Albistea
Bermeoko Udalak kasuen koordinazioa eta jarraipena egingo du boluntarioekin eta programa hau jaso ahal duten pertsonak identifikatuko ditu. Programa hau ‘La Caixa’ Gizarte Ekintzaren laguntza du.
San Juan de Dios ospitaleko profesionalek laguntza emango duten boluntarioei formazioa emango die eta koordinazio lanak egingo ditu. Ospitale hori Bizkaian arlo honetan erreferentziazko erakundea da.
Bermeon, Bizkaian, 2019ko otsailaren 25ean.- Bermeoko Udalak eta San Juan de Dios ospitaleak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute “Bizitzaren azkena eta Bakardadea. Zurekin Bananduz” laguntza programa eskaintzeko. Proiektu honen helburua da bizitzaren azkenean bakardade egoeran dauden bermeotarrei laguntzea eta, horretarako, boluntario talde batek laguntza eskainiko die egoera horretan dauden pertsonei. Boluntario horiek beharrezkoa den formazioa izango dute. Ekimen hau guztiz doanekoa da eta ‘La Caixa’ Gizarte Ekintzaren programa bat da.
Akordio hori gaur aurkeztu dute Bermeoko Kultur etxean Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko presidenteak; Leire Diazek, Bermeon programa hau koordinatuko duen gizarte langileak, Miren Viñak, San Juan de Dios ospitaleko koordinatzaileak, eta Julio Gómezek San Juan de Dios ospitaleko medikuak.
Horrela, Bermeo bere herritarrei laguntza zerbitzu hau eskainiko dien Bizkaiko lehenengo herria izango da. Orain arte, San Juan de Dios ospitaleak lan hori zaharren egoitzekin sinatutako hitzarmenen bidez eskaini du, besteak beste, Bilbon, Barakaldon, Portugaleten, Sestaon eta Getxon.
Programaren helburua da bizitzaren azkenean bakardade egoeran eta bakardade egoeran egoteko arriskuan dauden bermeotarrei laguntzea, bere etxean zein egoitza batean egonda ere. Neurri handi batean Gizarte Zerbitzuak antzemango dituzte bakardade egoerak bizitzaren azkenean, baina, hala ere, kasu horiek beste zerbitzu batzuetatik etor daitezke. Era berean, Gizarte Zerbitzuek hartuko dituzte boluntarioen sarea osatuko duten pertsonak eta haiek, era altruista batean, bere bizitzaren azkenean bakarrik dauden pertsonei lagunduko diete.
Programa honetan hasiera batean parte hartuko duten boluntarioak bost izatea aurreikusten da eta bizitzaren azkenean bakardade egoeran edo bakardade arriskuan dauden beste bost pertsona lagunduko dituzte. Hala ere, Bermeon pertsona bat bakarrik bizi diren etxeak 960 direla kontuan hartuta, lagunduko diren pertsonak gehiago izatea aurreikusten da.
San Juan de Dios ospitaleak, arlo honetan duen esperientzia handiari esker, boluntarioen taldeari formazioa eskainiko dio. Horrela, boluntarioek laguntza lanak modu egokian egiteko beharrezkoak diren ezagutzak izango dituzte. Era berean, boluntarioen taldearen koordinatzailea ospitaleko profesional bat izango da. Profesional horrek programaren garapenaren ikuskapena eta ebaluazioa egingo du, betiere Bermeoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin elkarlanean. Horrez gain, programa honetako beste boluntario batzuekin topaketak egitea aurreikusten da.
Leire Díaz gizarte langileak azaldu duenez, “pertsona baten azken egunetan guztiz garrantzitsua da laguntza soziala zaintze lanen barneko arlo bezala sustatzea”. Horregatik, Bermeoko Udalean gure herritarrei zuzendutako gizarte eskaintza zabaldu nahi izan dugu programa berritzaile honen bidez; izan ere, programa hau bizitzaren azkenean bakardade egoera batean daudenei zuzenduta dago, ahultasun handiko egoera bat, hain zuzen ere. Era berean, programa dohainekoa da eta horregatik behar duten pertsona guztiek erabili ahal izango dute, haien egoera ekonomikoa edozein izanda ere.
Bere aldetik, Miren Viñak, San Juan de Dios ospitalearen koordinatzaileak, azaldu duenez, boluntarioekin egiten den formazio plangintzaren bidez, hilero batzartzen dira hainbat gai lantzeko, besteak beste, zainketa aringarriak, boluntarioen ahalmena eta jarrera, heriotzarekin harremana, sufrimendua partekatu, zaintzen ikasi, doluan lagundu, emozioak adierazi, legatua transmititu, laguntzen den pertsonaren heriotza eta boluntarioaren itzulera etxera.
“Bermeon ‘Bizitzaren azkena eta Bakardadea’ proiektua martxan jartzearen azken helburua da gaixo eta bakarrik dauden pertsonetan bakardade horrek eragiten duen sufrimendua arintzea laguntzaren bitartez, saihets daitekeen sufrimendua erremediatzeko eta saihestu ezina den sufrimenduan laguntzeko”, esan du.
Bere esanetan, “bakardadea XXI. mendeko gaixotasuna da eta bizitzaren azkenean dauden pertsona nagusien osasun egoeraren pertzepzioan eragina du”. “Mundu guztiak lagunduta sentitzearen beharrizana dauka eta horretaz jabetzearena baita ere”, gaineratu du.
‘Bizitzaren azkena eta bakardadea’ programa
‘Bizitzaren azkena eta Bakardadea. Zurekin Bananduz” programa Bizkaian dago martxan eta 2016. urtetik 347 pertsona artatu ditu 251 boluntariorekin.
La Caixa-k programa honen 14 laguntza sare ezarri ditu toki ezberdinetan: Granollers, Sant Boi, Bartzelona, Castellon, Sevilla, Cadiz, Ceuta, Tenerife, Salamanca, Madril Iparra, Madril Hegoa, Madril hirigunea, Santurtzi eta Gasteiz. Hasiera batetik, programa honen bidez bizitzaren azkenean bakarrik zeuden 10.200 pertsona baino gehiago artatu dira, 1.381 boluntarioren bidez.
Ekimen hau La Caixaren Gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta osoa emateko programaren barne dago. Programa hori 128 ospitaletan eta 133 Etxez etxeko zerbitzu taldetan ezarri da, arreta psikosoziala emateko 42 talderen bidez. Horiek bizitzaren azkenean dauden pertsonei eta euren familiei arreta osoa eskaintzen diete, medikuntza unitateen lana osatuz.
Euskal Herrian La Caixak laguntza bi sare ezarri ditu Santurtziko San Juan de Dios ospitalean eta Araban “Norberaren Ahotsarekin bizi’ programarekin, hain zuzen ere. Horrez gain, Gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta osoa emateko programa dago bi talderekin, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko EAPSekin eta Donostiako Matia Fundazioaren EAPSekin.
010 (94 617 91 00)