Albistea
Auzolanean antolatuta, bueltan datoz San Martin auzoko jaiak. Denetariko egitaraua prestatu dute azaroaren 15etik 17ra bitartean, adin eta gustu desberdinetako herritarrentzat. Bermeoko Udalaren laguntzarekin, San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturala Bermeo (SMB) ibili da jaiak berreskuratzeko lanetan, eta gogoa egi bihurtu dute.
“Musika aldetik, publiko guztientzako kontzertuak antolatu ditugu. Gainera, umeei garrantzia handia eman gura izan diegu (mozorroak, jokoak…), baita kirolari ere; esaterako, San Marton lasterketa berreskuratu dugu, eta eskubaloia kalean ere egongo da, beste hainbesteren artean. Denetarik landu dugu, herritar guztiek ondo pasatzeko aukera izan dezaten”, azaldu dute SMB elkartetik. Gainera, antolatzaileen helburua jaia auzo guztira zabaltzea izan da. Horregatik, gune nagusia San Martin kalean egongo bada ere (umeentzako parkea eta kalistenia gunea dauden ingurua), auzo guztira zabaldu dituzte ekintzak, auzoko gune desberdinak erabilita.
Ekimen honen jatorria gogoratu dute: “Denbora asko generaman, San Martin jaiak gogoratzen. Duela urteetako San Martin jaietan kontzertuak zeudela gogoratzen genuen, giro izugarria zegoela, San Marton lasterketa egiten zen... Gainera, kanpotik ikusten zen auzoko pertsonak oso elkartuta zeudela. Nostalgia ematen zigun beste auzo batzuetan jaiak mantentzen jarraitzea, eta, gurean, hobeto kokatuta egonda, jairik ez egotea, pena handia ematen zigun”.
Jaiak antolatzeko beste ideietako bat zen, auzoan bizi diren pertsonek elkar ezagutzea, eta adin guztietako pertsonak elkartzea eta horien guztien inplikazioa lortzea. “Auzoa asko hazi da, hainbat eremu integratu ditu, baina giza kohesio hori falta zen”, diote. 2023. urtearen amaieran hasi zen hau guztia, asmo berdinak zituzten 6 laguneko talde bat elkartuz: “Lehenengo urratsa San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturala Bermeo (SMB) sortzea izan zen. Oso lan gogorra izan da, jaiak berreskuratzea, elkarte bat sortzea, dokumentazioa, hainbat pertsonarekin biltzea, beste elkarte batzuekin, Udalarekin... Ordu asko izan dira, bilera asko, ez da lan erraza izan, denbora pertsonal handia eskatzen du, oztopoak gaindituta, baina beti ilusio handiz”.
Horrela, ideia eta ilusio askorekin, forma ematen hasi ziren eta finantziazio moduak bilatu zituzten: “Denda txikiei laguntza eskatu genien, antolatu ditugun jarduera guztiak antolatu ahal izateko. Espero dugu antolatu dugun hau guztia lehen urratsa izatea hazi hau loratzeko, auzoa egiteko eta, batez ere, gozatzeko. Jai hauek auzo-lotura bat sortzeko balio izatea ere espero dugu, belaunaldi ezberdinetako pertsonak, betikoak eta berriak elkartzeko, eta Bermeori hainbeste ekarpen egin dizkioten jaiak berreskuratzeko”.
Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotzia “oso pozik” agertu da hainbeste urteren ostean, San Martin jaiak berreskuratu direlako: “Plazer bat da San Martin auzoko jaiak bueltan izatea, eta gaur San Martin egunean bertan, jai horiek aurkezten egotea. Hemen ikusi da, auzolanarekin eta inplikazioarekin posible dela gauza politak egitea. Eskerrak eman gura dizkiet San Martin jaiak antolatzeko lanetan ibili diren guztiei. Hiru eguneko egitarau potoloa antolatu duzue, adin eta gustu desberdinetako herritarrei zuzendutako ekimenekin”. Kultura zinegotziak bermeotar guztiak gonbidatu ditu San Martin jaietan parte hartzera.
EGITARAUA
Azaroak 15, barikua
17:30: txokolatada bizkotxoekin, txosnan
17:00-18:00: mozorro lehiaketan izena eman, txosnan; Gaia: San Martin.
Ondoren: kalejira auzoko tabernetatik
19:00: txupinazoa, txosnan
Ondoren: Asier Romerok auzoko historiari buruzko hitzaldi txiki bat emango du
19:15: Mozorro lehiaketaren sari banaketa, txosnan
19:30-21:00: Saltsa dantza ekitaldia, Dantzaz Blai taldearen eskutik. Txosnan hasi eta auzoko tabernetatik egingo dute kalejira
20:00: Kanta Kanta Lorue txosnatik hasita eta auzoko tabernetatik
21:30-00:30: Argitu erromeria, txosnan
Ondoren: Dj Musika saioa, txosnan
Azaroak 16, zapatua
10:00: San Marton lasterketarako dortsalen salmenta txosnan.
Goiz guztian taloa eta txorizoa txosnan
11:00: San Marton lasterketa solidarioa, Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen alde. Ibilbide luzea (6.4 km) eta laburra (2.10 km) egongo dira aukeran, Bizkaiko Jaurerria 28tik irtenda. Dortsalak barikuan eta zapatuan egongo dira salgai txosnan
12:00-14:00: Umeentzako joko eta tailerrak hiru gunetan.
13:00: Arrekatxutxagaz triki-poteoa
17:00: Umeen dantza erakustaldia eta disko dantza saioa Rossen eskutik, txosnan
20:30-22:00: The Uski´s taldearen kontzertua, txosnan
22:30-00:30: Radio Guerrilla taldearen kontzertua, txosnan
Ondoren: Dj Jaikide, txosnan
Azaroak 17, domeka
10:00: Auzo osotik, bigarren eskuko azoka
10:00-13:00: Eskubaloia kalean, Urdaibai Eskubaloi Taldearen eskutik, Zubiaur Tar Kepa kaleko plazan
12:00-13:00: Fitness ekitaldia Yoli Babioren eskutik, txosnan
13:00: Zozketak eta sari banaketak, txosnan
13:30-14:30: Umeen danborrada Gaztelugatxe Danborrada Taldearen eskutik, txosnatik hasita
Ondoren: Jaien amaiera
010 (94 617 91 00)