Albisteak

Albistea

Udaletxea berreskuratzeko bigarren faseko obrak esleitzeko deialdia zabaldu du Bermeoko Udalak

 

 

2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko Udaletxeko eraikina berreskuratzeko lanen bigarren faseko obrak esleitzeko deialdia zabaldu du Bermeoko Udalak.  Esleipena prozedura irekiaren bidez egingo da. 

Bigarren fase horretan eraikinaren egituraren birgaitzea egingo da eta estalkia itxiko da. Horrela, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da, eta baldintzak ezarriko dira falta izango litzatekeen azken esku-hartzea egiteko. 

Kontratuaren xedea Udaletxea berriztatzeko obren 2. fasea da, eta obra horiek 2018ko udan bukatzea aurreikusten da. Kontratuaren prezioa 494.754,61 eurokoa izango da, BEZ barne. 

Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, esan duenez, bigarren fase horretako lanen %30 inguru Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailak emandako 150.000 eurorekin finantzatuko da. Bigarren fasearen gainerakoa Bermeoko Udalak finantzatuko luke; hala ere, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin Bermeoko Udala harremanetan dago finantziazio gehiago lortzeko. 

“Kontuan hartu behar da Udaletxea berreraikitzeko lanen kostu osoa 1,2 milioi euro ingurukoa dela, eta erakundeen laguntza beharrezkoa dela”, adierazi du. 

Proposamenak ekainaren 28ra arte aurkeztu ahal dira Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) astelehenetik barikura (8:30-14:30), martitzenetan eta eguenetan (16:30-19:00) eta larunbatetan (10:00-13:00). 

2013ko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, kalte garrantzitsuak sortu zituen Bermeoko Alde Zaharrean eta, batez ere, Nardiz Tar Jon kalean. Eraikin asko kaltetu ziren eta baita ere Bermeoko Udaletxea. Hori dela eta, Bermeoko Udaletxean zeuden zerbitzu guztiak Kultur etxera lekualdatu behar izan ziren, eta momentu honetan berton kokatzen dira (idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak). 

Bidegurenek adierazi duenez, Udaletxea  Bermeoko “eraikin garrantzitsuenetarikoa da bere balore patrimonialagatik,  Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta baitago, eta herritarrentzat toki adierazgarria delako”. Horregatik, bere esanetan, “ezinbestekoa” da  Udaletxeko “eraikina berreskuratzea” eta “horretan ari gara lanean”. “Horrela,  obrak esleitu ondoren bigarren faseari ekingo diogu eta hamar hilabeteko epea izango dute”, adierazi du. 

“Udaletxeko eraikina konponduta eta martxan izatea beharrezkoa da bermeotarrontzat, bere balore patrimonialagatik eta Alde Zaharra biziberritzeko ere funtsezkoa delako, bere bihotzean dagoelako”, nabarmendu du. 

06 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0