Albistea
Udaltzaingoak, segurtasun kamaren bidez, Zarragoitxiko igogailuan kalteak sortu dituen pertsona identifikatu du, gazte bermeotar bat, hain zuzen ere. Orain diligentziak ireki ditu, gaia Epaitegira bidaltzeko.
Benito Ibarralazak, Segurtasun eta Zerbitzu zinegotziak azaldu duenez, joan den irailaren 10ean, goizaldean, pertsona batek Zarragoitxiko igogailuan kalte handiak sortarazi zituen, pibote batekin igogailuaren atearen kontra kolpeka aritu ostean. Horren ondorioz, igogailuaren ateak, kristalak.. apurtu eta igogailua blokeatuta gelditu da eta Zarragoitxiko auzokideak hainbat egunetan igogailu barik gelditu dira.
Gertaera horren berri izan ondoren, Udaltzaingoak neurriak hartu ditu eta segurtasun kamaren irudiak aztertu ditu. Segurtasun kamerei esker, kalteak sortu dituen pertsona identifikatu dute.
Udaltzaingoak diligentziak ireki ditu gaia Epaitegira bidaltzeko eta kalteen aurrekontua eskatu du hau ere epaitegira bidaltzeko. Lehenengo balorazio baten arabera, kalteak 1.700 euro inguruko kostua izango dute. Hortaz, identifikatutako pertsonaren datuak eta kalteen balorazioaren txostena epaitegira bidaliko du behar diren ardurak eskatzeko.
Herritarren kolaborazioa
Benito Ibarrolazak herritarrei dei bat egin die euren kolaborazioa eskatzeko eta bizikidetzan eragozpenak, iskanbilak, kalteak… sortzen direnean, 092 edo 112 telefonoetara deitzeko “sortzen diren arazoak ahalik eta arinen konpontzeko edo konponketak bideratzeko”.
Azkenez, Ibarrolazak honelako “gertaerak saihesteko hausnarketa egitea beharrezkoa” dela adierazi du. “Mota honetako ekintzek gure herriko eta herritarren ongizatearen kontrakoak dira eta kostu handia dute herriarentzat”. Hortaz, “errespetua eta ardura” eskatu ditu “honelakoak ez gertatzeko”.
010 (94 617 91 00)