Albistea
Herritarrek hiru gai hauen artean bakarra aukeratu beharko dute bere irudi edo marrazkia egiteko: Bermeo arrantzalea, Bermeo baserritarra edo Bermeoko ohiturak
Marrazkiak entregatzeko epea gaur bertan hasi eta apirilaren 8an bukatuko da
Bermeon, 2020ko martxoaren 31an.- COVID-19a dela eta bizi dugun itxiera-egoera modu entretenigarriago batean pasatzeko proposamena luzatu die bermeotarrei Bermeoko Udalak, Berton Merkatari Elkartearen eta Benito Barrueta Arte Elkartearen laguntzarekin batera. Izan ere, ‘Etxeko bentanatik Bermiori kikuke!’ marrazki txapelketa abiarazi du, adin tarte ezberdinetako herritarrei zuzenduta dagoena. Marrazkiak entregatzeko epea gaur bertan hasi eta apirilaren 8an bukatuko da.
Gaur egun bizi dugun egoera zailean irribarreak eta sormena bultzatu nahi ditu Bermeoko Udalak. Horretarako, marrazki lehiaketa proposatzen die herritarrei. Bermeoko historia, ohiturak, kultura, eta, azken batean, bizitzeko modua, beti egon dira lurrarekin, itsasoarekin eta arrantzarekin lotuta. Hau dela eta, sustraiei eutsiz, hiru gai hauek planteatzen dira:
1) Bermeo arrantzalea
2) Bermeo baserritarra
3) Geure herriko ohiturak
Herritar bakoitzak irudi bakarra aurkeztu ahal izango du (marrazkia espresuki lehiaketa honetarako egindakoa izan beharko da) eta hiru gai hauetatik bat aukeratu beharko du. Ondoren, bere sormenak hitz egin dezala! Izan ere, hiru gai hauen interpretazioa erabat librea izango da. Irudia egiteko, arkatza, boligrafoak, margoak, akuarelak, olioak, akrilikoak, pastelak, arkatz ziriak, errotuladoreak edota antzekoak erabili ahal izango dira (ez dira modu digitalean egindako irudiak onartuko) eta A4 edo A3 tamainako orri zurietan egin beharko dira.
Aurkezteko moduari dagokionez, irudi edo marrazkiak eskaneatuta (jpg formatuan) edo kalitate oneko argazki batean bidaliko dira kultura@bermeo.eus helbide elektronikora. Esan bezala, epea gaur hasi eta apirilaren 8an bukatuko da. Marrazkiarekin batera, mezu elektronikoan, honako datuak zehaztu beharko dira:
- Izena eta abizen bi
- Adina
- Harremanetarako email helbidea eta telefono zenbakia
- Marrazkiaren izenburua
Sarituak nortzuk izango diren aukeratzeko 90 puntu banatuko dira. Erdiak (45) herritarrek emango dituzte. Horretarako, Bermeoko Udalak, apirilaren 10etik 15era, irudi guztiak Facebook-en jarriko ditu, kategorien arabera ordenatuta. Bada, herritarrek gustuko dituzten irudietan ‘atsegin dut’ botoia sakatuko dute. Kategoria bakoitzean ‘atsegin dut’ gehien jaso duten bost irudiek honela eskuratuko dituzte herritarrek emandako 45 puntu horiek:
- 1. Aukeratua(“atsegin dut” gehien jaso dituena): 15 puntu
- 2. Aukeratua: 12 puntu
- 3. Aukeratua: 9 puntu
- 4. Aukeratua: 6 puntu
- 5. Aukeratua: 3 puntu
Herritarren 45 puntuak banatuta, epaimahaiaren eskura pasako dira kategoria bakoitzeko 5 marrazki bozkatuenak (apirilaren 15etik aurrera). Epaimahaiak (Barrueta Arte Elkarteko margolari 1, Berton elkarteko kide 1, Kultura saileko teknikari 1 eta Kultura saileko zinegotzia) kategoria bakoitzeko 5 irudien artean beste 45 puntu banatuko ditu, ondorengo kriterioak jarraituz: originaltasuna (15 puntu), konplexutasuna (15 puntu) eta marrazkiaren edertasuna (15 puntu). Kontzeptu bakoitzean honela banatuko dira puntuak:
- 1. aukeratua: 5 puntu
- 2. aukeratua: 4 puntu
- 3. aukeratua: 3 puntu
- 4. aukeratua: 2 puntu
- 5. aukeratua: 1 puntu
Lehiaketaren irabazleak herritarren eta epaimahaiaren puntuazioen batuketa eginda aukeratuko dira. Berdinketa kasurik balego, epaimahaiak desegingo leuke.
Marrazki lehiaketa honetan 2 urtetik gorako bermeotarrek lehiatu ahalko dute, kategoria ezberdinetan banatuta:
- 1. Kategoria: 2-5 urte bitarteko lehiakideak
- 2. Kategoria: 6-9 urte bitarteko lehiakideak
- 3. Kategoria: 10-13 urte bitarteko lehiakideak
- 4. Kategoria: 14-17 urte bitarteko lehiakideak
- 5. Kategoria: 18 urtetik gorako lehiakideak
- 6. Kategoria: 18 urtetik gorako lehiakideak baina material bereziekin lan egingo dutenak: akuarelak, olioak, akrilikoak, pastelak…
Sariak hauek izango dira:
- 1. kategoria: marrazteko materiala eta 10€ko bonoa gozoki-dendan gastatzeko
- 2. kategoria: marrazteko materiala eta 10€ko bonoa gozoki-dendan gastatzeko
- 3. kategoria: zinemarako 2 sarrera eta Luma liburu dendan gastateko 25€ko bonoa
- 4. kategoria: zinemarako 2 sarrera eta Luma liburu dendan gastateko 35€ko bonoa
- 5. kategoria: 50€ko deskontu-bonoa Berton merkatari elkarteko edozein dendatan erabiltzeko.
- 6. Kategoria: 60€ko deskontu-bonoa Berton merkatari elkarteko edozein dendatan erabiltzeko.
Udal arduradunak sarituekin harremanetan jarriko dira txapelketa bukatutakoan. Gainera, sarituen izen abizenak sare sozial eta komunikabideen bitartez zabalduko dira. Sariak, hori bai, itxiera-egoera amaitzerakoan entregatuko dira. Esan bezala, herritar bakoitzak irudi bakarra aurkeztu ahal izango du (marrazkia espresuki lehiaketa honetarako egindakoa izan beharko da). Gainera, lanak entregatutakoan, egileak Udalari marrazkiak publikoki erabiltzeko baimena emango dio. Marrazkian ezin izango da agertu lehiakidearen izen, abizen ezta ezelako daturik irabazlea nor dan jakin arte, eta parte hartzaileek ezin izango dute marrazkien egileen nortasunik publikoki ezta sare sozialetan adierazi. Egitekotan kanporatu egingo dira. Azkenik, marrazkiak, itxiera-egoera amaitzerakoan, Kultur Etxeko harreran entregatu beharko dira guztiekin batera herriko gune desberdinetan erakusketa bat antolatu ahal izateko.
010 (94 617 91 00)