Albisteak

Albistea

I. Lapiko eta Putxera txapelketa zapatuan, apirilaren 16an, Bermeoko Alde Zaharrean

 

Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta, zapatuan, apirilaren 16an, I Lapiko eta Putxera txapelketa izango da Bermeon. Antolatzaileek azaldu dutenez, Bermeoko Alde Zaharra dinamizatzea helburu duen lehiaketa honetan parte hartzeko, indaben lapikua prestatu behar da. 

Jadanik 30 pertsonak esan dute parte hartuko dutela , baina txapelketa egunean  izango da izena ematea. Horretarako, partaideak Kabidxe lokalean (Sabino Arana Enparantza) 9:00etan aurkeztu beharko dira eta izena ematea dohain izango da. 

Indabak prestatzeko hiru barietate edo motak erabili daitezke: tolosarra, pinta eta Bizkaiko tolosarra. Horrez gain, patata, barazki, urdai eta txorizoa gehitu daitezke. Aurkeztu beharreko kantitate minimoa kilo bat izango litzateke. Osagarriak betikoak onartuko dira: txorizoa, odolosteak, urdaia, txarri produktuak, saiheskia eta behi magala. Ez da derrigorrezkoa guztiak erabiltzea, baina bai lehen hirurak. 

“Indabak lapiko edo kazoletan bakarrik prestatu daitezke, presio-lapikoetan egindakoak kanporatuta geratuko dira”, ohartarazi dute. Jende aurrean prestatuko dira eta gasa, ikatza zein egurra erabiliz prestatu ahal izango dira. Txokoetan prestatu daitezke, antolatzaileen kontrolpean izanez gero. 

Indabak eguerdiko 13:00 -13:30ak bitartean aurkeztu beharko dira, beranduago eginez gero deskalifikatuta geldituko baitira. Lehiaketa hau antolatzeko Xabier Bilbao sukaldariaren laguntza dute eta hau Alde Zaharreko Goiko plazan, Ertzilla kalean eta Irakaskintza kaleetan egingo da. 

Sariei dagokienez, lehenengo saria txapela, amantala eta bazkaria izango dira eta bigarrena amantala eta bazkaria. 3tik 20ra sari bereziak egongo dira. “Giro aparta izango dugu zapatuan Bermeoko Alde Zaharrean. Hortaz, pertsona guztiak animatu nahi ditugu lehiaketa honetan parte hartzera”, adierazi dute.

12 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0