Albistea
Bermeon, 2020ko irailaren 17an.- COVID-19ak sortutako krisia dela eta zenbait pertsonek lana galdu dute azken hilabeteetan tamalez. Bada, egoera honi buelta ematen laguntzeko Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak pertsona bat kontratatu du. Helburua da lana galdu duten pertsonei laguntza, orientazioa eta aholkularitza ematea ahalik eta lasterren lana aurkitu dezaten.
Langile hau Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako tokiko enplegua sustatzeko ‘3R’ programaren bitartez kontratatu da eta irailetik martxoaren 31ra arte egongo da zerbitzua eskaintzen. Hala eman dute jakitera gaur goizean egin den prentsaurrekoan Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Behargintzako zuzendari koordinatzaile Nere Mintegik.
Erakundeek badakite lurralde batean enplegua eta aberastasuna sortzeko, lehenik eta behin, ikuspegi lokaletik egokitu eta planifikatu behar direla lurraldearen garapena sustatzeko estrategia integralak. Hau dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak kaleratu ditu tokiko erakundeek (Behargintzak, kasu honetan) lana galdu duten pertsonei laguntza eta orientazioa eskainiko dieten pertsonak kontratatu ditzaten.
Hori horrela, Aritz Abaroa alkatearen hitzetan “Bermeoko Udalak COVID-19aren ondorioei aurre egiteko eta herriko ekonomia berraktibatzeko hartutako neurrien artean sartzen da programa hau ere”.
Besteak beste, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzan zerbitzu hau eskainiko duen pertsonak, honakoa egingo du datozen hilabeteetan:
- Lanerako berrorientazio-zerbitzua eskaini:
o Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatu. Besteak beste honakoak egingo dira: aukera profesionalen identifikazioa; beharrezkoa bada, partaidearen profilaren araberako prestakuntza-ibilbidearen diseinua, eta partaideak enpleguaren bilaketa aktiborako egin beharko dituen jarduketen identifikazioa.
o Ibilbidea garatzeko eta jarduera-konpromisoa betetzeko laguntza pertsonalizatua eskaini. Halaber, erabiltzailea aktibatzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko behar diren aholkularitza, informazio eta laguntza jarduerak egingo dira.
- Aholkularitza eta laguntza tekniko osagarria:
o Profil profesionala gaitasun profesionalen arabera islatzen duen curriculuma definitzeko.
o Enpleguaren bilaketa aktiborako teknikak aplikatzeko. Horren barruan sartzen da besteren konturako enplegua bilatzeko informazioa ematea eta bitarteko, teknika eta tresna eskuragarrien oinarrizko erabilera irakastea, bitarteko telematikoen eta sare sozialen erabilera barne.
- Informazioa eta aholkularitza osagarria, gai hauei buruz:
o Lan-merkatuaren egoerari eta enplegu-politika aktiboei buruz.
- Prestakuntza-eskaintza, banaka edo taldeka, ekoizpen-sektoreen eta pertsonen beharrizanak kontuan hartuta.
o Parte-hartzaileei laguntza emango zaie lan-merkatuan sartzeko, enpresekin topaketak eginez eta eskaintzak aurkitzeko planak garatuz..
o Lan-eskaintza potentzialen eta enpresek duten langile-beharrizanen prospekzioa eta identifikazioa egingo dira. Horretarako, enpresa batzuk bisitatuko dira eta harremanetan jarriko da enpresa-erakunde batzuekin.
o Enplegu-eskaintzak kudeatuko dira, eskaintzak eta eskaerak uztartuta.
o Horrez gainera, kontratazioari eta aktibaziorako laguntza-neurriei buruzko eta enpresen kontratazioari eta enpresan sartzeari buruzko informazio eta aholkularitza lanak egingo dira.
<u>Kontratatutako pertsonaren datuak dira:</u>
- ANA URQUIDI
- Telefonoa: 94.617.91.88, hitzordua hartzeko
- Posta elektronikoa: 3rprograma@bermeo.eus
- Ordutegia: Astelehenetik- Eguenera (9:00-14:00)
010 (94 617 91 00)