Albisteak

Albistea

34 merkatarik eta tabernarik bat egin dute puntu seguruen sarearekin

  • Puntu seguruak identifikatuta agertzen diren mapa bat argitaratu da eta bideo bat ere zabalduko da, ahalik eta herritar gehiengana iritsi asmoz.
  • Azaroaren 25erako, Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala antolatu du; 11:00etan izango da, Goiko Plazan.

Herri seguruago bat lortzeko bidean, Bermeoko Udalak puntu seguruen sarea osatu du, herriko ostalari eta merkatariekin elkarlanean. Hartara, gune seguruak sortu dira, indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta euren ingurukoei babesa emateko.

Maiatzean hasi zen prozesua, eta ordutik herriko merkatariek eta ostalariek formakuntza desberdinak jaso dituzte. Gaur egun, 10 tabernarik eta 24 merkatarik osatzen dute sarea, eta horiekin guztiekin  mapa bat egin da. Mapa hori etxebizitzetara bidaliko da, herritar guztiek eskuragarri izan dezaten. Gainera, hizkuntza desberdinetan ematen da informazioa: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, errumanieraz eta arabiarrez. Mapa horiek udal eraikinetan ere egongo dira eskura, eta baita ere puntu seguru modura identifikatuta dauden leku guztietan. Izan ere, sarearen parte direnek “Eraso matxisten aurkako puntu segurua” dakarren logo bat izango dute identifikagarri moduan. Helburua da sarea handitzen joatea, eta horretarako udaletik deialdiak egingo dira, aurrerantzean gura dutenek sarera batzeko aukera izan dezaten; izan ere, indarkeria matxista gabeko herria lortzea guztion ardura da.

Puntu horietan, eraso matxistaren bat jaso duen pertsonak, lehenengo momentuko babesa jasotzeko aukera dauka, konfidentzialtasuna zainduta, beharrezkoak diren baliabideak martxan jartzen diren bitartean. Modu horretara, puntu seguruetako jabe eta langileek indarkeria matxistaren egoera baten aurrean laguntza emateko oinarrizko formakuntza jaso dute, eta erasotua babesteko neurriak ezagutu dituzte.

“Puntu seguruak edozein motako indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei babesa emateko sortutako puntuak dira, baita ere, eraso matxistarik gabeko puntu babestuak. Gertuen daukaten konfiantzazko puntua izatea da helburua”, azaldu du Berdintasuneko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok. Eskerrak emateko tartea ere hartu du Berdintasuneko zinegotziak: “Eskerrik asko Berton merkatari elkarteari eta puntu seguruen sarera batu zareten guztioi. Pausoz pauso, herri seguru bat egiten ari gara, eta beharrezkoak dira denon ahaleginak”. Orain arte puntu seguruen sareak izan duen parte hartzearekin “oso pozik” agertu dira Berdintasun saileko arduradunak, balorazio “positiboa” eginez.

Puntu seguruen sare hau ahalik eta herritar gehiengana iritsi asmoz, bideo bat ere egin da, Arrigurik sortutakoa. Gaur bertan aurkeztu dugu prentsaurrekoan, eta gaurtik aurrera sare desberdinetatik zabalduko da.

Era berean, herri seguruago bat lortzeko bide horretan, Bermeoko Udaleko beharginek ere formakuntza jaso dute, eta helburua da puntu seguruen sarea udal eraikin publiko guztiekin osatzea.


Hezkidetza mahaia

Aurtengo ikasturte hasieran martxan jarri da Hezkidetza mahaia; Bermeoko Udalak, Eleizalde Ikastolak, Sagrado Corazon Ikastetxeak, San Frantzisko Herri Ikastetxeak, Bermeoko Institutuak, Nautika Eskolak eta Onarrizko Lanbide heziketako Udal Institutuak (OLHUI) parte hartzen dute. Hezkidetza mahaiaren helburua da ikas komunitateari laguntzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren balioak bultzatzen, hau da, lan bateratua egiten da berdintasunean oinarrituta. Hiru hilabeterik behin batzen dira partaide guztiak.

Horrez gain, indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko, tailerrak antolatu dira LH eta DBHko ikasleei zuzenduta, ikasturtean zehar eskainiko direnak; beste batzuen artean, harreman afektibo osasuntsuak edo maskulinitate ereduak landuko dituzte.

Berdintasuneko zinegotzia “pozik” agertu da bere sailean ematen ari diren aurrerapausoekin: “Nahiz eta oraindik ere lan handia daukagun egiteko, lan handia egiten ari gara, eta pausoz pauso aurrera goaz, zerbitzu berriak herrira ekarrita, prebentzioa lantzen… eta arlo desberdinak ikututa”.


Azaroak 25, astelehena

Datorren astelehenean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala antolatu du egun horretarako; 11:00etan izango da Goiko Plazan. Herriko ikastetxeek parte hartuko dute ekitaldian, eta udaletik herritar guztiak deitzen dituzte parte hartzera.

Azaroaren 25arekin lotuta, herriko HH eta LHko ikasleek esku moreak marraztuko dituzte, eta herriko gune desberdinetan jarriko dira. Bestalde, DBHko ikasleek sticker eta giff antimatxistak sortzen ari dira, mezu labur eta zuzenak erabilita. Ikasleek sortutako sticker eta giff antimatxista horiek udalak jasoko ditu, eta aukeraketa bat egin ostean, zabaldu egingo dira, herritar guztien esku egon daitezen. Ekintza hauek Hezkidetza mahaian landutakoak dira.

“Gaitz horri” aurre egiteko orduan, emakumeen “ahalduntzeak” duen garrantzia azpimarratu du zinegotziak, eta indarkeria matxista mota guztiak “identifikatzeko eta aurre egiteko” herriko ikasleak egiten ari diren lana goraipatu du.

Azkenik, Bermeoko Udalak bat egingo du azaroak 25 arratsaldean Bermeoko Mugimendu Feministak, Diame eta Assalam emakume elkarteekin batera deitutako elkarretaratzearekin; 19:00etan izango da elkarretaratzea Taraskan. Udal arduradunek herritar guztiak deitzen dituzte bai goizeko ekitaldian eta baita ere, arratsaldeko elkarretaratzean parte hartzera.


18 / 11 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0