Albistea
Laster Gabonak dira eta hain bereziak diren data hauetan ekimen asko eta asko izango dira Bermeon. Horrela, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, puzgarriak igerilekuan, ‘The Sey Sisters’ taldearen Gospel kontzertua, bestelako kontzertuak, ekimen solidarioak, kirol erakustaldia eta beste ekitaldi asko eta asko izango ditugu Bermeon.
“Egitaraua zabala izango da eta guztiok, nagusiak zein umeak, jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dugu”, azaldu du Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, gaur egindako prentsaurrekoan. Astuirekin batera egon dira Susana Regidor eta Iñaki López, Kultura eta Gazteria teknikariak, hurrenez hurren.
Astuik adierazi duenez, hainbat izango dira Gabonetan eskainiko diren gabon kontzertuak. Gaur bertan, Udal zaharren egoitzan Erroxape abesbatzak kontzertua eskainiko du 12:00etan eta Egoitz Alaia zaharren egoitzan egongo dira 18:30ean Musika eskolako ikasleak eta Erroxape abesbatza.
Abenduaren 15ean, barikuan, Txo Sevilla Dantza taldeak antolatuta, ‘Irrifarreak oparitzen’ dantza ikuskizuna ikusteko aukera izango dugu 20:00etan Bermeoko Kafe Antzokian.
Abenduaren 16an, zapatuan, hainbat izango dira Bermeon izango ditugun Gabonetako ekintzak. 9:00etatik 15:00etara Bertoko Produktuen Gabonetako V. Azoka izango dugu udal azokan (umeen tailerrak, musika zuzenean, Olentzeroren parte hartzea…).
Egun berdinean, Salsa Cubana eta cubaldunak antolatuta, Gabonetako salsa festa izango da. 13:30ean poteoa eta bazkaria ikasle eta bazkideentzat eta 18:00etatik 22:00etara Batzokiko lokalean jaia egingo dute parte hartu nahi duten pertsona guztientzat.
Kirol erakustaldia
Era berean, Arrantzaleen Museoan familia tailerra egingo da 16:30ean itsasoko gabon apaingarriak egiteko, eta 18:00etan kirol erakustaldia izango dugu Artza frontoian. Erakustaldian Senior Gimnasia, karatea, gimnasia erritmikoa eta Line dance ikusteko aukera izango dugu; izan ere, talde ezberdinek urtean zehar egindako lana erakutsiko digute era polit batean.
Iluntzeko 20:00etatik aurrera Coro Rociero Maikak herriko kaleak alaituko ditu Gabon kantak abesten, Erribera, Taraska, Lamera eta Portuzarretik kalejira egingo baitu.
Abenduaren 17an, domekan, Erroxapek antolatuta, Gabon doinuak entzuteko aukera izango dute Santi Spiritus udal zaharren egoitzan, bertan 11:00etan ‘Erroxapeko martxa’ gitarra eta ukelee ikastaroen emanaldia izango baita, Goyarzun ahizpek zuzenduta.
Abenduaren 19an, martitzenean, musika eskolako ikasleek Gabonetako kontzertua eskainiko dute 19:30ean Santa Eufemia elizan, eta abenduaren 20 eta 21ean, eguaztenean eta eguenean, Sancti Spiritus udal zaharren egoitzan gabon doinuak eskainiko dituzte 17:30ean. Egun berdinetan (abenduak 20 eta 21), MuseunMusikaren barne, musika eskolako taldeek kontzertua eskainiko dute Arrantzaleen Museoan 19:00etan.
Gospel kontzertua
Aurten, gainera, Gospel kontzertua izango dugu, egungo talde adierazgarrienetariko batekin, The Sey Sisters taldearekin, hain zuzen ere. Kontzertua abenduaren 21ean, eguenean, izango da Bermeoko Kafe Antzokian iluntzeko 20:00etan. Sarrerak 8 euro dira eta jadanik salgai daude. “Kalitatezko kontzertua izango da eta Gospel musikarekin gozatzeko aukera eskainiko digu”, azpimarratu du Astuik.
Urtero bezala Minbiziaren Aurkako Alkarteak antolatuta, Gabonetako Mahai zentroen XX. Lehiaketa egingo da Nestor Basterretxea aretoan. Lanen aurkezpena abenduaren 20an, eguaztenean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da; eta irabazleen izenak abenduaren 21ean, eguenean, 18:00etatik aurrera jakinaraziko dira.
Musika ere presente egongo da abenduaren 22an, barikuan; izan ere, 20:00etatik aurrera Kanta Kanta Lorue kalejira izango dugu Bermeoko kaleetatik. Egun berdinean, Bermeoko Abesbatzak 20:00etan Kasinoan Gabon kontzertua eskainiko du.
Abenduaren 23an, zapatuan, ekimen solidarioak izango dira protagonista Bermeon. Kate Sarea Elkarteak, ‘Eutsi gogor, danok batera’ proiektuaren barne antolatuta, gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko, Gabonetako jaialdi solidarioa izango da Artza Frontoian 19:30ean. Sarrera 8 euro da (sarrera eta zozketa) eta ezin duenak jaialdira joan, baina lagundu nahi duenak 3 euroko eserleku zero sarrera eskuratzeko aukera izango du.
Era berean, abenduaren 23an, Itsas Salbamentu Humanitarioak antolatuta, gaueko 22:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian, Ongintza Rock kontzertua izango da honako taldeekin: Kobrazulo, FITA, Zona Cero, Sealek Room, Hardcore.exe, eta Song of Anhubis. Sarrera 8 euro da aurretiaz erosita eta 10 euro leihatilan.
Bestalde, abenduaren 23an, zapatuan, arratsaldean (16:45- 20:00) umeek uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute Araneko igerilekuan eta abenduaren 24an, domekan, goizean ere bai (11:00etatik 14:00etara).
Olentzero eta Mari Domingi
Eta, zelan ez, abenduaren 24an, domekan, gure Olentzero eta Mari Domingi maiteak menditik jaitsiko da Bermeoko umeei bisita egiteko. Olentzero eta Mari Domingi 17:00etan helduko dira Bermeora, Ataldera, hain zuzen, eta herritik ibili ondoren, gau horretan lan gogorra izango dute umeen opariak banatzen. Euskeraz Berbetan taldea, Alkartasuna Dantza Taldea, Kankinkabara Txistu taldea, Arrekatxutxa trikitrixa taldea, Bermeoko Kasinoa, eta Gotzon Garitaonanindia euskaltegia, besteak beste, dira antolatzaileak. Aurten ere, kalejira amaituta, ume guztiek Kasinoan Olentzerorekin argazkiak egiteko aukera izango dute.
Abenduaren 25ean, astelehenean, Eguberriko meza abestua egongo da Izaro abesbatzaren eskutik San Frantzisko elizan 13:00etan.
Bestalde, abenduaren 26tik 29ra Bermeoko Arrantzaleen Museoak Gabonetako tailerrak hartuko ditu, eta horietan 5 eta 10 urte bitarteko umeek itsasoari eta arrantzari buruzko eskulan eta jokoak egiteko aukera izango dute goizeko 11:00etan. Sarrera euro 1 da.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Abenduaren 27an, eguaztenean, umeek ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskainiko duten ‘Borobilean’ ikuskizunarekin. Artza frontoian izango da eta bi saio egongo dira, 16:00etan eta 18:30ean, hain zuzen ere. Sarrerak salgai daude Kultur etxean, Kutxabank-eko orotarako kutxazainetan eta kutxabank.es web gunean. Umeen sarrerak 5 euro dira eta nagusienak 10 euro.
Abenduaren 29an, barikuan, Izaro abesbatzak Gabon kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan 20:30ean.
Bestalde, abenduaren 30an, zapatuan, arratsaldean (16:45- 20:00) umeek berriro ere uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute Araneko igerilekuan eta abenduaren 31n, domekan, goizean ere bai (11:00etatik 14:00etara).
Azken bainu dibertigarria eta San Silbestre lasterketa
Urtero bezala, abenduaren 31n, domekan, urteko azken bainu dibertigarria egingo da Bermeoko Portuan 12:00etan Bermeoko Txirrindularitza taldeak eta Udalaren Kirol Patronatuak antolatuta, eta, ondoren, 13:00etan, aurten nobedadea den San Silbestre lasterketa egingo da, helburu solidarioekin; izan ere, Kate Sareak antolatutako ekimen horrekin gaixotasun arraroak dituzten umeei eta euren familiei lagunduko zaie.
Lasterketa hau 13:00etan hasiko da Portuko Olatua eskulturaren inguruan eta adin guztietako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, hiru ibilbide egiteko aukera egongo baita: 500 metrokoa, 2 kilometrotakoa eta 4 kilometrotakoa. Dortsalak bi euro izango dira eta abenduaren 15etik 30era arte Intersport dendan egongo dira salgai. Abenduaren 31n Lameran, Kiosko alboan, eskuratu ahal izango dira dortsalak. “Hortaz, ez dago aitzakiari, denok parte-hartu San Silvestreren 1. edizio honetan”, azpimarratu du Astuik.
Gaztelekua, Ludoteka eta Traka Matraka tailerrak
Gabonetako oporretan, abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra Gaztelekua eta Ludoteka irekita egongo dira eta horietan egitarau berezia prestatu dute. Gainera, abenduaren 30ean, zapatuan, urteari bukaera emateko, Gaztelekuan Gazte Jaia ospatuko da eta horren barne DJa, afari-merienda, CDn zozketa eta beste ekintza batzuekin gozatzeko aukera izango dute herriko gazteek.
Era berean, musika, birziklapena eta aniztasuna batzen dituzten Trakamatraka tailerrak izango dira Gaztelekuan zein Ludotekan, hau da, birziklatutako objektuekin egindako musika-tresnen ikuskizuna eta tailerrak. Ume edota gazte bakoitzak bere musika-tresna sortuko du eta asmatutako tresnekin abesti bat joko da guztien artean. Gaztelekuan (12-18 urte) abenduaren 27an, eguaztenean, izango dira Trakamatraka tailerrak, 19:30etik aurrera. Ludotekan, aldiz, urtarrilaren 2an izango dira, martitzenean, 18:00etatik aurrera.
Trakamatraka tailerren helburuak asko dira, beste batzuen artean, musika tresnen funtzionamendua eta erabilera ezagutu eta ulertu; intuizio eta praktikaren bitartez, musika ulertu; birziklaturiko etxeko gauzekin mota ezberdinetako musika-tresnak eraiki; gailu ezberdinak modu seguruan erabiltzen trebatu edota musika eta kultura aniztasuna balioetsi.
Erregeak
Urtarrilaren 5ean, barikuan, umeek uretako puzgarriak izango dituzte Araneko igerilekuan (11:00etatik 14:00etara).
Gabonak bukatzeko zelan ez, urtarrilaren 5ean, barikuan, Ekialdetik datozen Gaspar, Meltxor eta Baltasar Erregeen desfilea izango dugu. Erregeak itsasotik 18:00etan helduko dira Bermeoko Portura, eta ilusioa eta opariak ekarriko dizkie Bermeoko ume guztiei.
Desfilean zehar gozokiak banatuko dituzte, zeliakoek ere jan ahal dituztenak. Bukatutakoan umeek aukera izango dute Gaspar, Meltxor eta Baltasarrekin argazkiak ateratzeko udal liburutegian. Antolatzailea Budek elkartea da, eta laguntzaileak Bermeotarrak fanfarrea, musika eskolako ikasle eta irakasleak, Gurutze Gorria, Itsas Salbamendua, eta Izaro Bikers.
Astuik ekimen guzti hauek antolatzen dituzten elkarte eta herritar guztiei eskerrak eman dizkie. “Gabonetan egitarau zabala izango dugu Bermeon; eta espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, ekimen hauekin gozatzea”, adierazi dute. Azkenez, Aingeru Astuik “bermeotar guztiei gabon zoriontsu batzuk opa izan die”. “Ondo pasa, famili eta lagun artean!”.
010 (94 617 91 00)