Albisteak

Albistea

Gaur Bermeoko azokatxoa egiten ari da

Saltzaileek aste beteko epea dute baldintzak betetzeko

 

Gaur, martitzenean, martxoaren 14an, Bermeoko azokatxoa egiten ari da, izan ere, azokatxoko saltzaileek aste beteko luzamendua eskatu zuten baldintzetara egokitzeko eta Udalak luzamendu hori onartu die. Benito Ibarrolazak, Zerbitzuetako zinegotziak, gogoratu duenez, joan den astean ez zen azokatxoa egin saltzaileek ez zituztelako baldintzak bete, nahiz eta horien berri izan.

Ibarrolazak adierazi duenez, “saltzaileek abendutik hona hiru aldiz jaso zituzten bete beharreko baldintzak, baina, martxoaren 3ko astera arte, saltzaile batek bez, ez zuen ezer esan baldintza horiei buruz, eta aste horretan lauek soilik bidali zituzten eskariak baldintzen inguruan”, azaldu du.

Dena den, egoera horren aurrean, joan den martitzenean, martxoaren 7an, Bermeoko Udalak postuetako saltzaileekin batzar bat izan zuen. Batzarrean Udalak saltzaileei toldo eta neurriei buruzko proposamen bat egitea aholkatu zien. Horrela, saltzaileek proposamen bat egin zuten toldoari buruz soilik.

Udalak, konpromisoa hartu zuen moduan, toldoaren proposamen hori zerbitzu batzordean aztertu du, eta bertan, hori eta neurriei buruzko proposamenak  aho batez adostu dira; ondoren, Tokiko gobernu batzordeak onartu du.

Udalak toldoaren proposamena onartu du, baina hainbat baldintza jarri dizkie  saltzaileei (plastifikatua, euritakoa, kalitatea…). Nahiz eta saltzaileen eskarian ez jaso, saltzaileen aldarrikapen bat izanda, neurriei buruz honakoa onartu du Bermeoko Udalak: Goiko plazako postuek 3 metroko zabalera izango dute, kasu bakoitzean 5 edo 8 metroko luzera originala mantenduta. Ez, ordea, Ertzilla kalean kokatutako postuak, izan ere, 2,5 metrotako zabalera mantendu behar izango dute, lege eta teknikoki ezinezkoa delako zabalagoak izatea. Ertzilla kalekoen kasuan, legez hobari ekonomikorik emateko aukera badago aztertuko da.

Ibarrolazak argitu duenez, “orain, saltzaileek aste beteko epea dute baldintzak betetzeko”. “Hurrengo astean, martxoaren 21ean, ezinbestekoa izango da adostutako baldintzak betetzea, izan ere, horrela ez bada, ez zaie euren postuak jartzen utziko eta, errepikatzen bada, saltzeko baimena galtzeko arriskua ere izango dute”, adierazi du.

“Gure borondatea izan da adostasunetara heltzea, eta ahaleginak egin ondoren, lortu dugula uste dut. Espero dut hurrengo astean saltzaileek baldintza guztiak betetzea azokatxoa, oraindik aurrera Goiko plazan, normaltasunez egin ahal izateko, eta herritarrek bertan eta Alde Zaharreko dendetan erosketak egin ahal izateko, eta aldi berean Alde Zaharreko biziberritzean pausu berri bat emateko”, nabarmendu du.

14 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0