Albistea
Asko izan dira Aste Santuan Bermeo bisitatzera etorri diren pertsonak. Horrela, Bermeoko ostatuek jai egunetan ia %100eko betetze maila izan dute. Jatetxeek ere eguerdietan bezero asko izan dituzte eta kasu gehienetan bazkari txanda bat baino gehiago eman dute eta tabernak ere beteta egon dira. Turismo aktiboaren kasuan, itsas irtenaldiak oso harrera ona izan dute, larunbatean izan ezik, eguraldia oso ona ez zelako.
Aurten Aste Santuan, lehenengo aldiz, herriko eta eskualdeko eskaintza guztia batu izan da bisitariei eskaintza hobeto helarazteko. Bestalde, Bermeon Arrain Azokako pintxo lehiaketaren ibilbidea martxan izan da eta bisitariek hainbat aukera izan dute gure herrian aisialdiaz gozatzeko.
Hortaz, 2015eko Aste Santua nahiko jendetsua izan da Bermeon herrian egon den giroa eta kontsumo maila kontuan hartuta. Bermeoko Turismo Bulegotik 935 pertsona pasa dira eta, urtero bezala, gehien bisitatu gaituztenak katalanak izan dira eta jarraian madrildarrak. Alemaniako, Argentinako, Austriako, Frantziako eta Japoneko bisitariak ere izan ditugu.
Aita Guria
Gabonetatik itxita egon den XVII. mendeko balezaleen bizimodua erakusten digun Aita Guria baleontzia Aste Santuan ireki da. Baleontzia apirilaren 2tik 5era egon da irekita, apirilaren 6an, mareak zirela eta, goizeko 10:00etatik 11:00ak arte soilik bisitatu ahal izan delako. 158 bisitari izan ditu egun hauetan eta bisitari kopuru hau hurrengo hilabeteetan gehitzea aurreikusten da.
Aste Santuko turismo datuak onak izan dira eta Bermeoko Udalak turismo jasangarriaren aldeko apustua berretsi du, hain zuzen ere, “gure arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismoaren aldeko apustua”.
010 (94 617 91 00)