Albisteak

Albistea

Sasoiko piper berdea izango da Bertoko Produktuen Udako II. Azokaren protagonista abuztuaren 8an, zapatuan

Bertoko produktuen udako II azoka egingo da Bermeoko azokan zapatuan, abuztuaren 8an, goizean zehar, 9:00etatik 15:00etara eta sasoiko piper berdea izango da bere protagonista garrantzitsu bat. Izan ere, bertaratzen diren pertsona guztiek piper berdeak, txakolina eta sagardoa dastatzeko eta baserriko lehen mailako produktuak, produktu ekologikoak eta Bermeoko kontserba enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera izango dute. Horrez gain, umeek ere tailerretan ondo pasatu ahal izango dute, eurei zuzendutako tailerrak antolatu baitira. 

Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Amaia Elorza Lurgintza zinegotziak, Pili Etxebarrieta eta Ainhoa Maguregi Bermeoko Azoka Elkarteko (Berazel) kideek eta azokako merkatariek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan abuztuaren 8an, zapatuan, egingo den Bertoko Produktuen Udako II Azoka.

Elorzak eta Ormaetxeak azaldu dutenez, Bermeoko Udala azoka biziberritzeko plangintzaren barne  urtean zehar, besteak beste, hiru azoka berezi antolatzen ari da, horrela Gabonetakoa eta udaberrikoa eginda gero, orain udako azokaren txanda da.   

Ildo honetan, adierazi dutenez, udako azokaren protagonistak bertoko produktuak izango dira, eta, horrela azoka honetara datozen pertsonek, sasoiko piper berdeak dastatzeko aukera izango dute, txakolina edo/eta sagardoarekin lagunduta 12:30etik 14:30era. Guzti hori euskal musikarekin girotuta egongo da, Bermeoko azokan giro aparta sortuz. 

Horrez gain, azokako saltokiek euren kalitatezko bertoko produktuak eskainiko dituzte, eta taloa, gozoak, produktu ekologikoak eta Bermeoko kontserba enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera ere egongo da. 

Umeek ere euren tokia izango dute azokan, etxeko txikienei zuzendutako tailerrak egongo baitira 11:30etik 13:30era. Bertoko produktuen udako azoka abuztuaren 8an, zapatuan, izango da goizez 9:00etatik 15:00etara, hain zuzen be. 

Merkataritza eta Lurgintzako zinegotziek adierazi dutenez, udako azoka honekin Bermeoko plaza indartu nahi da eta gure baserrietako sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako.  

Amaia Elorzak, Irune Ormaetxeak eta Pili Etxebarrietak pertsona guztiak gonbidatu dituzte Udako Azoka honetara etortzera euskal giro politean, bertoko produktuak, piper berdeak, taloa, txakolina eta sagardoa dastatzeko eta balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko.

 

 

03 / 08 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0