Albisteak

Albistea

Sare sozialen erabilera egokiari buruzko tailerrak eskainiko dira Busturialdeko institutuetan

Bermeon, 2019ko azaroaren 15ean.-Busturialdean dauden hiru institutuetako DBH1eko ikasleei zuzenduta (220 ikasle inguru), Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) eta, batez ere, sare sozialak modu egokian erabiltzeko zazpi tailer antolatu dituzte eskualdeko gazteria zerbitzuek Bizkaiko Foru Aldundiko ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuaren barne; izan ere, gaur egungo gizartean eta, bereziki nerabezaroan, informazio eta komunikazio teknologiek garrantzia handia hartu dute formazioan, hezkuntzan eta bere berdinekin harremanak izaterako orduan.

 

Bermeoko Ignacio Arozena institutuan bi tailer emango dira. Horietan 75 gaztek parte hartuko dute eta hurrengo astean (azaroaren 20an) izango dira. Bi orduko tailerrak izango dira eta Jon Gomez Garaik eskainiko ditu, azken urteetan bezala.

 

Tailer horien helburuak honakoak dira: sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei (positibo zein negatibo) buruzko hausnarketa egiteko eremua ezartzea eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzea.

 

Gernikako BHIn hiru tailer emango dira. Horiek ere datorren astean izango dira, hilaren 18an eta 19an, eta 102 ikaslek parte hartuko dute. Barrutialde institutuko hiru tailerrak, berriz, azaroaren 27an eta 28an izango dira. Horietan 45 ikasle inguruk parte hartuko dute.

 

Pornografia

Aurtengo tailerretan pornografiaren gaia ere landuko da, izan ere, Internetek pornografiaren garapena ahalbidetu du eta gaur egungo gazte asko pornografiaren kontsumitzaile sutsuak dira. Gazteek informazio piloa daukate, informazio hori oso sexualizatua dago askotan eta ez dakite jasotzen duten informaziotik zein den benetakoa. Horrela bada, pornografia ikusten duten gazteek jakin behar dute zer ikusten ari diren eta zer nolako eredua bultzatzen duen.

 

Tailerrak DBH1eko ikasleei (12 urte) bideratzea planteatzen da, adin horretako gazteen gehiengoak Whatsapp, Instagram, Snapchat, Youtube eta bestelako sare sozialetarako sarbidea duelako eta askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituztelako.

18 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0