Albistea
Bidegurenek Ramon Garaizar Kankinkabara txistu taldeko kideari aipamen berezia egin dio eta utzitako “hutsunea handia” dela gogoratu du
Bermeo, gaur, Izaro protagonista duen Madalen jaia ospatzen ari da. Horrela, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, antzinatik egiten ohi denez, itsasora teila bota du honakoa esanez: ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak‘. Gutxienez XV. mendetik eta gaur egunera arte urtero Bermeoko Udala Izaro uhartera joan da Izaro uhartea ikuskatzen eta herriaren mugak aldarrikatzen. Bermeoren mugak noraino heltzen diren adierazteko alkateak teila bat jaurtitzen du uretara Izaro parean.
Aurten teila “berezia” izan dutela gogoratu du Idurre Bidegurenek, izan ere, Juanjo Bereciartua artista bermeotarrak diseinatutakoa da eta Bermeoko herriari Madalen egunean itsasora jaurtitzeko dohaintzan eman diona.
“Aurten tradizioa, jaia eta artea batzen ditugu bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan”, adierazi du. Horrela, Bidegurenek Bereciartuari eskerrak eman dizkio “bermeotarrontzat hain berezia den Madalen egunerako arte lana den teila hau diseinatzeagatik”. Juanjo Bereciartuak teiletan irudi ezberdinak margotzen ditu: eskuak, paisaiak… baina, Madalen egunerako diseinatutako teila berezi honetan Bermeoko Izaro irla margotu du, Izarok bermeotarrontzat duen garrantziagatik, batez ere Madalenatan.
Ramon Garaizarren aipamen berezia
Eta egun “berezi” honetan pertsona “berezi” bat gogoratu nahi izan du Bermeoko alkateak, “orain dela gutxi joan zaigun Ramon Garaizar, Kankinkabara txistu taldeko kidea eta Udaleko lankidea”. “Urteetan zehar, Kankikabarako taldeko kideekin batera eta gurekin batera ospatu du Madalen eguna, bere txistuarekin alaitu digu jaia Ramonek eta gaur itsasuntzian goazenok faltan botako dugu”, azpimarratu du.
Bermeoko Udalean Ramonek utzitako “hutsunea handia” izan dela adierazi du, “pertsona eta lankide moduan handia izan delako”. Guzti horregatik, Madalen egunean, berarentzat hain berezia zen jaian, Ramon Garaizarreri aipamen berezia egin nahi izan dio Alkateak.
Bestalde, Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du alkateak. “Bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu eta ingurumenarekiko eta elkarrekiko errespetua eskatzea gustatuko litzaidake. Geure buruaren jabe izanik era askean jaian parte hartzeko gonbitea egin nahi dut eta giro osasuntsuan ondo pasatzea desio dizuet”, azpimarratu du alkateak.
Bermeoko alkateak teila itsasora jaurti baino lehen, ohikoa den moduan, Bermeoko Udalak, Bermeoko bandera eta ikurrinaren jasoera egin du Izaro uhartean. Jarraian Bermeoko Alkate, zinegotziek eta itsasontzian joan diren beste ordezkari batzuek akta sinatu dute beste urte betez Izaroren jabegoa berretsiz. Ondoren, itsasontziak Elantxoberantz joan dira eta bertan, Elantxobeko Alkate makila harturik ohorezko aurreskua egingo zaio Bermeoko alkateari, herriko plazan, Bermeoko Alkartasuna dantza taldearen eskutik.
Bermeoko alkatearekin batera egon dira Bermeoko zinegotziak, Mundakako alkatea, eta Elantxobeko ordezkariak, Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; eta erakunde eta alderdi ezberdinetako ordezkariak; besteak beste, Pello Urizar, Miren Larrion eta Leire Pinedo, EH Bilduren legebiltzarkideak; Beatriz Ilardia, Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaia; Izaskun Bilbao Europako Legebiltzarreko EAJko legebiltzarkidea eta Itxaso Atutxa, EAJko BBB lehendakaria.
Era berean, azken urteotan bezala hainbat herritarrek ohitura garrantzitsu hau udalbatzarekin batera bizitzeko eta itsasontzi ofizialean joateko aukera izan dute. Urtero bezala hainbat izan dira itsasontzi ofizialarekin batera itsas jaian parte hartu duten herritarrak itsasontzi ezberdinetan.
18:00etan Elantxobetik irtengo dira, Mundakara joateko eta arratsaldeko 20:00ak inguruan helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza Goiko plazara abiatuko da Bermeotarrak fanfarrearekin. Banderak igo eta gero, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira eta festak aurrera jarraituko du. Ondoren, Bermeotarragaz Fanfarrearekin beherakada San Migeleko eskailerataraino. Portuan giro izugarria izango dugu Portuko Sorgine Elkarteak musikaz girotuko baitu gaueko 12:00ak arte.
010 (94 617 91 00)