Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Astilleros de Bermeo akordio batera iritsi dira ontziolak bere jarduera Erroxapeko moilara eraman dezan

-Eusko Jaurlaritzak emakida bat esleituko dio enpresari, jarduera lekuz aldatzearen baldintzapean

-Aritz Abaroa: “Inplikatutako alde guztiek ahalegin handia egin dute egoera honetara iristeko. Akordioari esker, idatzita geratu diren eta kontrolatu ahal izango ditugun hainbat mugarri definitu dira”

Bermeon, 2021eko urriaren 29an.- Astilleros de Bermeo enpresak bere jarduera herriaren erdigunetik kanpo dagoen leku batera lekualdatuko du, eta horrela, portuaren eta hiriaren arteko elkarrekintza hobea lortzeko helburua beteko da. Hala adostu dute Bermeoko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta ontziolak berak. Horrela, hilabeteetako lanaren ostean, inplikatutako alde guztiak asebetetzen dituen eta nahitaez bete beharreko mugarri batzuk ezartzen dituen akordioa lortu da.

Protagonista guztien gutxieneko baldintzak betetzen dituen hitzarmena da. Alde batetik, Bermeoko Udalak, jarduera hori herriaren erdigunetik aldentzea eskatzen zuten bermeotarren eskaera historikoari erantzuten dio. Modu berean, Astilleros de Bermeo enpresak herriko portuan lan egiten jarraituko du (Erroxapeko moilan), portuko erabiltzaileei zerbitzua emanez. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak portua berrantolatu ahal izango du, herriaren eta portuaren arteko elkarrekintza hobea lortu ahal izateko eta, aldi berean, jarduera ekonomikoak garatzeko, edozein portu-instalaziok behar dituen funtsezko zerbitzuak bermatuz. Horrela, portua Bermeoko eta eskualdeko garapen sozial eta ekonomikorako aukera-gune izatea lortuko da.

Akordio horri esker, Astilleros de Bermeo enpresak emakida bat lortuko du, lekualdaketaren eta, aldi berean, jarduera ekonomikoaren jarraitutasunaren berme izango diren zenbait mugarriren baldintzapean. Izan ere, hauek bete beharko ditu:

1)       Enpresak, ontziola Erroxapeko moilara eramateko oinarrizko proiektua aurkeztu beharko du, portuko Plan Bereziaren Hirugarren Aldaketaren hasierako onespenetik gehienez 6 hilabeteko epean.   

2)       Plan Bereziaren Hirugarren Aldaketaren behin-behineko onarpena egin ostean, Astilleros de Bermeo enpresak ontziola Erroxapeko moilara eramateko behin betiko proiektua aurkeztu beharko du gehienez ere 6 hilabeteko epean.    

3)       Plan Bereziaren Hirugarren Aldaketa behin betiko onartu ondoren, gehienez ere 6 hilabeteko epean hasi beharko dira obrak. Gehienez ere 2 urteko epean, ontziolaren lekualdaketa egiaztatu beharko da. 

 Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Bermeoko Udalak konpromisoa hartzen dute bi erakunde horien mendeko izapide guztiak ahalik eta gehien arintzeko, gehieneko epeak murriztu daitezen eta jarduera behin betiko lekualdatu dadin. Azken finean, idatziz geratzen diren eta protagonistek onartu dituzten konpromisoak dira.

Aritz Abaroa, Bermeoko alkatea: “gure esku zegoen guztia egiteko konpromisoa hartu genuen ontziolaren jarduera herriaren erdigunetik aldentzeko. Eskaera historikoa zen, eta pozik gaude lortu dugun akordioarekin. Inplikatutako alde guztiek ahalegin handia egin dute egoera honetara iristeko. Adiskidetasunez eta auzitara jo behar barik egin dugu, eta horrek balio handiagoa ematen dio erabakitakoari. Hartutako konpromisoak emakida berrian islatuko dira, eta, horri esker, azken helburura iritsi arteko pausoen jarraipena egin ahal izateko zenbait mugarri ditugu.”

“Prozesu honetan, garrantzitsua izan da, halaber, auzokideen elkartearekin izan dugun lankidetza-esparrua; izan ere, azken horiek parte aktiboa izan dira Bermeorako irekitzen den agertoki berri hau urte gutxi batzuetan errealitate bilakatzeko. Elkarrekin egindako lanari esker, gertuago gaude Bermeoko portua jarduera ekonomikoko guneaz gain Bermeoren eta Bermeotarren gozamenerako gune izatetik.”

“Hemendik aurrera portua hobetzeko lanean jarraituko dugu, garapen ekonomiko eta sozialerako aukerak emango dituen gune bihurtzeko. Udalerriaren plangintzan eta antolamenduan, funtsezkoa da bizitegi-erabileren eta industria- eta zerbitzu-erabileren arteko bizikidetza bermatzea. Akordio honi esker helburu hori beteko dugu, espazioak irabaziz eta jardueraren etorkizuna bermatuz”, amaitu du alkateak.

29 / 10 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0