten beste edo gehiago gozarazteko asmoz, betiere publiko desberdinak kontuan hartuta.
Abuztuaren 8an, eguenean, berriz, Ibai Pijoan & Gus McQuaderen musikarekin disfrutatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Ibai Pijoan I Markaida txeloaren familia bermeotarra da, eta bera Bartzelonan jaiotakoa bada ere, udak Bermeon pasatzen ditu. Gus McQuade gitarra-jotzailearekin batera ariko da Pijoan Bermeon. Programan, pieza klasikoak eta beste batzuk modernagoak aurkeztuko dituzte: B. Strayhorn, J.S. Bach, J. Dowland, M. Ravel, F. Mompou, P.I. Tchaikovsky, G. Donizetti, A. C. Jobim eta J. McHugh.
Azkenik, abuztuaren 9an, barikuan, Bilbao Orkestra Sinfonikoko (BOS) Itsasne Alzola Garamendi biolin bakarlaria eta Jorge Yagüe zuzendaria izango ditugu Bermeon. Orkestraren programa Mozart eta Dvoraken lanak entzungo dira. Hala ere, barikukoa kontzertu berezia izango da. BOSek eta Bermeoko Udalak Bermeon bizi zen eta duela gutxi zendu zen Estefan Madru musikaria omenduko dute. Madru Bilbao Orkestra Sinfonikoaren biolinista zen, eta bi aldiz parte hartu izan du Bermeoko Musika Astean, piano-jotzailea den bere emazte Arrate Monasteriorekin batera.
Beste behin ere, Bermeoko Nazioarteko Musika Asteak kalitatezko musika dakar udalerrira, eta doan disfrutatu ahalko da musika onenaz, gainera. Modu horretara, Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Santa Maria elizako kontzertuetara.
010 (94 617 91 00)