Albisteak

Albistea

Aritz Abaroak Bermeoko Udal Gobernuaren lehenbiziko 150 egunen balorazioa egin du

Bermeon, 2019ko azaroaren 21ean.- Bermeoko alkate Aritz Abaroak Udal Gobernuaren lehenbiziko 150 egunen balorazioa egin du gaur goizean. Izan ere, Kultura Etxean egindako prentsaurrekoan, Abaroak gaiez gai aztertu du bere lantaldeak lehenbiziko hilabete hauetan aurrera eramandako egitasmo nagusiak.

Abaroaren Udal Gobernuak agintaldi honetarako hiru helburu estrategiko definitu zituen: ‘Bizi kalitatea’, ‘Herri bizia’ eta ‘Kudeaketa arduratsua eta nortasuna’. Halaber, hiru helburu estrategiko hauek garatzeko, hainbat ‘azpi-eremu’ zehaztu ziren. Jarraian, azpi-eremu hauetan agintaldiko lehenbiziko 150 egunetan egindakoa laburbilduko da: 

-        Bermeo Garbi: 

o   Bermeoko Udala garbiketa bereziekin hasi da. Hidrogarbigailu bat ekarri eta herriko gune ezberdinetan garbiketak egin dira. Aurrez definitu diren zenbait puntutan probak egin dira (Lameran, Lamera Txikin, Arostegin eta Askatasun Bidean) makinak nola funtzionatzen duen jakiteko. Balorazio oso positiboa.

o   Presiozko garbiketak egin dira herritik zehar eta garbiketa hauek protokolizatu egingo dira.

o   Enplegu planaren bitartez 2 pertsona kontratatuko dira denbora baterako. Helburua da ‘kontzientzia sortzailearen’ figura lantzea. Garbitasuna, txukuntasuna eta herriko mantenuaren sentsibilizazioa landu nahi dira pertsona hauen bitartez.

o   Garbitasun integralaren ekintza plan bat egitea enkargatu du Udalak eta tramitatzen dago. Nola eta non hobetu daitekeen jakin nahi du Udalak. 4 urterako plan bat egingo da. Egin beharreko lanak eta errekurtsoak zehaztea da helburua. 

o   Herriko kontenedoreak berriztatzeko kontratua tramitatzen dago Udala. 

-           Bermeo argi:

o   Arene eta San Miguel auzoetan argiteria hobetzeko inbertsioa egiteko kontratua esleitu da dagoeneko.  

-           Bermeo segurua:

o   Gurutze Gorriarekin lankidetza hitzarmena sinatu da arreta, osasun eta gizarte zerbitzuak emateko. Akordioak, adinekoei, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eta familiei, boluntarioei eta prebentzio eta larrialdi zerbitzuei zuzendutako jarduerak eta programak gauzatzeko aukera emango du. Udalak 20.000 € emango dizkio Gurutze Gorriari aipatutako programak eta jarduerak udalerrian gauzatu ahal izateko.

o   Bermeoko Udalak drogen kontsumoak dakartzan arriskuak txikitzeko programa bi martxan jarri zituen Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Alde batetik, drogei buruzko informazio eta testing zerbitzua martxan jarri zen eta, bestetik, Botiltzarra izeneko programa egin zen.

o   Etxeetan su-detektoreak jartzeko egitasmoa aurrera darama Udalak. Tecnifuego elkartearekin harremanetan jarri da eta 500 detektore emango dituzte. Urteko lehenbiziko hiruhilekoan kanpaina abiaraziko da. Gainera, Mapfre, APTB (Asociación Profesional de Técnicos de Bomberos) eta Herri Babesarekin batera  ‘Suteei Aurrea Hartzeko Astea’ egin zen eta oso esperientzia positiboa izan zen, batez ere umeekin.

o   Datozen hilabeteetan kiroldegiko larrialdietarako eskailera egingo da. Urteetan zehar legea betetzen ez zuen egoerari irtenbidea eman zaio.  

-         Mugikortasuna:

o   Bizkaibus zerbitzuaren gabeziak identifikatu dira, proposamenak prestatu eta udal ordezkari guztiekin adostu dira. Bizkaiko Foru Aldundira bidali dira proposamenak eta erantzunaren zain dago Udala.

o   Sollubeko tunelak abiarazteko lehenbiziko bilera egin du Udal Gobernuak Bizkaiko Aldun Nagusiarekin. Jarraipenerako bilerak egingo dira legealdian zehar.

o   Zarragoitxiko irisgarritasuna hobetzeko kontratua esleitu da. Lanak laster hasiko dira. 

-          Ekonomia garapena: 

o   Lokalbide programa zehaztu da dagoeneko. Bide honetan, alde zaharreko lokalen errolda egin da.

o   Bermeo Tuna World Capital (BTWC) egitasmoaren harira lantaldea sortu da herriko ekonomiaren garapena sustatzeko. Lantalde honen barruan daude Udala, Azti eta herriko kontserbera batzuk. Gure helburua da eragile gehiago gehitzea eta datorren urteari begira ekonomia lokala sustatzeko ekintza gehiago egitea.

o   Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera BEAZ proiektua martxan jarri da. Programa honen helburuak dira: herriko enpresen hazkundea azeleratzea eta talentua eta inbertsioa herrira erakartzea. Bermeoko enpresa traktoreak identifikatzen gabiltza eta programan parte-hartzera gonbidatuko dira. Euren beharrizanak identifikatu ostean, beharrizan horiek asetuko dituzten enpresa berriak Urdaibai ingurura ekarri nahi dira.

-          Turismoa: 

o   Bermeoko Udalak antolatutako bisita gidatuak egin ditugu egunero Gaztelugatxen uztaila eta abuztuaz zehar. Irailean asteburuetan bakarrik. Bisita gidatu hauek -Gaztelugatxe erakusteaz gain- Bermeoko beste turismo eskaintza batzuekin lotu dira, Gaztelugatxek sortzen duen trakzioa aprobetxatuz.

o   Ibilbide geologikoak antolatu dira udazkenean zehar.  Bermeok daukan ondare geologikoa azaleratzea eta ingurumen naturala balioan jartzea dira ibilbideon helburuak.

-          Kultura eta kirola:

o   Artza frontoiko aldagelak berriztatu dira. Gainera, frontoian, komunak, eskailerak eta elbarrituentzako sarrera ere berritu dira. 

-         Kudeaketa arduratsua: 

o   Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuan (GOUP) kudeaketa auditoria bat egiten dago Udala, kudeaketa eta zerbitzua zertan hobetu daitezkeen jakiteko. Kalitatezko zerbitzuak bermatzea, eta era berean,  kudeaketa efizientea bilatzea da helburua.

o   Agintaldiko plana egiten gaude. Horretarako, sailez saileko lanketaz aparte idazkaritza tekniko baten laguntza dugu.

o   Aurrekontua datorren hilabetean onartuko du Udalak. Aurrekontu hau zuzen-zuzenean egongo da lotuta Udal Gobernuaren hiru helburu estrategikoekin (‘Bizi kalitatea’, ‘Herri bizia’ eta ‘Kudeaketa arduratsua eta nortasuna’).

21 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0