Albistea
-“Iaz erabaki genuen bezala, gure esku dauden lursailetan pausuak ematen hasiko gara, pinuak eta eukaliptoak bertoko zuhaitzengatik ordezkatuz”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak
Bermeon, 2022ko urriaren 25ean.- 2021eko maiatzean Bermeoko Udalak Basoen Adierazpen Instituzionala onartu zuen aho batez. Bada, adierazpen instituzionalaren bigarren puntuak honela dio: “Bermeoko Udalak mendi publikoetan, bereziki udalaren jabetzakoetan, baso kudeaketa iraunkorrago baten alde egingo du, jarduera eredugarriak bultzatuko ditu eta eukaliptoen azalera murriztu eta bertako baso anitzak sustatuko ditu”. Hau honela, Matxitxako inguruko ‘Peruaristi’ lursailean bertoko zuhaitzak landatuko ditu hurrengo urtean.
“Hartu genuen konpromezuari jarraituz, ‘Peruaristi’ lursailean pausuak ematen hasi gara. Hori bai, lanketa ez da erraza. Lehenik eta behin bertoko eukaliptoak kendu genituen. Eukaliptoei, normalean, hauek moztu ostean, kimuak ateratzen zaizkie eta horiek ere kendu dizkiogu. Izan ere, lehen kimu kenketa ekainean egin zen eta, bigarrena, urrian egin da. Dena ondo badoa, 2023ko neguan bertoko zuhaitzak landatuko ditugu, lehen zegoen basoa berreskuratzeko asmoz. Ez da prozesu laburra baina etorkizunean, eukaliptoak zeuden tokian, bertoko zuhaitzez osatutako baso ederra izango dugu. Gure helburua da gure esku dauden lurretan horrelako ekintzak pixkanaka aurrera eramatea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
‘Peruaristi’ lursailak 4.400 m2 ditu eta, hirugarren aldiz kimurik kendu behar ez bada, 2023ko neguan landaketarekin hasiko da Udala. Ekintza honek eta Udalak 2021eko maiatzean onartutako adierazpen instituzionalak Nazio Batuetako Garapen Jasangarrirako 15. helburuarekin bat egiten dute: “Basoak modu iraunkorrean kudeatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta biodibertsitatearen galera inbertitzea”, alegia.
010 (94 617 91 00)