Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak terrazak jartzeko aukera desberdinak onartu ditu alde zaharreko ostalaritza lagundu aldera

- Ostalaritzari ezarritako murrizketek iraun bitartean, salbuespenezko neurriak onartzearen beharra ikusi du Udalak, kanpoan terrazak jartzeko aukerarik ez izateak eragindako kalte eta galerak saihesteko helburuaz.

- Fatxadarekiko paraleloa den erabilera publikoko espaziotik kanpo jarri ahalko dituzte terrazak alde zaharreko establezimenduek

Bermeon, 2021eko maiatzaren 28an.- Egun bizi dugun pandemia egoerak hamaika muga eta murrizketa ekarri ditu gurera, eta ostalaritzak bereziki pairatu ditu. Establezimenduen barne edukieraren erabilera ehuneko 50 murriztu da herriko ostatuetan eta badirudi udara begira murrizketa horiek indarrean jarraituko dutela. Aipatu neurriek kalte handiak eragin dizkio ostalaritzari, batez ere, terrazak jartzeko aukera ez duten establezimenduei, horietako asko herriko alde zaharrean. Hori horrela, Bermeoko Udalak terrazak jartzeko aukera desberdinak onartu ditu gaur Osoko Bilkuran, alde zaharreko ostalaritza lagundu asmoz.

Egun indarrean dagoen Ordenantzaren arabera, terrazek, establezimenduaren fatxadaren paraleloan dagoen erabilera publikoko espazioa okupatu ahal dute soilik. Beraz, Udalak, salbuespenezko neurriak onartzearen beharra ikusi du terrazak kanpoan jartzeko aukerarik ez dutenei eragindako kalteak saihesteko xedez. Horrela, ostalaritzako establezimenduen barruko espazioaren erabileraren murrizketek iraun bitartean, alde zaharreko establezimenduei araudiak finkatutako eremutik kanpo terrazak jartzeko aukera emango zaizkie. Gainera, osasun arloko adituen gomendioen arabera, aire librean egotea hobesten da.

Baimenak aldi baterakoak izango dira eta espazio horiek erabiltzean, ostatuek, mahaien arteko distantzia eta ordutegiari buruzko araudia errespetatu beharko dute. Eremuari dagokionez, Arresi, Lope Diaz de Haro eta Nardiz tar Benantzio kaleak izan ezik alde zahar osoan ezarriko  da. Horrez gain, establezimenduetatik gertu dauden plaza edo espazio publikoetan terrazak jartzeko baimena luzatuko da, baita galtzadetan jartzeko ere, baldin eta ibilgailurik ez dauden kaleak badira. Terrazetan mahaiak eta aulkiak jartzea baino ez da baimenduko eta gunearen arabera, eguzkitakoak jartzeko baimena ere emango da.

Era berean, gehienez sei mahai jarri ahal izango dira eta baimenaren titularrak, okupatutako espazioa, garbiketa eta higiene baldintza egokietan mantendu beharko du egun osoan. Besteak beste, bizikidetza bermatu beharko da eta eguna bukatzean, altzarien elementuak ostatuaren barnera sartu beharko dira. Terrazak ixteko ordutegia une bakoitzean indarrean dagoen pandemiaren araudiaren araberakoa izango da. Udalak ezinbesteko ikusi du Covid-19ak herrian eragin dituen kalte ekonomikoak leundu aldera neurriak hartzea eta era berean, alde zaharreko establezimenduei bultzakada ematea.

28 / 05 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0