Albistea
Bermeon, 2021ko apirilaren 29an.- Udal Gobernuaren agintaldiko ezinbesteko helburuetariko bat Sollubeko konektagarritasuna hobetzea izan da. Tunelen proiektua gauzatzeko Europako finantzaketa helduko dan jakin bitartean, eta bermeotarrak Sollubeko konektagarritasuna hobetzeko hainbat urte itxaroten daramatzagula aintzat hartuz, Bermeoko alkateak, gai honen gainean konpromisoa eskatu zion Ahaldun Nagusiari nolabaiteko konponbidea lortzeko. Horregatik, Udalak atsegin handiz hartu du Sollubeko bidean hobekuntzak burutzeko Bizkaiko Foru Aldundiak bideratuko dituen 35 milioien iragarpena.
Bermeoko konektagarritasuna Udalaren agintaldiko funtsezko gaia da. Beharrizan hori alkateak luzatu zion Ahaldun Nagusiari konponbide bat bilatze aldera. Horrela, hilabeteak iraun dituen erakundeen arteko elkarlanak onurak ekarriko dizkio udalerriari. Besteak beste Bizkaibusekin ekindako lankidetza gauzatu da Bermeo eta Bilbo batzen dituen A3527 linearen maiztasuna handituz. Orain Sollubeko konektagarritasuna hobetzeko egindako lana ere bide beretik dator.
“Bi erakundeen arteko lanaren fruitua da honakoa. Bermeotarron bizi kalitatea hobetzeko eta gure herri eta eskualdearen garapenerako epe labur-ertainean Sollubeko konektagarritasunean hobekuntzak burutu behar ditugu, eta iragarpen hau aurrerapauso nabarmena da”, azpimarratu du Aritz Abaroa alkateak.
Erakunde bien arteko elkarlanaren fruitu izan dira joan den hilaren 19an zabaldu zen saihesbidea eta herrigunearen arteko lotura berria, oraintsu zabaldu berri den udal igerilekuko kristalera berria, eta aurretik aipaturiko Bermeo-Mungia-Bilbo A3527 Bizkaibus linean izandako hobekuntzak. Zentzu horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du udalak, izan ere, mahai gainean badituzte etorkizunera begirako beste hainbat proiektu.
Hurrengo asteetan Bermeoko Alkatea Ahaldun Nagusiarekin batzartuko da Sollubeko konektagarritasunaren gai garrantzitsu honen inguruan urrats gehiago emateko.
010 (94 617 91 00)