Albistea
Amaitzear dago 2022-2024ko inbertsio estrategikoen planaren baitako Hiri Berroneratze Proiektuei lotutako gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza, enplegua, orientazioa eta laguntza proiektua, eta gaur, egindako lanaren berri eman eta parte hartzaileei eskerrak emateko batu dira, hain zuzen ere, langileek eurek atondutako guneetako batean, Zarragoitxin. Bertan izan dira, besteak beste, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly, Xabier Ortuzar Butron eta Maite Caruezo Ugalde zinegotziak, Xabier Iradi Mitxelena, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko Teknikaria, Garbiñe Ibarzabal Goikoetxea Gernika-Lumoko Lanbidetik, Maria Fernandez Pujana proiektuaren koordinatzailea eta proiektu pilotu honetan parte hartu duten langileak.
PIIE proiektuaren baitako gizarteratze proiektu bat da Bermeon garatu dena. Proiektuaren aurrekontu osoa 447.928,54 eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzak 394.403,54 eurorekin finantzatu du. Lanbidek ere lagundu zuen, lan elkarrizketak bideratzerako orduan, Zabaltzen-Sartu kooperatibakoekin batera.
Xabi Ortuzar “pozik” agertu da, proiektuak emandakoarekin, eta eskerrak eman dizkie hau posible egin duten guztiei: Zabaltzen-Sartu kooperatiba, Eusko Jaurlaritza eta Bermeoko Behargintza. “Azken hauen inplikazioa nabarmendu gurako nuke”, adierazi du. Horiek guztiek barik, lortu dena lortzea “ezinezkoa” izango zela gaineratu du, “horiei guztiei zor diegu proiektu honen arrakasta”.
Bermeoko Udalaren balorazioa “oso positiboa” da: “Honek lagundu digu gune degradatuetan lan asko egiten. Parte hartzaileek Askatasun Bidea 23ko lokalean egindako birgaitze lanak ere aipatu gura ditut. Lokal hori utzita egon da urte askotan, udalak ezin zuen erabili bere egoera txarrarengatik. Orain, eurei esker, nahiz eta azken ukituak falta diren, ia prest dago erabili ahal izateko, eta uste dugu datozen urteetarako lokal garrantzitsua izango dela herriarentzako. Hala, proiektu honi esker lokal hori berreskuratzea lortuko dugu, herriaren esku jartzeko”.
Epe laburrean, mota honetako beste proiekturen batean parte hartzeko aukera izan gura dutela azaldu du Ortuzarrek: “Batetik, uste dugu sozialki ikusita, jendeari lan mundura bideratzeko erraztasunak ematen laguntzen duela; eta bestetik, onuragarria da herriarentzat zein udalarentzat”.
Onurak sortzea helburu
Proiektua koordinatu duen Maria Fernandez Pujanak azaldu du, proiektu pilotu honen helburua zela onurak sortzea, talde jakin batentzat zein herritarrentzat. Gogorarazi duenez, prestakuntza eta enplegua uztartzen dituen programa da. Modu horretara, orientazio eta laneratze lanetan Zabaltzen-Sartu kooperatibako hezitzaile bat eta monitore bi aritu direla esan du, eta lantaldea, berriz, herriko 15 pertsonekin osatu da, gaur egun, 14 dauden arren: “Talde handia izan da eta profil anitzekoak, batzuk ezagutzekin eta esperientziadunak, eta beste batzuk ez, ordea”.
12 hilabeteko proiektua izan da: bi hilabeteko formakuntza, eta ondoren, hamar hilabeteko txandakako prestakuntza kontratua (%35 formakuntza eta %65 enplegua). Lan asko egin dituzte, baina, batez ere, pladurra, elektrizitatea eta iturgintza landu dituztela esan du Fernandezek. Egindakoen artean honakoak daude:
Proiektuaren onurak aipatuta, parte hartzaileentzat zein herriarentzat onurak dituela aipatu du. “Partaideak euren auzo edota inguruak berriztatzeko prozesua zelan doan ikusten dute. Hala ere, onura handiena herriko jendea hamar hilabetez kontratatua izatea da, peoi balioaniztun izateko formakuntza jarraitua jasota, teoria eta praktikaren bidez. Kontuan izan behar da, parte hartzaileek denbora luzea zeramatzatela langabezian. Era berean, udalarentzat eta auzokideentzat onurak ere baditu. Izan ere, auzo degradatuetan dauden beharrizanak herrikideek konpontzen dituzte; arkitektonikoki zailak diren auzoak dira, irisgarritasun txarrekoak eta hezetasun askokoak”, esan du proiektuko koordinatzaileak.
Udal sail desberdinek parte hartu dute proiektuan (Beruala, Zerbitzu Saila, Hirigintza, Obra eta Ingurumen Saila eta Behargintza), eta Fernandezek uste du “garrantzitsua” izan dela guztien parte hartzea, “hurrengo proiektuetara begira sortutako aliantzengatik”. Zinegotzien parte hartzea eta inplikazioa ere garrantzitsua izan dela aipatu du: “Proiektu oso handia da, hainbat alderen inplikazioa eta adostasuna eskatzen du, eta hori da zailena”.
Proiektuko koordinatzaileak udal brigadakoek egindako lana goraipatu gura izan du, eta euren eskuzabaltasuna eskertu du: “Kontuan izanik daukaten lan karga nahikoa handia dela, edozertan laguntzeko prest egon dira. Brigadako koordinatzaileari esker, eremu degradatuetan egin beharreko lanak zehaztu ziren, beste teknikari batzuekin batera, eta horrek asko erraztu zuen esku hartzerako eremua”.
Langileentzat esperientzia ona
Unai Marcaida Laiseca eta Alejandro Ecehpare Berrio langileek adierazi dute, mota honetako lanetan arinago lan egin ez dutenentzat esperientzia “ona” izan dela, ofizio desberdinak ikasteko aukera izan dutelako, baita ere eraikuntzari buruzkoak. Eta, ezagutzak zituztenentzat, berriz, “baliagarria” izan dela diote, “lan eta materialekin berriro harremanetan jartzeko, enpresa pribatuetan dagoen presiorik barik”.
Uste dute, etorkizuneko proiektuei begira “hobetzeko gauzak dauden arren”, proiektu “ona” dela, “lan desberdinetan trebatzeko eta 10 hilabetez lan eta ekonomia alorretan egonkortasuna izan ahal dutelako”.
Esperientzia errepikatzeko eta beste pertsona batzuei gomendatzeko prest daude; “horrelako lanetan esperientziarik ez baduzu, ikasteko eta lan egiteko esperientzia baliagarria da”.
Amaitzeko, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk hartu du hitza, eta Hiri Berroneratze Proiektuei lotutako gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza, enplegua, orientazioa eta laguntza proiektuan parte hartu duten guztien lana goraipatu du, eta eskerrak eman dizkie proiektu pilotu honetan sinesteagatik: “Izugarrizko lana egin duzue, eta espero dugu mota horretako proiektu gehiago gurera ekarri ahal izatea”.
010 (94 617 91 00)