Albistea
Beste urte batez, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, herriko euskaltegiekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa martxan jarri du. Aurtengo leloa ‘Euskara ZU zara’ da, izan ere, ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu gura da, eta bereziki, mintzapraktika programetako parte-hartzaileek egiten duten lana. “Egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan kokatzen garenean euskara gara denok”, azaldu du Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak.
Bilbaok gogorarazi gura izan du Berbalagun egitasmoak lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen dituela, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo: “Berbalagunen parte hartzen dutenek, lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko”.
Berbalagun egitasmoko dinamizatzaile Marimar Hernandezek aipatu du, mintzapraktika programetan ez dagoela “ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo”. Programen bidez hiztun guztiek “gustura eta lasai” egiten dute euskaraz, “euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko”. Aurtengo kanpainarako sortu duten bideoan ideia hori islatu gura izan dutela esan du.
Hiru talde oraingoz
Bermeoko berbalagunak datozen egunetan hasiko dira elkartzen, eta astean behin egingo dute, ordubetez, kalean euskaraz bizitzeko. Oraingoz, hiru talde osatu direla esan du Hernandezek, baina ziur dago aurrerantzean talde gehiago sortuko direla.
Gogoratu du Berbalagun egitasmoan edonork parte hartu dezakeela, “praktikaren bidez euskara hobetu gura duenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”. Ildo horretan, zehaztu duenez, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen ordutegiak, adina eta zaletasunak. “Parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz batzen diren, betiere, lagun giroan”, gaineratu du.
Horrez gain, zaletasunen araberako taldeak ere sortzen direla esan du, hala nola, euskal dantza errazak praktikatzeko edo sendabelarrak ezagutzeko.
Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste ekintza osagarri batzuk antolatuko dituzte, urtero egiten duten moduan: irteerak, hitzalditxoak, tailerrak...
Ikasturte honetan ere online taldeak egongo dira, eta horiek azaroan abiatuko direla jakinarazi du Hernandezek.
Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein saritxoak eskura ditzakete. Izena eman gura dutenek https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bitartez egin dezakete, edo 607 609 580 telefono zenbakira idatzita. Informazio gehiago: https://praktikatu.eus/blog/bermeo
Bestalde, berbalagunentzat eta ez direnentzat, aurten hiru lehiaketa antolatuko dituzte, hori bai, data aldaketekin datoz. Aurtengo ikasturtean, abenduan, martxoan eta ekainean izango dira lehiaketak.
Gainera, Gurasolagun ekimenaren bidez, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz egiteko aukera izango dute. Gurasolagunen bidez, “gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartu gura da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu”. Jolasak, txangoak, tailerrak… egiten dira, helduak eta haurrak batera aritzeko.
Amaitzeko, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk nabarmendu du Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez dela behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horregatik, euskaraz egiteko gogoa duten pertsona guztiei, bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osagarrietan, parte hartzeko deia egin du; “Bermeon euskaraz bizitzeko aukera ezin hobea baita”.
010 (94 617 91 00)