Albisteak

Albistea

Ibarrolazak: "Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren beharrizanei erantzun beharrean, interes alderdikoiak lehenesten ditu"

Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari batzar bat eskatuko dio erakundeen arteko leialtasuna eskatzeko eta Bizkaibusen zerbitzua hobetzeko

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) jarrera salatu du; izan ere, “orain dela egun batzuk bermeotarrek eta Udalak Bizkaibus hobetzeko egindako eskaerari ezezko borobila eman zigun, gure herrian garraio publikoaren eskaintza handia dela argudiatuz; eta, orain, komunikabideen bidez, alderdi politiko batek jakinarazi du BFAk 7:20an autobus bat gehiago jarriko duela”. 

“Jarrera horrekin erakundeen arteko desleialtasun argia erakusten du BFAk, eta herritarren beharrizanei erantzun beharrean, interes alderdikoiak lehenesten dituela”, salatu du. 

Ibarrolazak gogoratu duenez, Bizkaibus A3527 lineak, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duenak, ordu erdiro zerbitzua eskaintzea eskatu zien joan den apirilean herritarrek eta Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Garraio Sailari. “BFAren erantzuna ezezkoa izan zen, eta ez ziguten inolako neurririk proposatu, Bermeok dagoeneko garraio publikorako eskaintza handia duela argudiatuz ”, azaldu du. 

Era berean,  alkateordeak azaldu duenez, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin izandako batzarretan, elkarrizketetan eta idatziz ere bai,  garraio publikoaren eskaintza hobetzeko eskaera luzatu dio “behin da berriz, eta, betiere, erantzuna ezezkoa izan da”. 

Hortaz, bere esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak “herritarren eta Udalaren eskaerari uko egin dio, inolako aukerarik eskaini gabe; eta, ondoren, atzeko atetik, Bermeoko EAJ-PNVri gutxieneko kontzesio bat eman dio domina txiki bat jarri ahal izateko”. “Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera irrigarria izan da, lotsagarria eta joko politiko zikina”, gaineratu du. 

Ibarrolazaren ustez, “erakunde publikoek ordezkatzen dituzten herritarren interesak defendatu behar dituzte, eta, ez alderdi politikoen interesak, eta argi dago, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak interes alderdikoiak lehenetsi dituela”. 

Guzti horregatik, Bermeoko Udalak batzar bat eskatuko dio Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari gai honetaz azalpenak eta “erakundeen arteko leialtasuna” eskatzeko. Horrez gain, batzar horretan Bizkaibus hobetzeko bermeotarrek egindako eskaria luzatuko dio berriro ere, hau da,  Bizkaibus A3527 lineak, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duenak, ordu erdiro zerbitzua eskaintzea. Beste hobekuntza batzuk ere eskatuko ditu, besteak beste, Bermeo eta Bakio, Gaztelugatxetik pasatuz, autobusa jartzea udaberrian, neguan eta udazkenean. 

 

 

15 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0