Albistea
Bermeo prest dago kolorez eta mozorroz janzteko, eta aratusteei umore onez ongi etorria emateko. Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 8ra bitartean, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimenak antolatu dira eta mota askotakoak: Musika, kalejirak, ikuskizunak, jaialdiak, dantzaldiak, tabernen mozorro lehiaketa…
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak azaldu du, aurten ere, Aratusteen baitan, adin eta gustu guztietarako ekimenak antolatzen saiatu direla, eta aurtengo egitaraua osatzeko, beste behin ere, herriko talde, elkarte eta ikastetxeen lana “ezinbestekoa” izan dela nabarmendu du, eta gaurko prentsaurrekoan ere horietako asko egon dira.
Kanta kanta lorue taldearen kalejirarekin abiatuko dira aurtengo aratusteak, datorren barikuan (otsailak 28). Ohi legez, Goiko Plazan batuko dira, 20:00etan, “umoretsu eta gogotsu”, aratusteei hasiera emateko. Herritar guztiak deitzen dituzte kantu jiran parte hartzera, eta mozorrotuta edo mozorroen osagarri batekin joateko deia egin dute.
Zapatuan, Lantzeko inauterien txanda izango da, Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik. Horiekin batera, egongo dira KIETB erraldoi txiki konpartsakoak eta Tiriki Trauki fanfarreakoak. 12:30etik aurrera, herriko kaleak kolorez, dantzaz eta musikaz beteko dituzte. Gizarte eta Kultura Etxean hasiko dute kalejira eta Lameran amaituko dute Miel Otxin erretzeko. Herritar guztiak gonbidatu dituzte Lantzeko inauterietan parte hartzera.
Coro Maikako kideak ere zapatua girotzera aterako dira kalera; Goiko Plazan jarri dute hitzordua 12:30ean. Handik abiatuko dute Aratusteetako kalejira, eta kalez kale ibiliko dira herriko txoko desberdinak euren kantuekin girotzen.
Aratusteetan ohikoak diren tostada txapelketak ere ez dira faltako. Batetik, astelehenean, Demiku Jubilatuen Elkarteak antolatutakoa egongo da 18:00etatik aurrera, Gizarte eta Kultura Etxean daukaten lokalean. Tostada txapelketaz gain, musikarekin girotuta, mozorro txapelketa ere izango dute. Hartara, lagun artean giro onean Aratusteetaz gozatzeko aukera izango dute. Hurrengo egunean, martitzenean, Erroxape Emakumeen Elkartean egingo dute tostada txapelketa; 18:30etan jarri dute hitzordua, elkarteak Erretenen duen lokalean. Arratsalde pasa ederra izango dute Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean bertan.
Aratuste martitzena
Aratusteen baitan, Bermeon martitzena izaten da egunik garrantzitsuena. Goizean hasi eta eguerdira bitartean, herriko ikasleak izango dira protagonista nagusiak, eurena izango da kaleak alaitzeko ardura, kalejira erraldoia eginez. Iazko formatuari eutsita, aurten ere herriko ikastetxe guztiek bat egin dute, eta batera egingo dute kalejira. Zikloka banatuko dira, baina aurten denek egingo dute ibilbide berdina, hori bai, amaitzeko leku desberdinak izango dituzte.
Aratuste martitzenean espaziora bidaia egingo du Bermeok, hori baita ikastetxeek adostu duten mozorrotzeko gaia.
Martitzenean bertan, 12:00etan, Lameratik hasita, Erroxapeko Martxako emakumeek Bermeoko kaleak alaituko dituzte euren musika eta mozorroekin. Beranduago, 13:00etan, Ross Dantza Eskolakoen dantza erakustaldia egongo da Lameran. Eta, arratsaldean, berriz, kantsa arte dantza egiteko aukera izango dute txikiek zein nagusiek, 17:00etatik 19:00etara, Lameran egongo den Disko Txiki Festarekin. Euria balitz, Disko Txiki Festa San Frantzisko Herri Ikastetxeko karpan egingo litzateke.
XXII. Tabernen Mozorro Lehiaketa ere Aratuste martitzenean izango da. Kultura zinegotziak azaldu du, aurten berriro tabernaz taberna ibili direla tabernen parte hartzea bultzatu asmoz, “herria eta herritarrak animatzen laguntzeko modu bat” dela uste duelako. Gaur arte, 14 tabernek eman dute izena; parte-hartzaile guztiekin mapa bat egingo da, eta Bermeoko Udalaren sareetatik zabalduko da.
Oraindik badago Tabernen Mozorro Lehiaketan parte hartzeko aukera, otsailaren 28ra arte izena eman daitekeelako. Irabazleak, Aratuste martitzenean bertan jakinaraziko dira, epaimahaiak taberna guztiak bisitatu ondoren. “Iaz egin modura, tabernaz taberna joango gara fanfarrearekin, eta herritarrak animatzen ditugu gurekin etortzera; iaz oso ondo pasatu genuen”, esan du kultura zinegotziak.
Azkenik, aurtengo Aratusteetako egitarau osatuari amaiera emateko, Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Vade Retro jaialdia egongo da martxoaren 8an, zapatuan. 21:30ean hasiko da Bermeoko Kafe Antzokian, eta Unholy Covers taldea eta DC Data izango dira jaialdia girotzeaz arduratuko direnak. Sarrerak aurretiaz erosi daitezke 12 eurotan (Luma liburu dendan eta bermeokokafeantzokia.com) edo egunean bertan 15 eurotan leihatilan.
“Egitarau guztia ikusita, jai giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animatu gura ditugu. Espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jai hauetan ondo pasatzea”, adierazi du Etxebarriak.
Azkenik, Aratusteetako egitaraua osatzen laguntzen duten elkarte, talde, ikastetxe etabarren laguntza eta parte hartzea eskertu du, “horiek denak barik ezinezkoa izango litzatekeela horrelako egitarau bat antolatzea”.