Albisteak

Albistea

Ikuskizun berezia, erakusketa eta omenaldia, besteak beste, Xixili Gimnastika taldearen 25. urteurrena ospatzeko

 

 

Xixili Gimnastika Taldeak aurten 25 urte bete ditu eta urte horietan guztietan egin duen lan garrantzitsuaren berri emateko eta urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu ekainean,  besteak beste, erakusketa, ikuskizun berezia, omenaldia, bazkaria eta lore eskaintza. Horien guztien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, eta Xixili Gimnasia taldeko lehendakariak eta kideak, Bego Usandizagak eta Gotzone Goienetxeak, hurrenez hurren.

Horrela, ekainaren 8tik 17ra  Xixili Gimnastika taldearen erakusketa egongo da Bermeoko Nestor Basterretxea Aretoan. Horretan,  25 urte hauetan taldeko gimnastak erabilitako maillotak ikusteko aukera egongo da eta urte hauetan modak eta materialak zelan aldatu diren ikusi ahal izango da.

Horrez gain, erakusketa argazkiekin osatuko da eta horietan taldetik pasa diren kirolariak eta entrenatzaileak ikusi ahal izango dira eta baita  irabazitako kopak eta dominak ere. Ildo berean, bideo eta argazki proiekzioak izango dira erakusketan. Ordutegia honakoa izango da: astegunetan 19:00etatik 20:30era eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era. Ekainaren 16an itxita egongo da.

Ekainaren 16an, zapatuan, Xixili Gimnastika taldeko gimnasta guztiek  ikuskizun berezia eskainiko dute Bermeoko Araneko Kiroldegian 10:00etatik 13:00ak arte. Bertan Gernikan zein Bermeon entrenatzen duten kirolari guztiak, 200 inguru, batuko dira urtean zehar egindako lana erakusteko.

Gimnasia erritmikoaren jaia izango da, adin eta maila guztietako gimnastekin, benetan ikusgarria eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu ikuskizun horrekin gozatzera”, adierazi dute antolatzaileek.

Gainera, ikuskizun berezi horretan Xixili taldea posible egin dutenei omenaldia egingo zaie, bereziki, aurten utzi gaituen Andres Uriondori, taldearen ardatza 25 urte hauetan. Andres Uriondok lan handia egin du Bermeon gimnasia erritmikoa presente egoteko eta hori bultzatzeko. Bera izan da, bere emazte Bego Usandizagarekin eta Macarena Millanekin batera, Bermeon Xixili Gimnasia Taldearen sortzailea eta, 25 urtetan, Bermeon eta eskualde guztian gimnasia erritmikoaren zaletasuna bultzatzeko  gogor lan egin du.  Horrela, urteurrena ospatzeko erakustaldi honetan merezitako omenaldia egingo zaio.

Ikuskizuna bukatu ondoren, ohitura denez, Xixili eskulturari lore eskaintza egingo zaio eta, ostean, bazkaria izango da. Bazkari horretara Xixili taldean urte guzti hauetan hala edo nola parte hartu duten guztiak gonbidatuta daude.

 

“25. urteurrena ospatzeko ekimen horien guztien helburua da herritarrei gure taldeak eta gure kirolariek egiten duten lana erakustea, guztiok gimnasia erritmikoarekin gozatu ahal izateko. Gainera, era berean, emakumeek kirolean duten presentzia ezagutzera emateko bidea ere izango da, gure kirolariek egiten duten lana eta ahalegina balioan jarriz”, nabarmendu dute. 

2017-2018 ikasturteko emaitzak

Bestalde, 2017-2018 ikasturteari amaituta, Bego Usandizagak Xixili Gimnastika taldeak lortutako emaitza onak gogoratu ditu. Esate baterako, Espainiako txapelketan oinarrizko jubenilen taldeak 7. postua lortu du, Garazi Aslak bederatzigarrena eta Zaira Gonzalezek 23.a. Oinarrizko kadetetan, Euskadiko txapelketan Zaira Gonzalez txapelduna izan da eta Estibaliz Basterretxea txapeldun ordea.

Alebin A taldea Bizkaiko txapelduna eta Euskadiko txapeldun ordea izan da, Jubenil A taldea Bizkaiko txapeldun ordea eta Kadeteak A taldea hirugarrena Euskadiko txapelketan. Idoia Ormaetxea, Senior Amateurra, Euskadiko Txapelduna izan da.

Eskola arteko txapelketetan ere lortutako postuak oso onak izan dira, eta Xixili Taldea “oso pozik eta harro” dago  emaitzekin, izan ere, “lan gogorraren emaitza dira”.

Xixili Gimnastika Taldea 1993an sortu zen Bermeon eta, ordutik gaur arte, 2.000 ume eta gazte baino gehiago pasatu dira Bermeoko Xixili taldetik eta beste horrenbeste Gernikatik; izan ere, Gernikan ere jarduten da. 

2017-2018 denboraldian Xixili Taldeak  Bermeon 80 ume izan ditu matrikulatuta eta Gernikan 110; eskualde guztiko ume eta gazteek- gehienak neskak- osatzen baitute Xixili Gimnastika taldea (Bermeo, Mundaka, Busturia, Forua, Muxika, Bakio, Gernika…).  2 entrenatzaile eta 5 laguntzaile ditu, guztiek profesionaltasun maila altua bermatzen dute, euren formakuntzaren eta esperientziaren bidez.

“Gimnasta, entrenatzaile eta gurasoen ilusioari eta lanari esker, 25 urte bete ditugu, baina beste urte asko betetzeko asmoa dugu, horrela eskatzen digutelako gure kirolariek. Aupa Xixili!!!, adierazi dute Xixili taldeko kideek.

 

06 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0