Albistea
1.400 ume eta gazte baino gehiago elkartuko dira datorren eguaztenean, ekainaren 20an, Bermeon ikasturte amaierako jaian. Herriko ikastetxe guztietako 3 urtetik 12 urte bitarteko haurrek ez dute aspertzeko astirik izango, hainbat baitira eurentzat antolatu diren ekimenak: pailazoak, dantzaldia, umeentzako parkea, eta zirko ikuskizuna, besteak beste. Gainera, aurten nobedade bat izango du ikasturte amaierako jaiak; izan ere, ume eta gazte guztiek bitsarekin gozatzeko aukera izango dute eguerdiko 12:00etan.
Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, azaldu duenez, festa horrekin, ikastetxe guztietako umeak “ekintza batean elkartu nahi dira egun zoragarri bat igarotzeko”.
Haurrek adinaren arabera parte hartuko dute antolatutako ekintzetan. Horrela, haur hezkuntzako hiru urtetik gorako umeek ‘Tomaxen abenturak, 10 urte’ pailazoen ikuskizuna ikusteko aukera izango dute goizeko 10:30ean Sagrado Corazón ikastetxean.
LHko 1. eta 2. mailetako haurrek Kantu Kolore taldearen eskutik, ‘Far west’ dantzaldiarekin gozatzeko aukera izango dute Bermeoko Kafe Antzokian goizeko 10:15ean. Bestalde, LHko 3. eta 4.mailetako neska-mutilentzat goizeko 10:00etatik aurrera umeentzako parkea egongo da Lameran, eta bertan ‘basket bunge, indiar txirrista, ipotxa, zezen mugikorra, pista amerikarra, giza futbolina eta rokodromoa egongo dira, besteak beste. Euria balitz, Artza frontoira lekualdatuko dira puzgarri batzuk.
LHko 5. eta 6.mailetako gazteek ‘Zirika Zirkus’ taldearen eskutik, ‘Tren geltokia’ zirko ikuskizunarekin ondo pasatzeko aukera izango dute goizeko 10:15ean San Frantzisko Herri ikastetxean.
Ondoren, hainbat mailatako ikasleak batuko dira 12:00etan guztiak bitsarekin ondo pasatzeko. Horregatik, umeei bainujantzia ekartzea gomendatzen zaie. Baina jaia ez da goizean amaituko. Izan ere, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara umeentzako parkea egongo da Lameran.
Aingeru Astuik egun “polita” izango dela nabarmendu du, eta nagusi, ume eta gaztetxoak jai horretan mahoiez jantzita parte hartzera animatu ditu.
010 (94 617 91 00)